Ekintza ugari Tolosaldean Mugikortasun Asteari begira

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 14a, 15:57

Sentsibilizazio kanpainaren barruan, bihar, bigarren eskuko gauzen azoka eta bizikletaren mantenuari buruzko tailerra izango dira Villabona eta Zizurkilen, hurrenez hurren. Aiztondo bailaran, hilaren 21an, mugikortasun festa izango da eta egun berean, Bizibira egingo dute Ibarra eta Tolosa artean.

2000. urteaz geroztik, irailaren 16tik 22ra Europa mailan Mugikortasun Astea ospatzen da eta aurtengoan ere, Aduna, Asteasu, Ibarra, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo udalek, Tolosaldea Garatzen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute ekimenarekin.

Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzeneko udal saileko teknikariak azaldu duenez, "eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitera bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina da". Kanpainaren barruan kokatzen da irailaren 22an egingo den autorik gabeko eguna, herri eta hirietan motordun trafikoak sortzen dituen arazoez ohartarazteko antolatzen dena.

Aurreko edizioetako ohiturari jarraituz mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekintza ezberdinak antolatu dituzte Tolosaldeko Udalak eta Tolosaldea Garatzenek sostengua eman die ekitaldi horiei, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

Ekitaldiak aurkezteko ekitaldian izan dira, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Josu Amilibia Adunakoa, Joxe Mari Luengo Zizurkilgoa eta Maite Izagirre Amasa-Villabonakoa. Hauek dira, Mugikortasun Astearen barruan egingo diren ekitaldiak:

Irailak 15, larunbata

10:00 - 13:00. Villabonako Berdura plazan bigarren eskuko gauzen azoka. Objektuak edo materiala saldu nahi duten herritarrek 09:30ean Berdura plazara gerturatu beharko dute. Azoka amaitu ondoren, 13:30ean, berriz ere bertaratu beharko dute, saldu ez den materiala edo saldutakoaren zenbatekoa jasotzera.

10:30 - 13:00. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, bizikletaren mantenuari eta mekanikari buruzko tailerra izango da. Etxetik bizikleta eramatea gomendatzen dute, irakasleek bizikletaren egoera zer nolakoa den ikusi eta ondoren bere mantenuari buruzko aholkuak emateko.

Irailak 21, ostirala

10:00 - 12:00. Aiztondo bailarako Mugikortasun Festa. Zizurkil eta Villabona elkartzen dituen Zubimusu zubian eta inguruko kale nahiz errepideetan ospatuko da. Bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartu eta mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten jokoak egingo dituzte. Parte hartzaileei bertako produktuez osatutako hamaiketako osasungarria eskainiko zaie.

Horrekin batera, Adunako herri eskolako ikasleek eta irakasleek Aduna eta Andoaingo mugan dagoen bidegorritik abiatuta (Sorabillako autobus geltokitik) bizikleta bira egingo dute eta 10:30 aldera Zubimusu zubira helduko dira, bailarako gainerako ikasleekin elkartzeko. 09:30etik 12:30era motordun trafikoari lotutako mozketak egongo dira eta soilik oinezkoek, bizikleta erabiltzaileek eta baimendutako ibilgailuek igaro ahal izango dute motordun trafikoari itxitako eremuetatik.

Bizibira, Tolosa eta Ibarra artean, Intujaiek dinamizatuta

16:45. Ibarrako plazatik hasiera.
17:00.
Samaniego Orixe.
17:10.
Herrikide Jesuitinak.
17:20.
Laskorain.
17:30.
Festa Zumardian. Sari banaketa, jokoak, tailerrak eta puzgarriak.

*Euria eginez gero, ekitaldia bertan behera geratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!