Enirio-Aralar

Aralar mendilerroari buruz egin den lanik «ikusgarriena eta osoena» aurkeztu dute

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 26a, 12:53

Aralar, mundua leku den lurra dokumentala aurkeztu dute On Produkzioak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak, "bertako ondare natural eta kulturala bere osotasunean" ezagutzera emateko.

"Aralarrek ez du ezer banatzen; Aralarrek lotu egiten du" esaldiak laburtzen du dokumentalaren egileen lana: "Leku honek duen aparteko balioa gizarteratzeko nahia mendi honi diogun miresmen eta maitasunetik sortu da eta zalantzarik gabe, orain arte ikus-entzunezkoen alorrean Aralar mendiaz egin den lanik ikusgarri eta osoena da".

Proiektuak "hain ezagun eta aldi berean hain ezezagun zaigun" Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat dela diote egileek, "ikusleak bertako haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak deskubritzera gonbidatuko dituena". Mendi horren balio natural eta kulturalaz haratago doan "erreferentzialtasun izaerak" ere badu zeresanik filmean, "bere inguruko biztanleon imajinarioa elikatzen duen magiatik" ernatu dela baitiote. "Begirunez eta maitasunez" eginiko ekarpen bat da dokumentala, "Aralarrek balio natural amaigabe eta denon elkargune izaten jarraitu dezan".

Aralar, mundua leku den lurra ON Produkzioak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak elkarlanean eginiko filma da. Musika Pello Ramirezek egin du eta zuzendari taldea Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregik osatzen dute. Filmak bi ardatz nagusi izango ditu, adituen ekarpenak eta mundu oniriko bateko pasarteak tartekatuko dituena.

Alde batetik, aditu ezberdinek dagozkien alorrei buruzko azalpen teknikoak emango dituzte, hala nola, geologiaz eta uraz, fauna eta floraz, historiaurrea, historia hurbila eta balio immaterialaz eta kudeaketaz ariko dira. Hau guztia, "irudi ikusgarri eta musika paregabeaz" lagunduta. Bestetik, atal tekniko horiek lotu eta gidatuko dituen fikziozko istorio bat dago, ikuslea gogoetara eramango duten "irudi magiko eta balio poetiko handiko hitzez" osatua; Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek idatzitako "testu zoragarri" hori izango da "lan hau dokumental arrunt batetik ezberdindu eta kutsu berezia emango diona", esan dute egileek.

Proiektuaren garapenean zuzenean parte hartu dutenez gain, beste jende askoren laguntza jaso dute eta egileek "bere eskerrik beroenak" eman dizkiete horiei guztiei, "proiektuan sinesteagatik eta gugan jarritako konfiantzagatik". Bestalde, babesle nagusiei zein laguntza eman dieten erakundeei eskertu diete egindako ekarpena, "beraien laguntzarik gabe lan hau egitea ez baitzen posible izango".

Estreinaldia, urriaren 18an

Dokumentala kalitate handian produzitutako lana dela azaldu dute, eta horregatik zinema areto handietan eskainiko dira lehen emanaldiak. Filmaren estreinaldia Donostiako Principe zinema aretoetan izango da urriaren 18an eta ondorengo egunetan eta asteetan beste hainbat zinema eta aretotan ikusteko aukera izango da: Beasain, Ordizia, Iruña, Tolosa, Zumarraga, Bilbo, Hazparne, eta abar. Aurrera begira, herrietako antzoki nahiz areto txikietan ere ikusgai egongo da.

Horrez gain, digipack baten zuzeneko salmenta ere egingo da; honek, dokumentala (USB euskarrian) eta Pello Ramirezek espresuki dokumentalerako sortutako jatorrizko soinu bandaren CD bat bilduko ditu. Digipack hori Berria egunkariak kioskoan banatuko du eta zuzeneko emanaldietan ere eskuragarri egongo da.

Dokumentala "gizarteko kolektibo zabalari" zuzenduta dagoen arren, Aralarrekin nolabaiteko erlazioa duten pertsona guztiei filma ikusteko dei berezia egin diete egileek, tartean, mendizaleak, bertan lanean diharduten abeltzainak, ikerlariak, naturzaleak eta arduradun politikoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!