Eskualdeko irratia bueltan da

Iñigo Terradillos 2018ko ira. 16a, 20:43

Badator ATARIA IRRATIA-ren denboraldi berria, eta honetan ere, orain arteko ildoari jarraituz, eskualdeko gaiak, errealitatea eta ahotsak gerturatzen jarraituko du uhinen bitartez.

Astelehenetik ostiralera 09:00etan jarriko da martxan eskualdeko irratiaren programazioa, Pasahitza saioaren bitartez. Iker Ibarluzearen eguraldi iragarpenaren ostean, lehendabiziko orduan aktualitateari lotutako gaiek izango dute lekua. Eskualdean antolatutako ekimenak, gurean gertatutako albisteak edota Tolosaldeko herritarrei eginiko elkarrizketak izango dira entzungai tarte horretan. Azken hauei dagokienez, gure herrietatik ibilbidea egingo dugu, eta astero-astero herri batean egingo dugu geldialdia bertako herritar batekin hitz egiteko.

Aktualitatea solasaldi moduan jorratzeko tartea ere hartuko dugu denboraldi berrian. Batetik, ostiralean politikari lotutako gaiak jorratzen jarraituko dugu alderdi politikoetako eskualdeko ordezkariekin. Begoña Tolosa (EAJ), Eneko Maioz (EH Bildu), Cristian Fernandez (PSE-EE), Iñigo Cabieces (Podemos) eta Pello Atxukarro (PP) izango ditugu hamabostean behin gertuko edo nazioarteko gaiak jorratzen. Garbiñe Biurrun, Martxelo Otamendi, Maddi Sarasola, Juan Inazio Hartsuaga, Andoni Iturzaeta, Iñaki Azaldegi eta Joseba Bergaretxeri ere mahai gainean eztabaidarako gaiak jarriko dizkiegu.

Ostegunetan, berriz, bestelako gaiei egingo diegu lekua. Gizartekoak, herrikoagoak eta gertukoagoak diren gaiez hitz egingo dugu. Batetik, Garazi Egiguren, Irati Olaetxea, Mikel Romero, Maialen Arteaga, Ane Urkola eta Josu Artutxa gazteek duten ikuspegia jasoko dugu, eta bestetik, Manu Olano, Joxe Agustin Arrieta, Marimi Ugalde, Txepe Agirrezabala, Izaskun Elizaran, Ebaristo Elduaien eta Malentxo Arrospide helduenak entzungo ditugu. Eta aukera izango da, baita ere, helduak eta gazteak aurrez aurre jartzeko.

Atal interesgarriak

Gure bigarren ordua, hau da, 10:00etatik 11:00etara bitartekoa, atal interesgarriekin osatuko dugu. Astelehenetan, esaterako, eskualdeko hainbat bidaiarien laguntzarekin gure inguruko txoko desberdinetatik ibilbideak osatzeaz gain, munduko lurralde desberdinetara ere joko dugu. Iosu Iztueta, Angel Cuerdo, Agurtzane Belauntzaran, Kike Zinkunegi edota Iker Iriarte izango ditugu bidaialagun.

Horrekin batera, Mari Jose Aranguren ekonomilaria, Arantxa Izagirre abokatua eta Idoia Apaolaza psikopedagogoaren gomendioak eta azalepan jasoko ditugu.

Astearteetan, berriz, teknologiak leku berezia izango du. Astero-astero Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko informatikako irakasleek gai interesgarriak ekarriko dizkigute eta Ander Lorente ingeniariak gogoeta egitera bultzatuko gaitu teknologia ardatz hartuta. Zientziari lekua eginez, naturari lotutakoak ikasiko ditugu Jon Ander Galarraga biologoarekin, eta Josu Lopez-Gazpio kimikariarekin hamaika bitxikeria eta mitoren inguruan hitz egingo dugu. Arkeologoen lana gerturatuko digu, bestalde, Amaia Arranz arkeobotanikak. Eta asteartero errezeta berezi eta osasuntsua prestatzeko ardura izango dute Agurtzane Belauntzaran makrobiotikan adituak eta Aintzane Artolak.

Asteazkenei begirada botaz, eskualdeko garapen agentziari tartea egingo diogu eta Oskar Tena artean adituarekin arteaz eta musikaz bustiko gara. Ostegunero literatur proposamena egingo digu Joxemari Iturralde idazleak. Baina, ez da literaturari egingo diogun keinu bakarra izango, hilean behin Yurre Ugarte Galtzaundiren irakurle taldeko dinamizatzailea hilabete horretarako proposaturiko liburuaz ariko baitzaigu, eta Karlos Linazasorok ipuin eta haikuak eskainiko baitizkigu ostiraletan.

Hizkuntza eta eleaniztasuna jorratuko dugu ostegunetan Karin Van Der Worp hizkuntzalariarekin, eta komunikazio ez bortitzaz ariko gara Elena Egiguren abokatu eta bitartekariarekin. Era berean, Joanes Karrera arkeologoarekin gerra zibilaz ariko gara.

Ostiraletan, azkenik, larunbatari begira jarriz, Tolosako azokari lekua egingo diogu Ainhoa Zabala Tolomendiko teknikariarekin, Galtzaundi euskara taldearen jardunaren berri izango dugu bertako kide Igor Agirreren eskutik, Alain Rekondok zinema eta telesail proposamenak egingo dizkigu eta azken ostiralero Etxerat elkarteko kideak izango ditugu. Gainera, Elhuyarren laguntzarekin Quark zientzia atala eta hizkuntza eta teknologia batzen dituen tartea ere izango dugu.

Eta Pasahitza borobiltzeko Iñaki Zubeldia, Aitor Mendiluze, Ainhoa Elizondo, Saioa Etxegia, Ainhoa Mendiluze, Olatz Godoy, Mikel Ozaita eta Iñigo Asensioren iritzi zutabeak eta eskualdeko musikarien proposamenak izango ditugu.

Eskualdeko begirada

Lekukoa Hamaiketakoa saioak hartuko du. Tolosaldeko albisteak gertutik jorratzeko tartea da, eta asteko egun bakoitzean azpieskualde bakoitzak izango du lekua. Hala, Villabona-Aiztondorekin hasiko gara astelehenean, Tolosako kontuak izango ditugu astearteetan, Alegialdekoak ostegunetan eta Ibarraldearen txanda izango da ostiraletan. Asteazkenetan, berriz, eskualdeari kiroletik begiratuko diogu Eutsi goiari! saioan.

Musikaz gozatzeko

Euskal musika da ATARIA IRRATIAren nortasunaren ezaugarrietako bat, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Hori bai, bestelako musikak ere badu lekua, musika saioetan ikusi ahalko den moduan. Egunero eguerdietan entzungo den Entzuteko jaioak saioa, Adriana Gaultier DJak gidatzen duen Playback Ataria eta Oskar Tenak egiten duen Kokondo edo eskualdeko musikarien proposamenekin osatzen dugun Kantazgora dira horren adibide.

Bertsoak, trikitia, sexualitatea...

Denboraldi berria hastearekin batera joango dira saioak batzen programaziora. Datorren astean bertan entzun ahalko da, asteazkenean, Hari Naizela Imanol Artola felix-ek gidatutako bertso saioa. Beste denboraldi batez, eskualdeko bertsolarien bertsoaldiak entzutearekin batera, bertsoarekin lotutako Tolosaldeko herritarrak gerturatuko ditu mikrofonoetara.

Bestalde, urritik aurrera Hauspo artean saioari ere ekingo diogu. Ander Malbadi eta Eneritz Aulestia izango dira denboraldi berriko aurkezleak eta hamabostean behin trikiti munduan barneratuko gaituzte, asteazkenetan eta larunbatetan. Era berean, larunbat goizetan trikiti piezak zabalduko ditugu gure uhinen bitartez.

Arratsalderoko konpainia izaten jaraituko du Zebrabideak Arrosa sareko irratien artean egiten den magazinak, elkarizketa, solasaldi eta atal interesgarriekin. Ostegun iluntzetan Ataria iluna itzuliko da, aktualitateko nahiz bestelako gaiei beste begirada edo ikuspuntu bat emateko xedearekin. Ostiral gauetan, Mingaina txulora sartzeko unea izango da. Jon Imanol Etxabe sexologoaren laguntzarekin erotikaren alde guztiak ikutzen jarraituko dugu, aurten gainera, atal berri, dibertigarri eta interesgarriekin. Azkenik, Tolosaldeko ikastetxeekin batera egiten dugun Erakutsiz Ikasi saioa ere izango dugu astero, gaztetxoak izango direlarik beste behin protagonista.

Parte hartzeko gonbita

Horrela datorkigu bada, ATARIA IRRATIko denboraldi berria. Baina, eskualdeko euskarazko irratiak ohi bezala ateak irekita izango ditu irratian zer esana duenarentzat edo irratia gustatzen zaionarentzat, atal desberdinetan edo saioak eginez parte hartzeko. Beraz, mikrofonoen mundua gustuko duenak, TOLOSALDEKO ATARIArekin harremanetan jarri besterik ez du, eta ziur topatuko duela uhinetan bere lekua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!