«Euskarak behar gaituelako ari gara ikasten»

I. Terradillos-R. Calvo 2018ko ira. 27a, 08:00

Rocio Basterra del Vall Iturria irakaslea eta hiru ikasleak izan ziren 'Ataria' bisitatzen.

Patagoniako hiru euskara ikasle etorri dira irakaslearekin batera, «euskara bidaia» batean.

Analia Vassolo Etxeto, Belen Andrieu Gonzalo, Pablo Calabrese Donadi eta Rocio Basterra del Vall Iturria argentinarrak egon berri dira Euskal Herrian «euskara bidaia» batean. Lazkaoko Maizpide barnetegian egon ziren bi astez, baina ez hor bakarrik, Ibarrako etxebizitza batean egoteko aukera ere izan baitzuten. Jada itzuli dira Patagoniara, baina bidaiak euskaran eta euskal kulturan sakontzeko aukera eman diela esan diote ATARIA IRRATIAri, sorterrira itzuli baino lehen.

Bidaia ez da izan hiru ikasleek euskararekin izandako lehen harremana, Patagoniako Viedna herriko Euskal Etxean ere euskara ikasleak baitira. Rocio Basterra del Vall Iturria da irakaslea, eta Euskal Herriarekin eta euskararekin lotu dioten beste hainbat proiekturen artean dago ETBko Yes we jai saioa. Aurkezle lanak egin zituen bertan.

Irakasleak esan duenez, Patagonian astean bi orduz aritzen dira euskara ikasten, baina hori ez da nahikoa, «gehiago nahi dutelako, batez ere».

Irakasleak argitu duenez azaroan hasi zuten «ametsa»: «Nik beti izan dut buruan nire ikasle batzuekin Euskal Herria ezagutzea. Euskara bidaia egin nahi nuen eta ez turismo bidaia bat. Euskara bizitzea da helburua. Jende asko etortzen da turismoa egitera eta oso ondo dago, baina gero guregana itzultzen dira eta esaten dute kalean entzundako gauza bakarra 'agur' izan dela. Horrek kristoren mina ematen du. Hori dela eta, bururatu zitzaidan euskara bidaia egitea, euskal inguruetan egotea, eta horretarako Tolosaldea baino hoberik ez dago. Gure lagun bat Argentinan egon zen, Xabier Lasa, eta gure asmoen berri izatean, bere etxea, Ibarran dagoena, eskaini zigun. Bestela egonaldia garestia ateratzen zitzaigun. Izugarri erraztu digu guztia».

HIRU ASTEZ

Hiru astez egon dira Euskal Herrian eta «zoragarria» izan dela esan dute. Baina zergatik ari dira euskara ikasten? Euskal Herritik hara joandako arbasoren batengatik izaten da ohikoena, jatorrian egon ohi da gakoa, alegia, baina beti ez dela horrela esan du irakasleak.

Ibarran eta Lazkaon egondako ikasleetako bik abizenen artean euskaldunak zituztela ikustean animatu ziren euskara ikastera. Belen Andrieu Gonzalok esaterako bere amona ordiziarra zela eta «neskatxo politte» esaten ziola gogoratu du, hunkituta. Baina arbaso euskaldunak dituztenak bakarrik ez, bestelako arrazoiak dituztenak ere badaude, eta horietako bat da Pablo Calabrese Donadi. «Nik ez ditut euskal sustraiak, baina hizkuntzak ditut gustuko. Egun batean Argentinako Todos Tus Muertos taldeak egindako Negu Gorriaken Lehenbiziko bala abestia entzun nuen, eta 'zer da hau?' pentsatu nuen. Egunkarian euskara eskolak jasotzeko aukera bazegoela ikusi nuen, eta animatu egin nintzen».

AMONAK HARTU ZUEN LEKUKOA

Arrazoi askotarikoak beraz, euskara ikasi eta euskarara gerturatzeko, baina egia da aitona-amonen eragina oso nabarmena dela Argentinako euskara ikasleen artean. Irakaslearen beraren kasua da hori. 2002an hasi zen euskara ikasten. Amona argentinarra zen, baina aitona nafarra zen, nahiz eta ez zekien euskaraz. Datu horiek ezagututa euskara eta euskal kulturara aitonak bultzatuta iritsi zela pentsatu daiteke, baina berea, historia bitxia da. «Aitonak ez zekien euskaraz eta guk ez genuen ezagutu. Hitz batzuk eta kanta batzuk besterik ez zituen egiten euskaraz. Aitona umezurtz geratu zen eta lau anai-arreba geratu ziren. Laurak 16 urterekin eta 40 kiloko maletarekin iritsi ziren Argentinara. Guztia utzi zuten eta Argentinara joan ziren. Aitona izugarrizko herrimina zuen gizona zen, baina ez zuen Euskal Herrira itzuli nahi, azkenean amonak konbentzitu zuen bisita egiteko, baina bihotzekoak eman eta hil zen, eta ezin izan zuen bueltatu. Hori eta gero amona etorri zen Euskal Herrira eta hortik aurrera amonak hartu zuen aitonaren kultura zabaltzeko ardura. Amona oso aktibista izan zen eta herrian zabaldu zuen sentimendu hori. Gabonetako oparietan 'Zorionak' jartzen zigun eta familia biltzen ginenean kanta euskaldunak abesten genituen. Txikia nintzenean euskalduna sentitzeko aukera bakarra zegoen eta zen herriko kalejiratan amonak egindako euskal arropekin ateratzea. Buruhauste ugari izaten genituen, izan ere, amona Buenos Airesera joaten zen ikurrina bila, eta etortzen zen esanez gure aberria hori zela, baina garai hartarako administrazioak zioen Espainiako bandera atzean joan behar genuela, eta amonak ez zuen nahi, esaten zuen beste aberri bat ginela eta ulertu behar zela. Behin baino gehiagotan geratu ginen euskal jantziarekin desfilatu ezinik, amonak ez zigulako uzten ateratzen ikurrinaren atzean ez bazen. Orduan ez genuen ulertzen, baina orain bai, amonaren borroka izan zen».

TALKA

Taldea oso pozik dago bidaian euskaraz bizitzeko aukera izan dutelako, baina bada «oso gogorra» egin zaien zerbait. «Talka da Argentinan, euskara lehenagotik ezagutu gabe, euskaraz ikasi nahi izatea, eta Euskal Herrian jende askok euskara ikasi nahi ez izatea. Oso gogorra da Donostiara joan eta bertan euskara gutxi entzutea. Tolosaldean euskara asko entzun dugu, baina ez hirian», esan dute.

«Euskaraz saiatzen gara, euskarak behar gaituelako. Nortasun hori ezin da galdu, zer da euskaldun bat, euskara gabe? Niretzat euskara gizateriaren ondarea da eta zaindu behar da», esan du irakasleak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!