Familiak, bikoteak, lagun taldeak... jende ugari doa Herniora bidean, eta gora doazenak jada buelta egin duten goiztiarrenekin gurutzatzen ari dira bidean. Hernio Gipuzkoaren erdialdean dago, eta Tolosaldeko herri askotatik igo daiteke bertara; horietako batzuek bat egiten dute Zelatunen. Badira Tolosatik, Alkizatik, Asteasutik edo Errezildik, Bidanitik, Albizturtik, Asteasutik edo Larrauldik igotzen direnak. Zelatunen indarrak bildu eta Herniorako bidea hartzen dute batzuk, eta bada Zelatungo zelaian atseden hartzen gelditzen denik ere, giro ona aitzakiatzat hartuta. Hernialdetik datozenek Hernion bertan egiten dute topo mendizaleekin.
Tradizioari eta fedeari jarraituz
Herniora igotzeko bidea jendez lepo dago, eta mendizaleak astiro doaz gora. Azken metroak igo baino lehen, Hernioko gurutzearen azpialdean, geldialdia egin dute mendizale batzuk. Urtero-urtero moduan, bertan daude hutsik ere egin gabe gurutzeak, zintzarriak eta zintak saltzen dituzten Aintzane eta Iban Arozena errezildarrak. Beren aitona-amonak hasi zuten ohitura hori duela urte asko: «Aspaldi, bazen txabola bat leku honetatik gertu eta bertan egoten ziren gure aitona-amonak. Gure amak, Gloria Eskuderok, jarraitu zuen gero ohiturarekin, eta gu txiki-txikitatik etortzen ginen berarekin», kontatu du Aintzane Arozenak.
Gaur egun, zintak saltzen dituzten bakarrak dira, baina antzina baziren gehiago: «Badira 50 bat urte honetan hasi ginela. Lehen, hor dagoen txabola horretan ere saltzen zituzten, baita Zelatunen ere, baina gaur egun guk bakarrik jarraitzen dugu. Ea noiz arte jarraitzen dugun», azaldu du Aintzane Arozenak.
Iban Arozena 08:30ak aldera gerturatu da, eta bera Juan Inaxio Arozena Keixeta osabarekin hurbildu da Errezildik: «Osaba artzaina da, eta Hernioren magalean dauzka ardiak. Goizean etorri eta ardiak hemendik beheko larretara eramaten ditu, mendizaleen segurtasunagatik». Eguerdira arte egoten dira bertan: «14:30ak aldera arte egoten gara; eguerdian jende asko ibiltzen da, baina arratsaldean ez hainbeste».
Eguraldia lagun dute, eta aurreko asteburuetan baina jende gehiago hurbildu dela adierazi du Aintzane Arozenak: «Aurreko astean ez zen jende asko etorri. Nabaritu zen estropaden eragina, Zarautzeko Euskal Jaia ere bazen... Gaur giro ederra dago, eta jende ugari etorri da. Ikusiko dugu hurrengo bi asteburuetan zer gertatzen den».
Koloretako gurutzeak, egurrezkoak, zintak, zintzarriak.... denetik saltzen dute. «Gurutzeak erlijioarekin lotura zuzena dauka, eta lehen erlijioak pisu handiagoa zuen. Orain, ordea, etxean edo autoan oroigarri gisa jartzeko erosten dituzte», azaldu du Aintzanek.
Gauza jakina da erlijioak indarra galdu duela Euskal Herrian, baina oraindik ere fedea praktikatzeko lekua da Hernio. Iban eta Aintzane Arozena dauden lekutik gertu, burdinezko bost uztai daude lurrean. Etengabea da herritarren joan-etorria; batzuk bost uztaiak pasatzen dituzte gorputzeko atal guztietatik, eta beste batzuk uztai bakarretik igarotzen dira hiru aldiz. «Esaten da hezurrak indartzeko eta minak kentzeko balio dutela. Urte guztian hemen egoten dira herritarrak bertatik pasa daitezen».
Etengabea da herritarren joan-etorria: «Kitto, urte guztirako saneatuta!», oihukatu du emakume batek. «Seinalerik onena izango da hurrengo urtean ere hemen egotea», erantzun dio beste batek. Hala ere, gorputzak ez ezik, erositako zintak ere pasatzen dituzte uztaietatik: «Asko dira amonarentzat edo haurrarentzat oroigarri gisa erosten dutenak, eta beti esaten diet uztaietatik pasatzeko: zorte ona ekarriko die horrek», adierazi du Aintzane Arozenak.
Herritarren topaleku
Aspaldiko lagunak eta ezagunak ikusteko lekua ere bada Hernioko erromeria, eta zentzu horretan, ez du galdu hasierako funtzioa. Izan ere, betidanik egin izan da Hernioko erromeria; garai bateko idatzietan azaltzen denez, abuztuaren 29an gaur egun, San Joan Txiki eguna ospatzen da Hernion, meza egiten zuten Iturriotzeko San Juan Bautista ermitan, eta Zelatunera igotzen ziren ondoren trikitia hartuta. Saioaren ondoren, txabolen jabeek txapela pasatzen zuten, dantzan zebiltzanek borondatea eman zezaten, trikitilariei ordaindu ahal izateko.
Hain justu, abuztuaren 29a da Hernioko eguna berez, eta egun horretan izaten da lehen erromeria. Ondoren, iraileko igandeetan izaten dute segida. Gaur egun, Antonioren borda eta Agirretxeko borda daude Zelatunen, eta bien artean antolatzen dituzte igandeetako erromeriak. Borda horiek ez ezik, jendez beteta daude Zelatungo belardi eta arbol azpiak. Eskualdeko jende asko ikus daiteke bertan; herri batzuetan, deialdi irekiak ere egin dituzte elkarrekin joateko. Tartean dira Anoetako eta Berastegiko herritarrak.
Anoetarren kasuan, badira lau bat urte Anoetako Kirol Taldeak irteera antolatzen duena. Aurten, hamabi bat inguru etorri dira, eguraldia lagun: «09:00ak aldera abiatu gara Anoetatik. Hernialdera igo gara lehenengo, eta handik, Erniozabaletik barrena, Herniora», adierazi du Antton Azpiroz Anoetako Kirol Taldeko kideak. Bero handia izan arren, bide egokia izan dute: «Itzaletik etorri gara eta ondo, sargori izan arren».
Tradizioak dio Zelatungo erromerian ezinbestekoak direla sagardoa eta txorizo ogitartekoak, eta anoetarrek tradizio horri behintzat heldu diote. «Orain ondo gaude, ea nola jaisten garen; agian gogorragoa izango da jaitsiera», dio Azpirozek barrez. Motxilak heldu eta Alkiza aldera abiatu dira: «Hurrengo urtean berriz».
Berastegitik, berriz, 40 bat lagun etorri dira. Goizean goiz, adin guztietako herritarrak elkartu dira herriko plazan: «Batzuk Tolosatik etorri dira, Monteskutik barrena, eta beste batzuk, berriz, Iturrioztik», azaldu du Lierni Gartziarena berastegiarrak. Zelatunen elkartu dira denak: «Giro ederra dago, eta gustura etorri gara. Orain, dantza pixka bat egin, egon eta berriz ere buelta». Lurretik altxa eta erromerira batu dira.
Eguraldi ederra dago Zelatunen, eta trikitilaria eta pandero jotzailea ere giro ederra ari dira jartzen bertan. Irrintzi ozena bota du emakume batek, fandangoa hasteko seinalea emanez. Arin-arinak, kalejirak eta pasodobleak. Batzuk atseden hartzera, eta beste batzuk korrora bueltan; erromeriak ez du etenik. Herritarrek ez dute mendian behera jaisteko presa handirik, baina kostaldetik behe-lainoa sartzen ari da, eta badaezpada ere, beherantz joateko garaia iritsi da. Gaurkoz isildu dira trikiti doinuak, baina datozen bi igandeetan ere festa giroa izango da bertan; tradizioak eta festak bat eginez, Hernioren magalean. Zita jarrita dago.