Larrartek eta Iribarrek domina ugari lortu dituzte

Asier Imaz 2018ko irailaren 25a

Larrarte, ezkerretik hasita bigarren, eta Iribar ezkerrean. Argazkia: RFEC

Espainiako Pistako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Valentzian. Eukene Larrartek lau domina lortu ditu; Unai Iribarrek, berriz, hiru.

Eukene Larrarte eta Unai Iribar eskualdeko txirrindulariek domina ugari lortu dituzte Espainaiko Pistako Txapelketan, Valentzian.

Eukene Larrarte tolosarrak lau domina ekarri ditu etxera. Horietatik hiru urrezkoak izan dira, eta laugarrena zilarra, taldekako abiadura proban, Helena Casas eta Maria Banlles katalanengandik 15 ehunenekora geratu ostean.

Txalogarria izan da nagusien mailan, Madisonean, lortu duen urrea, Tania Calvo arabarrarekin bikotea osatuz. Hain justu, Ogi Berri Gipuzkoako txirrindulari gasteiztarra izan da txapelketa hauetako izarra. Madison probako finala estua izan zen, 36 puntu eskuratu baitzituen Larrartek eta Calvok osatutako bikoteak, bigarren sailkatu ziren Ana Usabiagak eta Ziortza Isasik baino puntu bat gehiago.

Unai Iribar ibartarra, 23 urte azpikoen mailan, Espainiako txapeldun geratu da puntuaketa proban. Taldekako harrapaketa proban, Euskal Selekzioa bigarren izan zen, zilarrezko domina eskuratuz. Urko Senperena, Aitor Rey eta Ilart Zuazubiskarrekin osatu zuen taldea Iribarrek, eta txapeldunek (4:19.346) baino bi segundo gehiago behar izan zituzten. Horrez gain, Madisonean ibartarrak hirugarren amaitu zuen, Ilart Zuazubiskarrekin bikotea osatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!