Euskaraldiari begira jarri dira Galtzakomik lehiaketan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 27a, 14:19

Idoia Lahidalga eta Tomas Ugaldebere.

Galtzaundik eta Ibarrako Udalak ireki dute jada, XI. Galtzakomik lehiaketan parte hartzeko epea. Aurten Euskaraldiari egin behar zaio keinu.

Hamaikagarrena izanda, ezin zuen bestela izan, eta aurtengo Galtzakomik lehiaketak Euskaraldia izango du ardatz. «Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialari egin beharko zaio keinu», esan du aurkezpenean Galtzaundiko Idoia Lahidalgak. «Gure hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko balioko du Euskaraldiak, Belarriprest eta Ahobizi figuren bidez, eta horri lotu nahi dugu Galtzakomik», gaineratu du.

Parte hartzaileek «inspirazio iturri» bezala Euskaraldiaren bueltan sortzen ari diren irudi zein bideoak hartu daitezkeela esan du –ataria.eus eta galtzaundi.eus webgunean edota Euskaraldiaren youtubeko kanalean ikusi daitezke– edota Euskaraldiaren Aukeratu rola kanta bera ere.

Lanak azaroaren 19a bitarte bidali daitezke Galtzaundiren Tolosako egoitzara (Nafarroa etorbidea, 6), «bai bertaratuz, edota posta arruntez bidalita», esan du Tomas Ugaldebere Ibarrako Euskara teknikariak. Sari banaketa azaroaren 30ean izango da, 19:00etan Ibarrako kultur etxean, eta aurtengoan, iaz bezala, ekitaldi berezia izango dela aurreratu du. Sari banaketa eta gero, horiekin guztiekin osatutako erakusketa irekiko dute, abenduaren 14a bitarte. Iaz Euskal Herri osotik bidalitako 150 bat lan jaso zituzten.

Sariak
Egile bakoitzak sari bakarra eskuratu ahal izango du eta adituek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu irabazleak. Istorioaren zuzentasuna eta ulermena; marrazkiaren bizitasuna eta originaltasuna; idazmena; eta marrazketarako erabili den materiala zein teknika hartuko dituzte kontuan. Lan guztiak euskaraz beharko dute izan, Galtzakomiken helburua euskarazko komikigintza sustatzea baita. Hori dela eta, ez dute komiki muturik onartuko. Gaia librea da, nahiz eta Euskaraldiari egin behar zaion keinu, eta ez dute onartuko eduki sexista edo arrazista duen komikirik edo dena delako arloan intolerantziazko jokabiderik eragin dezakeenik.

Sariak hiru multzotan banatuta emango dituztela argitu du Ugaldeberek; 12 urtetik beherakoak, 13 eta 16 urte artekoak, eta 17 urtetik gorakoak. «Sari nagusia 700 eurokoa izango da, baina horretaz gain beste sari batzuk daude Galtzakomik babesten duten eragile eta denden eskutik».

Era berean, Mahala baserriko produktuak zozkatutako dituzte sari banaketara gerturatzen direnen eta sarituak izaten ez diren parte hartzaileen artean.

Baldintzak

  • Lanak non eta noiz aurkeztu. Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan (Nafarroa etorbidea, 6. zenbakia, Tolosa), azaroaren 19a bitarte. Korreosen egun horretan aurkeztutako gutunak ere onartuko dituzte. Erakusketa ere jarriko dute abenduaren 14a bitarte, eta behin bukatuta sarituak izan ez diren lanak jaso ahal izango dira, 30 eguneko epean. Ez badira jasotzen, Galtzaundiren artxibora pasako dira.
  • Nola aurkeztu. Komikian ezin da autorearen izenik jarri, gutun-azalean aurkeztuko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak beste gutun-azal batean aurkezuko dira, lanaren izenburu berarekin. Bigarren gutun-azala lehenengoan sartu behar da.

Sariak

12 urtetik behera

  • 1. saria. 100 euro eta komiki bilduma.
  • 2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
  • 5 aipamen. Komiki bilduma bana.
  • Ibarrako komikirik onena. Opari txekea eta komiki bilduma.
  • Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

13 eta 16 urte bitarte

  • 1. saria. 200 euro, marrazketarako materiala eta komiki bilduma.
  • 2. saria. 100 euro eta komiki bilduma.
  • 2 aipamen. Komiki bilduma bana.
  • Ibarrako komikirik onena. Opari txekea eta komiki bilduma.
  • Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

17 urtetik gora

  • 1. saria. 700 euro eta Danon Txokoan bi lagunentzako afaria.
  • 2. saria. 300 euro eta Karlatzen bi lagunentzako afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!