Pottokarik ederrena, debarra

Mikel Iraola 2018ko irailaren 22a

Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak antolatuta, Pottoka arrazako zaldien lehen topaketa egin dute Tolosako Zezen plazan. Debako Bizkor izendatu dute 18 zaldien artean ederrena.

Zezenik ez, gaurkoan zaldiak izan dira ikusgai Tolosako zezen plazan. Gipuzkoa osotik etorritako pottoka arrazako 18 zaldi bildu dira I. Pottoka Topaketan. Tartean, Tolosaldeko hiru: Belauntzako Iramendi baserriko Anboto, Orexako Sarregi Baserriko Eder, eta Zizurkilgo Burrusti baserriko Gar.

Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak antolatu du, lehen aldiz, topaketa hau, Euskal Herriko zaldi arraza zaharrenaren ezaugarriak eta pottoken jabeek egiten duten lana ezagutzera emateko asmotan.

«Duela milaka urtetako zaldien erregistroak daude eta Euskal Herrian ezagutzen den zaharrena pottokena da. Gaur egun 30 bat daude Gipuzkoan, zertxobait gehiago Euskal Herrian, eta gure elkartea arraza hau berreskuratzeko eta bere ezaugarriak lau haizetara zabaltzeko lanean ari da», argitu du Aitor Iraeta, Gipuzkoako Pottokazalen Elkarteko lehendakari den zaldibiarrak.

Hori ez ezik, administrazio kontuetan laguntza eman eta pottokentzako ere merkatu bat bilatzen ahalegintzen da elkartea. Hain zuzen, Iraetak azaldu duenez, garañoen katalogo bat egin asmo dute merkatu berriak bilatzeko asmotan: «Hipikarako eta lursailak garbitzeko erabiltzen dira, gehienbat, pottokak. Orain nahi duguna da hemen dauden zaldiak katalogatu, bakoitzaren ezaugarriak zehaztuz».

Katalogo hori osatzeko lehen pausoa izan da gaurkoa. Hori dela eta, bi teknikari pottoka guztiak baloratzen aritu dira goiz osoan zehar. Hiru gauza izan dituzte kontutan puntuazioa ematerako garaian: itxura orokorra, mugimenduak eta erabilerarako gaitasuna.

Puntuaziorik altuena Debako Bizkor pottokarentzat izan da; bigarren, Mendaroko Landarregi baserriko Kalamaro izan da, eta hirugarren saria Leitzako Begibeltza zaldiari eman diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!