Enirio-Aralar Mankomunitateak uztailaren 30ean ezohiko batzar batera deitu zuen, eta han onartu zuten Enirio eta Igaratza arteko pistaren kontratazio plegua. Abaltzisketa (independentea), Altzaga (independentea), Amezketa (EH Bildu), Arama (independentea), Beasain (EAJ), Lazkao (EAJ) eta Ordiziako (EAJ) ordezkarien botoekin onartu zuten pistaren ezaugarriak. EH Bilduko Ikaztegieta, Itsasondo eta Zaldibiako ordezkariek eta Baliarraingo independenteak aurka bozkatu zuten. Ataun, Legorreta eta Orendaingo EH Bilduko ordezkariak ez ziren batzarrean izan; Ataungoa amaieran iritsi zen, eta Gaintzako independentea ere ez zen izan.
Enirio eta Igaratza arteko bideak 2,7 kilometrotako luzera du eta lehendik oinezkoen pasealeku bezala egokitu zen bidea, "abeltzainei beraien lana errazteko zein bestelako beharrei (larrialdiak, ikerketa, indusketa lanak,…) erantzuteko berregokituko" dela jakinarazi du mankomunitateak. Abuztua hasieran obra adjudikatzeko tramiteak hastea onartu zuen mankomunitateak, eta lanak egiteko enpresa bakarra aurkeztu da, Iturrioz Eraikuntzak, eta berari esleitu zaio. Enirio-Igaratza bidea Enirio-Aralarren legealdi honetan burutzen den bigarrengo pista lana izango da. Lehenengoa Intzentsao-Goroskintxu izan zen.
Legealdi honetan, "urteetako beharrari erantzuteko Aralarko pista proiektua mahai gainean jartzearekin batera, ordura arte ez bezalako gertakari tamalgarriak" izan direla azaldu dute mankomunitatetik: "Pistako obrako makinei sabotajea, mankomunitateko txabola bat erretzea, pankarta eta bideo iraingarriak, landaketak zapuztea, eta abar". Enirio-Igaratzako pista lanak zaintzeko zerbitzua kontratatu beharrean aurkitu dela esan du mankomunitateak, "aurrekari guzti horiek medio eta eraso hauek berriro errepikatuko diren kezkaz". Bide batez, Jose Miguel Santamaria mankomunitateko lehendakariak "demokratikoki, dagokion ordezkaritza mahaian kontrako botorik gabe hartu zen erabakia errespetatzeko eta lanak bakean burutzen uzteko" eskaria egin du.
Obrak hasi aurreko gorabeherak
Enirio eta Igaratza arteko bidea ibilgailu motordunentzako egokitzeko proiektuak bide gorabeheratsua izan du. Foru aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzak eman behar du baimena obra hori egiteko, baina horren aurretik Ingurumen departamenduak bere oniritzia eman behar du ingurumen inpaktuaren azterketa onartuz. Hasiera batean Mendietako zuzendaritzak ingurumen inpaktuaren azterketa sinplifikatua egiteko informazioa bidali zion Ingurumen departamenduari, 2017ko uztailean, eta honen erantzuna 2018ko apirila bukaeran iritsi zen, besteak beste, ingurumen inpaktuaren azterketak arrunta izan behar zuela esanez.
Hori horrela, Mendietako zuzendaritzak aurkeztu zuen ingurumen inpaktuaren azterketa arrunta, eta horrek alegazioak edo ekarpenak egiteko aukera eman zuen. Guztira 40 ekarpen jaso ziren; horien artean, 25 ekarpenek proiektuaren aldeko jarrera erakutsi dute, eta 15ek, berriz, aldatzeko iradokizunak egiten dituzte, edo proiektuaren aurkako jarrera erakusten dute. Aldeko jarrera agertu zuten, besteak beste, Tolomendi eta Goimen landa garapen agentziek, Enba sindikatuak eta Abaltzisketa, Beasain eta Ordiziako udalek. Kontrako jarrera agertu zuten, besteak beste, Itsasondo eta Zaldibiako udalek, Aranzadi zientzia elkarteak, Gipuzkoako Mendi Federazioak, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare Zuzendaritzak.
Proiektuaren espedientean txosten tekniko-juridiko bat dago, alegatutako kontuak aztertu eta baloratzen dituena, eta txosten horretan ondorioztatzen denez, "alderdi politiko edo abagunezkoak alde batera utzita, ikuspuntu tekniko eta juridikotik ez dago zertan izapidetu eta onartu bide azpiegituren plan bat, mankomunitatearen ekintza plana edo Aralako larreak antolatzeko plana, proiektua onartu aurretik". Bestetik, txostenak dio proiektuari dagokion "funtsezko eta ingurumeneko tramitazioa guztiz egokia" izan dela eta dokumentazioan eman den informazioa "nahikoa eta egokia" dela inpaktuak baloratzeko. Bestalde, ez dela parke naturalaren araudia urratzen, ezta Aralarko KBErena ere, zehazten du.
Azkenik, Ingurumen departamenduak aldeko adierazpena eman zion ingurumen inpaktuaren azterketari, baina aurrera begira Enirio-Aralar Mankomunitatearen kudeaketa planean onartuta dauden "gainerako irisgarritasun proposamenak (ArinĚate eta Igaratza arteko pistak, Zotaleta, Pardeluts eta Latosako adarrekin), ez eta bestelakoak ere" ezingo direla "izapidetu eta onartu" zehaztu du, baldin eta aurretik ez bada egiten "Aralarko larre eremuko behar orokorrei buruzko azterketa bat". Azterketa hori egin daiteke, Ingurumen departamenduak gaineratu duenez, "bide azpiegituren plan baten bidez, larreak antolatzeko planaren bidez eta/edo mankomunitatearen ekintza planaren bidez. Gainera, ezinbestekoa izango da ingurumen ebaluazio estrategikoko prozedura bat egitea, aurreikusitako jarduketa guztiek Aralarko Parke Naturalaren eta KBEren ingurumen balio guztien gainean izango duten ingurumen eragina era integratuan aztertu ahal izateko".
Obrak gelditzeko eskatu dute Aralar Bizirik plataformak eta Eguzki talde ekologistak
Aralar Bizirik plataformaren iritziz, "Santamariaren lehendakaritzapeko Enirio-Aralar Mankomunitatearen legealdi hau zoritxarrekoa ari da izaten Aralar natur parkerako". Gogora ekarri du 2016n eraikitako Intzensao-Goroskintxu pistaren "irregulartasunen auzia" Tolosako epaitegian dagoen bitartean, "hark baino lege hauste gehiago dituen pista berria eraikitzen hasi dira orain Enirio eta Igaratza artean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare Zuzendaritzak berak pista honen kontrako iritzia eman duenean eta Landarlan eta Eguzki ekologista taldeek aurkeztutako errekurtsoari aldundiak erantzuna eman baino lehen".
Hainbat elkarte ekologistek, mendi kirol elkarteek eta zenbait udalek, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Ugatza babesteko fundazioak pistaren aurka egindako helegiteak ez dituztela kontuan hartu salatu du. Uste du "jarrera prebarikatzailea hartu dela bigarren aldiz, zeren eta pista eraikitzeko erabakia hartu zutenean bazekiten ondo asko legea hausten ari zirela". Enirio eta Igaratza arteko pista proiektuak "legea bete-betean hausten duenez", eraikitzeko lanak bertan behera uzteko exijitu du Aralar Bizirikek.
Pista hauek "kosta ala kosta" egiteko ahaleginean mankomunitateak aldamenean "nahitaezko laguntzaile boteretsua" duela gaineratu du Aralar Bizirikek: "Gipuzkoako Aldundia, Markel Olano buru duela, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatua eta honen agindupeko Arantxa Ariztimuño Mendietako zuzendaria". Agintari horientzat Aralarren "ganaduak jateko belarra besterik" ez dagoela esan du plataformak, eta eremu babestu hori kudeatzeko "abeltzainen nahiak bakarrik" hartzen dituztela kontuan. "Gaur egun ganadu larri gehiegi eta larreen gehiegizko ustiapena dagoen arren Aralarren, aipatutako agintariek uko egin diote larreak ordenatzeko plan bat egiteari, nahiz eta Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Aralar Kontserbazio Eremuko araudiak hala adierazi", gaineratu du Aralar Bizirikek.
Bere aldetik, Eguzki talde ekologistak EH Bildu kritikatu du: "EH Bilduk ordezkarien gehiengoa duen Enirio-Aralar Mankomunitatearen azken bileran, EH Bilduko hautetsi batzuen bozkak erabakigarriak izan ziren Enirio eta Igaratza artean ia 3 kilometrotako luzera eta 4 metro arteko zabalerako hormigoizko pista bat eraikitzea onartzeko". Eguzkik gaineratu duenez, "orain arte EAJ izan da Aralar edo Aizkorri-Aratz bezalako eremu babestuen artifizializazioa bultzatu duena, diru laguntza publiko iraunkorren onuradun diren zenbait abeltzainen alde eginez, eta natura babesteko araudiaren aurka sarritan. Orain aldiz EH Bilduk jauzi handi bat eman du, lurraldea gehiago suntsitzeko norabidean EAJrekin batera kokatuz, are gehiago Intzensaon eraikitako pistarengatik aldundiko bi goi kargu auzipetuta daudela jakitun izanik".
EH Bilduk hartutako eta mugimendu ekologistari jakinarazitako "konpromiso bikoitza" hautsi duela dio Eguzkik: "Parke Naturalean pista gehiago ez eraikitzeko moratoria ezartzea, eta derrigorrezko (1994. urtetik!) Azpiegitura Plana aldez aurretik onartzea". Hori horrela, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak exijitu dio EH Bilduri "bere erabakiak zuzentzeko eta Aralarko Parke Naturalaren artifizializazioa areagotzeko proiektuei uko egitea".
Talde ekologistak gogora ekarri du Enirio eta Igaratza arteko ibilgailuentzako pistaren aurkako errekurtsoa aurkeztu duela Landarlan elkartearekin batera. Pista berria hainbat araudiren kontra dagoela azaldu du: habitat naturalen eta basa fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE Arteztaraua, Aralarko Parke Naturalaren Natur baliabideen Antolaketa Plana, eta Aralarko KBEren Kudeaketa Plana.