Soinu irakurleak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 30a, 10:26

Edozein arratsalde da kalean, eta erosketak egiten bezainbeste jende dabil paseoan. Betiko izkinan dago saxofoi jotzailea eta zuk, zuk ezin diozu pausoari eutsi: haren erritmora ibiltzera kondenatuta zaude. Kaletar askori gertatuko zitzaien antzeko zerbait, erritmoz kanpo ibiltzea deseroso zaielako.

Gutxi batzuk, ordea, saxofoi jotzailea dagoen izkina horretatik pasaz gero, pentagrama bat irudikatuko lukete buruan, doinuaren nota bakoitzari izena jarriz. Entzumen absolutua dute, eta soinu irakurleak dira.

Entzumen absolutua da, aurrez inolako erreferentziarik izan gabe, soinu bat nota musikal batekin identifikatzeko gaitasuna. Esaldi bakarreko azalpen hori aletu eta zabaldu egiten da, noski, kasuan kasuko berezitasunekin; entzumen absolutuaren gaitasuna jakin-min pizgarri da, oraindik ere, zientziarentzat.

Gaiaren inguruan bilaketa azkar bat egin nahi duenari, Mozart, Chopin nahiz Beethovenen izenak erakutsiko dizkio, besteak beste, sareko informazioak. Konpositore handiez harago, ordea, Tolosaldetik irten gabe, bada eskala musikala memorian iltzatuta duen herritarrik; Miren Zeberio eta Maddi Aranaren kasua da. Biolin jotzaileak dira biak, tolosarra bata, eta Tolosan bizi den gasteiztarra bestea, eta gaitasun hori noiztik ote duten galdetutakoan, berbera izan da bien erantzuna: «Ez dakit».

«Hiru urte bete baino lehen hasi nintzen biolina ikasten, amak izena eman baitzidan klaseetan», azaldu du Zeberiok. Eta Arana ere goiztiar hasi zen: «Oso txikitan hasi nintzen musika ikasten. Bizilagunak biolina jotzen zuen, eta hura entzunda nik ere gauza bera egin nahi nuen; urtebetez aritu omen nintzen biolina eskatzen, eta 4 urterekin hasi nintzen».

Hara hor, entzumen absolutuaren misterioa argitzeko muturretako bat: musikarekin harreman goiztiarra. Zenbait ikerketaren arabera, entzumen absolutua duten pertsonen %90 4 urte bete baino lehen hasi ziren musika ikasketetan; 4 urtetik 12ra instrumenturen bat jotzen hasitako entzumen absolutudunak, berriz, %6 baino ez dira. Aipatzekoa da, jaiotzez itsuak diren pertsonengan, autismoa dutenengan eta Williams sindromea dutenengan ohikoagoa dela entzumen absolutuaren gaitasuna.

Mendebaldeko eskala musikalaren notak identifikatzeko gaitasuna normaltasun osoz bizi dute Miren Zeberiok eta Maddi Aranak, nahiz eta AEBetako estatistikek honakoa baieztatu: 10.000 pertsonatik 1ek duela gaitasuna. «Egia esan, ez dakit zenbateraino dudan entzumen absolutua ere. Batzuetan errazago identifikatzen ditut soinuak eta, beste batzuetan, gehixeago kostatzen zait. Baina niretzat ez da aparteko ezer, kontu normala da», dio Miren Zeberiok.



Herritar askorentzat, baina, deigarriak suerta daitezke honako abileziak: mendebaldeko eskalako notak erreferentziarik gabe identifikatzea edo/eta kantatzea; abesti baten tonalitatea asmatzea; etxeko edo kaleko soinuen notak esatea; aurrez sekula jo gabeko kantu bat bikain jotzea, partitura irakurri beharrik izan gabe; eta, azkenik, batera jotako 3, 4 nahiz 5 nota identifikatzea, akordeetan.

Harvard-eko musikaren hiztegiak ere ohartarazten du, entzumen absolutua duten pertsona guztiek ez dituztela trebetasun berberak eta, horrenbestez, badirela nolabaiteko mailak: pertsona batzuk, soinu bat eta nota musikal bat lotzeaz gain, gai dira soinu hori dagokion oktaban kokatzeko. Eta, bide horretan, soinuaren jatorriak ere zeresan handia du: soinu garbiak identifikatzea zailagoa da, eta instrumentuen ezaugarri propioak lagungarriak dira, notak identifikatzeko.

Bai, behintzat, Maddi Aranaren eta Miren Zeberioren kasuan: biek diote, biolinaren esparrutik gertuko soinuak direla, argien asmatzen dituztenak. Maddi Arana: «Nabaritzen dut askoz ere garatuago ditudala hots agudoak, grabeak baino; adibidez, kontrabaxu baten notarik baxuena identifikatzea zailagoa egiten zait, nire biolinaren hotsaren esparrutik oso urrun dagoelako. Pop abeslari baten ahotsa entzuten dudanean ere, asko pentsatu beharra daukat kantuaren notak ateratzeko, baina, kontrara, bere bandaren musika tresnen notak pentsatu gabe etortzen zaizkit».

Miren Zeberiok ere, lau soka horien soinuari egin dio erreferentzia: «Biolineko Mi-La-Re-Sol notak identifikatzea oso-oso erraza zait. Soka horiek, gainera, soinu bat dute zapalduta daudenean, eta beste bat airean daudenean, eta soinu horiek guztiak iltzatuta ditut memorian», dio.

Haurtzaroaz geroztik bidelagun izan duten instrumentuaz harago, bi biolin jotzaileak gai dira akordeak identifikatzeko ere: batera jotako 3 nota edo gehiago, armonia unitate bat sortzeko. Miren Zeberiok diok ezin dituela akorde guzti-guztiak asmatu, «ezta gutxiago ere». Maddi Aranak, berriz, nolabaiteko teknika propioa du, akordeetako notak zein diren jakiteko: «Lehenengo notatik hasita identifikatzen ditut, hurrenkera horretan. Gero, nota horien arabera, badakit zein akorde mota den».

Gaitasun berezi horren jabe izateak erraztasun zenbait eskaintzen dizkie, sarri, musikari profesional gisa. Baina entzumen absolutuak badu aurpegi, nolabait, xelebreago bat ere: soinu musikalekin nola, etxeko eta kaleko soinuekin ere berdin identifikatzen dituzte notak, izan edalontzi bat koilararen kontra, edo izan kamioi baten klaxona.

Eztabaida eternala: geneak ala praktika

Epe luzerako memorian eskala musikal bat dute, entzumen absolutua duten pertsonek. Baina, nola gorde dute informazio hori? Entzumen absolutuaren inguruko ikerketak duela mende bete hasi ziren, eta haren jatorriak pizten du, oraindik ere, jakin-minik handiena: entzumen absolutua, genetikoa ala ikasia?

«Ez daukat oso argi entzumen absolutua lanaren bitartez eskuratu ote daitekeen, edo karga genetikoa bakarrik duen», dio Maddi Aranak. Miren Zeberiok, berriz, nahiko argi du bere erantzuna: «Inolako erreferentziarik gabe nota bat ezagutzea ez da genetikoa. Genetikoki erraztasun bat izan dezakezu, bai, baina, gauza guztiekin bezala, garatu egin behar da. Ohiturarekin lotzen dut nik, askotan egiten duzun zerbait identifikatzearekin. Nekazari askok jakingo dute, tomate bat ikusi orduko, zein egoera edo fasetan dagoen, eta Siberiako ehiztari batek zuriaren tonalitateak bereizi ahal izango ditu».

Gaur egun, oraindik, argitu gabeko kontua da gaitasun berezi horren jatorriarena eta, beti musikaren unibertsoarekin lotu izan den arren, aditu askok diote harreman handiagoa duela memoriarekin eta hizkuntza jabekuntzarekin, belarri musikalarekin baino. Burmuineko funtzioetara joz, soinu frekuentzien prozesatze neuronala eskuinaldeko erdian gertatzen da. Ordea, burmuinaren ezkerraldeak jartzen ditu martxan hizkuntzari loturiko kontuak eta, horrenbestez, alde hori litzateke notei izena jartzeaz arduratzen dena.



Horrek azalduko luke, besteak beste, hezkuntza musikala haurtzaroan jasotzen hasten direnen artean, entzumen absolutu gehiago izatea. Izan ere, zenbait psikologoren iritziz, gizaki guztiek dute, jaiotzean, nota musikalak memorian gordetzeko gaitasuna; ordea, tonuen prozesatze zehatz hori beharrezko ez izanda, gaitasun hori garatzeko aukera galdu egiten da kasu gehienetan.

Finean, hizkuntza bat ikastearen parekoa litzateke, mendebaldeko eskalako notak identifikatzea. Eta, hain justu, ama hizkuntza bat edo beste izateak, aldatu egiten du entzumen absolutua garatzeko aukera: AEBetako proportzioak 1/10.000 dira, baina, Asia Ekialdeko haurrekin egindako ikerketek datu hori aldatu, eta entzumen absolutuaren kasu kopurua igo egin dute. Munduko txoko hartan, hizkuntza eta dialekto asko tonalak dira esaterako, vietnamera, mandarina eta kantonera, eta tonuek hitzen esanahia aldatzen dute. Alegia, euskarazko bai hitza Do edo La tonalitatearekin ahoskatzeak, hitzari zentzua aldatuko balio bezala.

Horrenbestez, oso posible da entzumen absolutua konbinaziotik sortutako ahalmena izatea, eta faktore genetikoak, hezkuntza goiztiarra, hizkuntza eta kultura pisuzko eragile izatea.

Zer da musika?

Galdera erretoriko hori egin du, elkarrizketan barrena, Miren Zeberiok: «Musika musika da, musika da edozein gauza, mundu guztiko edozein adierazpen. Baina beti mugatu egin nahi izaten dugu dena, munduko gauza guztiei azalpena bilatu. Eta, noski, mendebaldekook, horretan ere, pentsatzen dugu punta-puntan gabiltzala, baina ez da horrela».

Eskala musikalen harira bota du iritzi hori. Oro har, eskala da, baxuenetik altuenera ordenean jarritako nota multzoa. Eskala diatonikoa edo mendebaldekoa da ezagunena eta, askorentzat, naturalena: Do, Re, Mi, Fa, Sol, La, Si eta Do notek osaturiko oktaba, alegia. Nota horien guztien arteko tartea tonua da, eta mendebaldeko musikak tonu erdiak ere bereizten ditu, eskala kromatikoa osatuz: guztira, 12 tonu erdi.

«Munduko beste zenbait txokotan, ordea, Indian edo Iranen, adibidez, tonu laurdenak-eta bereizten dituzte beren eskaletan. Guretzat, hasieran, ulergaitza zen hori. Entzun genuen lehen aldian, afinazioz kanpo ari zirela zirudien. Baina, jotzearen jotzeaz, ohitu egiten zara, eta belarriak ikasi egiten du; ñabardurak dira, eta hori entzutera ohitua ez baldin bazaude, hasieran ez zara gai tarteko hots horiek notatzat hartzeko», azaldu du Miren Zeberiok.

Belarri musikalaren eta eskala motekin batera, gainera, afinazioa ere sartzen da jokoan, Iñaki Zalakainek azaldu duen moduan. billabonatarrak urteak daramatza Loatzo musika eskolan irakasle, eta aditua da pedagogia musikalean eta musikoterapian: «Gaur egungo afinazioa 440 hertziotan egiten da, baina, Bigarren Mundu Gerraren aurretik, 432 hertziotara afinatzen zuten guztia. Militar alemaniar bat konturatu zen, musikak sentimendu asko pizten zizkiela bere soldaduei, eta berak jende hotza behar zuen. Horrela, konturatu zen hertzio horiek aldatuz gero, belarriak 8 edo 10 parametro entzuteari uzten diola. Orduz geroztik, 440ra afinatzen dugu guztia, eta belarriak gaitasun pixka bat galtzen du», dio.

Anekdota moduan kontaturiko hori «eztanda» eta «paranoia» bilakatzen da, entzumen absolutua duten musikarien buruetan. «Badira talde historizistak, musika tresnak garai hartako afinazio sistemaren arabera afinatzen dituztenak, 432 hertziotara. Askotan jo izan dugu horrelako taldeekin, elizatan, eta orkestra organoarekin afinatu behar izaten da. Burua lehertzear izaten dut horrelakoetan: nota batzuk jotzen ari naiz, baina beste batzuk entzuten ditut», dio barre artean.

Telepatia moduko batez, Miren Zeberiok ere gauza berbera erantzun du: «Beti biolin modernoa jo izan dut eta, musika barrokoa jotzen hasi nintzenean, afinazioa aldatu zitzaidan. Bada, paranoia moduko bat izan zen niretzat: lehen La zena, orain ez da La, barrokoko afinazioa tonu erdi bat baxuagoa baita».

Bi biolin jotzaileek, horrenbestez, argi dute entzumen absolutua gainbaloratutako ahalmena dela: «Musikari batentzat entzumen erabilgarriena erlatiboa da, entzuteko era momentuko errealitatera moldatzen baita segituan».

Entzumen erlatiboa, intuitiboena

Erreferentzia bat emanda, eskalako gainerako notak ondorioztatzeko ahalmena da, oinarri-oinarrian, entzumen erlatiboa; musikari ia denek dute trebetasun hori. Baina, musikarako gaitasuna jaio egiten da, ala ikasi? «Nik uste dut bietatik duela pixka bat. Haur batzuk jaiotzen dira dohain horrekin, oso belarri finarekin. Beste batzuek, berriz heziketaren bidez, belarria hezten dute. Nik klasean izan ditut haur monotonoak, hau da, entonatzeko ahalmenik ez zutenak. Eta, lanaren bitartez, abesbatzetan-eta oso ondo abesten amaitu izan dute», azaldu du Iñaki Zalakainek.

Berezkoari ere eragin egin behar zaio, zalantzarik ez da. Belarria ere gihar bat baita, Maddi Aranaren ustez: «Egun batzuetan biziago izaten da entzumena, korri egitera joaten garenean bezala». Eta, giharrak bezalaxe, belarria ere ohitu egiten da esfortzu berrietara: «Hasieran soinu arraroak eta afinazioz kanpoko hotsak iruditzen zitzaizkidan Indiako eta Irango eskala horiek, eta orain ikasi dut horiek jotzen eta entzuten. Argi daukat hori ikasi egiten dela», dio Miren Zeberiok.

Baina, ba al da adin tarte egokirik, belarria musikarekin dantzan jarri ahal izateko? Iñaki Zalakinek haurdunaldiraino bota du begirada: «Garrantzitsua da, oso, haurra amaren sabelean dagoenean, haurrari abestea, transmisio hori gertatzea. Jaiotzerakoan, ikusi aurretik, entzun egiten dugu eta, heriotza iristen denean ere, entzumena omen da azkena galtzen den zentzumena». Emaztea haurdun zegoela, etxean bertan frogatu zuen, Zalakainek, musika zer nolako estimulua izan daitekeen jaiotzear den haurrarentzat.

Bederatzi hilabeteko ziklo horren ondoren, dena den, transmisioari eustearen garrantziaz aritu da aditua: «Musikaren transmisioa galtzen ari da, gero eta gutxiago abesten diegulako haurrei. Nik klaseetan ikusten dut, haurrek gero eta okerrago entonatzen dutela, eta gero eta erregistro baxuagoa dutela: 15 urtean, haurren erregistroa hiru tonu jaitsi da. Transmisioagatik, bai, baina baita beste zenbait konturengatik ere: soinu poluzioa dago, beren artean ez dute errespeturik eta guztiek batera hitz egiten dute,... Horrek guztiak ere aldatzen du ahotsa».

Genetikaren kapritxoengan bezainbesteko fedea du, Iñaki Zalakainek, hezkuntza musikalean, eta dio, ez dagoela belarri txarra duen pertsonarik: «Baizik eta ondo entzuten duen hori, ondo abesteko gai ez den jendea». Teknikak teknika, beraz, mezu argia bota du: «Gurasoek seme-alabei abestutakoak ez dira kantu soilak: musikarekin batera, sentimenduak transmititzen zaizkie. Beraz, kantatu, kantatu eta kantatu haurrei».

 

GLOSARIOA

ESKALA: Soinu edo nota musikalen errenkada ordenatua, muga jakin batzuen barruan. Soinu kopuruaren arabera, hainbat dira eskala motak: pentatonikoak (bost nota), hexatonoak (sei), diatonikoak (zazpi) eta kromatikoak (hamabi).

OKTABA: Oktaba musikal deitzen zaio, bi notaren arteko zortzi graduko tarteari.

AKORDE: Hiru nota edo gehiago momentu berean jotzea, unitate armoniko bat sortuz.

PENTAGRAMA: Bost lerro horizontalek osatutako taldea da. Bertan idazten dira notak, eta gainerako zeinu musikalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!