Aitor Garmendia 13 aldiz igo da Txindokira, 24 orduan

Ataria 2018ko urriaren 1a

Argazkia: Goierriko Hitza

Aitor Garmendia beasaindarrak errekorra jarri du: 24 orduko epean, 13 igoera-jaitsiera egin ditu Txindokin. 23 ordu eta 12 minutu behar izan ditu, hain zuzen.

Larunbatean 18:00etan hasi zuen proba Garmendiak, Larraitzen, eta 23 ordu eta 12 minuturen ondoren eman zuen amaitutzat proba, leku berean. Guztira 13 igoera eta jaitsiera egin ditu.

Horrenbestez, marka berria jarri du beasaindarrak. Aurreko errekorra, Patxi Caminos abaltzisketarrak ezarria zen, zortzi urte lehenago, 2010ean. Orduan, Caminosek 13 alditan igo zuen Txindoki, baina hamabitan jaitsi.

Jende ugari bildu zen atzo arratsaldean Larraitzen, azken metroetan babesa azaltzeko. Lortutakoarekin pozik zegoen beasaindarra: «Uste baino errazago egin dut. Eguraldia ere alde izan dut, eta erritmoa topatu dudanean erraza izan da. Amaieran ahultasun apur bat sentitu dut baina buelta eman diot. Azken itzulia gozatuz egin dut».

Goierriko Hitzak egindako bideo-laburpena:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!