Oilo ipurdiaz gogoratzeko moduko traineru denboraldia

Asier Imaz 2018ko irailaren 27a

Pasaiko bandera eta Kontxan lehiatzea lortu ditu Tolosaldeak bere lehen denboraldian; Olatz Artola TAK-eko kideak balantze positiboa egin du.

Traineru denboraldia amaitu da. Tolosaldeak ETE Ligako bandera batekin eta Kontxako esperientziarekin amaitu du. Balantzea egiterako garaian, Tolosaldeko Arraun Klubeko kideak oso gustura agertu dira: «Balantzea bera egiteko aukera izatea positiboa da. Trainerua uretara ateratzea zen lehen helburua, eta hori lortu dugu. Ondoren, helburu berriak gehitzen joan gara, gure amets hori egia bihurtzea lortu dugulako».

Denboraldia Euskotren Ligarako sailkapen estropadekin hasi zen. Tolosaldeak ez zuen lehen lauren artean sailkatzerik lortu, beraz, ETE Ligan aritu da bere lehen denboraldi honetan. Olatz Artola TAK-eko kidearen esanetan hasieratik horren jakitun ziren: «Lehen mailan aritzea ez zen helburua, nahiz eta aukera hori izanez gero ez genuen atzera egingo. ETE Liga guretzat egokia zen, oinak lurrean jartzeko eta traineru mundua ezagutzeko».

Hasierako paladetatik hartu zieten neurria estropadei eskualdekoek; Pasaian trapua ere irabazi zuten: «Banderaz gain, beste estropadetan ere lehiakide zuzenak izatea lortu genuen, hortzak erakutsiz. Beti puntan ibiltze hori oso positiboa izan zen. Horrek sortu zuen ilusio puntuarekin, Kontxarako sailkatzea jada ez zen ezinezko zerbait», azaltzen du Artolak.

Eta horrela izan zen, Tolosaldea iraileko lehen bi igandetan Donostiako uretan izan zen. TAK-eko kideak oilo ipurdiarekin gogoratzen du oraindik: «Ikaragarria izan zen. Gauza asko gertatu behar ziren gu bertan sartzeko, eta zorionez edo egindako lanari esker, sailkatzea lortu genuen. Denboraldi hasieran burutik pasa ere ez zitzaigun egiten lehen denboraldian Kontxan egotea. Guretzat lehorretik bizitzea oso berezia izan baldin bazen pentsa arraunlarientzat nolako esperientzia izan zen».

Aurrera begira Tolosaldearen izenak traineruan jarraituko du. Hori ere beste lorpen bat izan da. Honela azaltzen du Olatz Artolak: «Gure etxetxoa Tolosan baldin badago ere, arraunlariak eskualdeko herri ia guztietakoak dira. Ez traineruan bakarrik, baita bateletan ere. Gure trainerua Tolosaldea da, izenaz gain izana ere horrela delako. Eskualdeko 28 udalek diruz lagundutako proiektu bat da eta herri horietako arraunlariek osatzen dute tripulazioa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!