Uganetarrak gehiago izan dira

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 15a, 13:39

Santuipeko eguna dute gaur Uganen eta eguerdian auzotarrak ikaztegietarren kontra aritu dira herri kiroletan. Gutxigatik baino uganetarrak gailendu dira jokoan.

Giro paregabea izan dute goizean Tolosako Ugane auzoan. Bertsolarien agurraren ostean herri kiroletan jardun dira bi taldetan banatuta. Uganeko taldetik trontzan aritu dira Andoni eta Patxi, harri jasotzen Jon eta lokotx biltzen Jone. Ikaztegieta ordezkatzen berriz, Jokin eta Unai aritu dira trontzan, Mattin harri jasotzen eta Anabelen lokotx biltzen.

Hiru buelta egin behar izan dituzte joko bakoitzean eta saio bat gehiago egin behar izan dute trontzan. Abantaila izan dute uganetarrek, Jokin eta Unai trontzan arituak direnez, zutika moztu behar izan dute enborra eta auzokoek berriz etzanda.

Lanak bukatzeko, 15 minutu 45 segundo behar izan dituzte uganetarrek, eta aurkariek berriz, minutu erdi exkax gehiago. Giro onean amaitu dituzte lanak eta auzo bazkariaren aurretik bertsolariak aritu dira kantuan. Ahobizi eta Belarriprest ere agertu dira jendartean. Arratsaldean mus txapelketa, ume jolasak, saskiaren zozketa eta toka txapelketa egingo dituzte. Auzo afariarekin amaituko da aurtengo Santuipeko festa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!