Bueltan da '(H)ari naizela', bertsozale

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 19a, 12:02
Imanol Artola 'felix' da '(H)ari naizela'-ko ahotsa. I.U.

Imanol Artola 'felix'-ek gidatutako saioa gaurtik berriro entzungai izango da 'Ataria irratia'-n. «Normalean entzuten ez diren bertsolari horien plaza izanik».

Asteazken iluntzea du bertsozaleak ATARIA IRRATIA-n bere hitzordua. (H)ari naizela denboraldi berrian egun eta ordu berdinean emitituko da: asteazkenetan, 20:00etan eta errepikapena larunbatetan, 14:00etan. Gaurko saioa jada zirriborratuta dauka Imanol Artolak: «Lehen saio horretarako gonbidatua Ixiar Otamendi izango da, abaltzisketarra baina urte luzez Hernaniko bertso eskolan lanean aritutakoa». Horrekin batera, «udako bertsoaldiak» entzungai izango dira, «udan zehar grabatutakoak».

Astez aste mikrofono moreen aurrean protagonista ezberdinek euren bertso bizipenak kontatuko dituzte. Eta astez aste berritasun bat edo beste gehitzen joango da irrati gidaria, laguntzaile ezberdinak ondoan dituela: «Estilo aldaketa». Momentuz ezin gehiagi aurreratu. Hori bai, abendua bitarte bertsozaleak berriro ere bertso plaza irekia izango duela ATARIA- n baieztatzea besterik ez. 

Denboraldi berria lapikotik antenara salto egitea besterik ez da falta, eta Artolaren gomendioari jarraitzea, saioa entzutea, alegia. Zergatia? Horrela laburbiltzen du Artolak: «Normalean entzuten ez diren bertsolariak entzuteko aukera eskaintzen duelako, ingurukoak, hainbesteko oihartzuna eskaintzen ez zaizkien horiek eta ez besteak baino kaxkarragoak, gainera. Entzuleak, bere herriaren berri izango du, bere ingurua aipatuta entzungo du eta identifikatuta sentituko da».

(H)ari naizela irratsaioa ATARIA, Harituz Tolosaldeko bertsozale topagunearen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren arteko hitzarmen baten fruitua da. Eta horrela izaten jarraituko du denboraldi berrian ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!