«Irekita egon behar da, eta gure prozesua ezagutzeko gogoa eduki»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 14a, 11:34
Tarana Karim. JON MIRANDA

Karimen ustez, elkarbizitzarako ahalegina ez dute egin behar atzerritik Euskal Herrira bizitzera etorri direnek bakarrik; herritar guztiena da ardura hori. Herritartasunean jarri du arreta aktibistak: "Norberak beretik egin behar dio ekarpena gizarteari".

Jaioterritik itzuli berri da, eta horrelakoetan jabetzen da Tarana Karim (Julfa, Azerbaijan, 1977) bere sorlekutik zein urrun dagoen, “fisikoki eta mentalki”. Aitortu du Euskal Herrian hamazazpi urte badaramatza ere ez dela Euskal Herrikoa. “Ez hangoa, ez hemengoa”. Uste du ezleku horretatik egin diezaiokeela ekarpena euskal gizarteari.

Mugaldekoa zara. Non dago, zehazki, Julfa?

Azerbaijanen barruan, Najichevan errepublika autonomoan dago Julfa; arau eta erakunde propioak ditu. Gainera, uhartedi bat balitz bezala bananduta dago fisikoki. Erabat inguratuta dago. Hegoaldean, Iranekin egiten du muga; iparraldean, Armeniarekin; eta mendebaldean, Turkiarekin. XIX. mendean, gainera, ibaiaren bi aldeetara banatu zuten Julfa, Errusiako inperioaren eta Persiakoaren artean. Uste dut mugan dagoelako dela berezia nire jaioterria. Kultura eta hizkuntza asko gurutzatzen diren tokia da, eta nahasketa horrek aberastasuna dakar. Jatorriz hangoak garenak ez gara monotonoak edo itxiak, badugu kanpokoari buruzko interesa.

Zer ibilbide egin zenuen Euskal Herrira iritsi aurretik?

Julfan eman nituen bizitzako lehenengo sei urteak, eta Leipzig [Alemania] ondoko herri batera joan ginen ondoren. Militarra nuen aita, eta haren lanbideagatik joan ginen hara. Beraz, hezkuntza sobietarra jaso genuen eskolan lehen urte haietan. Hamabi bat urte nituela itzuli ginen Azerbaijanera, baina ez Julfara, Baku hiriburura baizik. Han egin nituen Zuzenbide ikasketak, eta lanean ere jardun nuen bizpahiru urtez.

Zergatik erabaki zenuen Azerbaijandik alde egitea?

Nire herrian egoerak okerrera egin zuen Sobietar Batasuna erori ondoren, eta nik neuk, nahiz eta Zuzenbide ikasketak egin, ezin nuen lan egin nire arloan. Izugarrizko ustelkeria dago han. Epaitegi batera lan eske joan, eta dirua eskatzen zidaten; diru dezente, gainera. Nire amaren soldatarekin eta nik kobratuko nuenarekin, bueltatu ezina zen zor hura. Aukeraren bat eduki ahal izateko handik atera egin behar nuela pentsatu nuen. Bikotekidea ezagutu nuen, eta hona etortzea erabaki nuen sei-zazpi hilabeteko harremanaren ondoren. Argi neukan, halaber, inoiz seme-alabarik edukiz gero, ez nituela han izango.

Zure jaioterrian izan berri zara oporretan. Zer egoerarekin egin duzu topo?

Iritsi berria naiz Euskal Herrira, eta Facebooken zerbait idaztekoa naiz han ikusitakoarekin. Beldurra ematen dit, ordea. Gobernuak diktadura moduko bat du ezarria, eta ustelkeriaren edo hango gizarteko zenbait konturen inguruan idatziz gero, nire familiaren aurka egin dezakete. Giza eskubide asko urratzen dira Azerbaijanen: oposizioko kideak, kazetariak eta haien senideak atxilotzen dituzte. Kontu handiz ibili nahi dut, baina zerbait egingo dut hango egoera salatzeko.

Zein lanetan aritu izan zara Euskal Herrian?

Gauza askotan aritu izan naiz. Hala ere, hamazazpi urte daramatzat hemen, eta ezin izan ditut homologatu nire ikasketak. Iritsi berritan, Zarautzen hasi nintzen ostalaritzan. Gustura aritu nintzen, baina ordu asko ziren, eta, umeak jaio zirenean, lanordu haiei ezin nienez eutsi, akademietan aritu nintzen hizkuntzak irakasten, eta baita itzultzaile gisa ere. Iritsi eta berehala hasi nintzen boluntario lanetan ere: Caritasen eta Gurutze Gorrian. Giza eskubideen aldeko proiektuetan eta emakumeen eskubideetan jarri dut arreta gehienbat. Ana Yurd emakumeen elkartearen ardura ere badaukat Tolosaldean; gauza gutxi egiten dugu, motel doa, baina egitasmo gutxi batzuk egiten ditugu atzerriko emakumeekin; ikastaroak eman eta hitzaldiak antolatzen ditugu. SOS Arrazakerian ere aritu izan naiz lanean, baina langabezian nago orain. Aktibismoan jarraitzen dut, hala ere; Tolosako Emakumeen Etxea sortzeko prozesuan parte hartzen ari naiz, eta baita asanblada feministan ere.

Feminista zara, hortaz.

Bai, dudarik gabe. Emakume etorkinak gizartean egon bagaude, baina espazio feminista horietan ikusezinak gara askotan. Horregatik, askotan bakarra izaten banaiz ere, uste dut garrantzitsua dela han egotea, gu ez bagaude hemengo emakumeen beharrak bakarrik babestu eta defendatuko dituelako mugimendu feministak, gure eskubide bereziak aintzat hartu gabe. Adibide bat jartzearren: Tolosako Udaleko Berdintasun Batzordean parte hartzen dut, eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa egin zenean jabetu nintzen lerro bakarra eskaintzen zitzaiela atzerriko emakumeei. Ez da kontuan hartzen biolentzia kasuetan egoera berezian geratzen direla kanpotarrak; kalean askotan, nora jo ez dakitela. Babes berezia behar du emakume migratzaileak, egoera zaurgarrian dagoelako.

Zuen ahotsa askotan ordezkatzen dela uste duzu?

Bai. Zenbat immigrazio teknikari ezagutzen dituzu kanpokoak? Bidaiatu dutenak eta kooperazioan lan egiten dutenak jartzen dituzte kargu horietan, eta horiek irudikatuko dute zeintzuk diren gure beharrak, bai, baina ezingo diote bete-betean erantzun gure egoerari, ez dutelako ezagutzen migrazio prozesua bera. Adibide bat besterik ez da hori, baina, nire ustez, udal arduradunek beren politikak diseinatzean errealitate hori kontuan hartu behar dute. Ondo edo gaizki, baina lehenengo pertsonan hitz egin behar dugu guk; gure iritzia ahalik eta zuzenena ematen saiatu behar dugu beti.

Jaso izan duzu begiradarik jihaba jantzita eramateagatik?

Duela sei bat urte, asanblada feministetara gerturatzen hasi nintzenean, zapiarekin agertzen nintzen bileretara, eta ‘zertan ari zara hemen?’ esanez hartzen ninduten. Aurreiritzi asko dago emakumeen artean ere, matxismoa ez baita gizonezkoen kontua soilik. Belaunaldien araberakoa dela ere uste dut, ideia batzuk finkatuak dituztelako adin jakin bateko emakumeek. Erlijioa eta feminismoa bateraezinak direla uste dute. Nire ustez, beren minaren ikuspuntutik begiratzen diote zapiari. Batzuei behartuta jarraraziko zieten txikitan, eta nik ere derrigortuta janzten dudala pentsatzen dute. Baina nik nahi dudalako janzten dut zapia; ez daukat behartzen nauen senarrik edo gizonik. Areago, lehen ez nuen janzten, eta duela sei urte janztea erabaki nuen.

Superwoman-aren mozorroa janzten dute emakume askok, baita feminista askok ere, eta matxismotik salbatu nahi gaituzte Hirugarren Munduko emakumeak. Mendebaldeko ikuspegi kolonizatzailea da hori, goitik beherako begirada.

Gutxiegi baloratzen al da emakume etorkinen lana?

Bai. Ikusezin bihurtzen dute, eta ez gizonezkoek bakarrik, baita hemengo emakumeek ere. Pentsa dezagun, bestela, zaintza lanetan aritzen diren emakumeek zer ekarpen egiten dioten hemengo ekonomiari. Lan hori kanpokoek egiten dutelako, etxetik kalera atera ahal izan dira hemengo emakumeak, lanera joateko. Kolonizazio prozesuaren jarraipena da hori. Emakume etorkin bakar batek egiten du hiru pertsonak egin beharreko lana, 600 euroren truke, eta hemengo emakumeek ez dute egiten etxeko langile horien eskubideen alde. Uste dut feminismo guztiak barneratu beharko lituzkeela mugimendu feministak, eta ahots guztiak jaso. Gogoan dut Madrildik etorritako irakasle batek bere ikerketa lanaren emaitzak eman zituela ezagutzera SOS Arrazakeriak antolatutako genero islamofobiari buruzko jardunaldi batzuetan. Laborategi batean igel bat zatitzen dutenean bezala sentitu nintzen orduan. Nola hitz egin dezakete gutaz hainbesteko arintasunarekin? Ni ez nintzateke ausartuko euskaldunei buruz ezer idaztera. Euskaldunak ez zarete sartzen hamar prototipotan; bada, berdin gertatzen da emakume musulmanekin.

Balioa ematen al zaio migratzeko prozesuari?

Ez. Ez zaio balio bera ematen; behintzat, handik hona edo hemendik hara egiten den migrazioari. Euskaldunen artean ere oso balorazio ona egiten da AEBetara edo Argentinara artzain joan zirenen inguruan. Kasu horietan, saihestu egiten da etorkin hitza, eta lan bila joan zirela esaten da. Beste jatorri batzuetatik hona etortzen garenak, berriz, lana kentzera etortzen omen gara. Prozesu bat da migratzea, eta nire errealitatearen parte izango da betirako. Balore handia behar da jatorrizko herrialdea utzi eta beste toki batean bizimodua hutsetik abiatzeko; are gehiago, emakumea bazara. Ezagutzen ditut Latinoamerikatik beren seme-alabak utzita etorri diren emakumeak, edo engainatuta, gezur batekin etorri, eta prostituzio etxe batean bukatu dutenak. Hil ere egin dira asko. Ausardia handia behar da migratzeko, eta hemen, oro har, ez da aitortzen hori.

Ez duzu sinesten integrazioan.

Integrazio hitzarekin, uste dut etortzen den pertsona horrengan bakarrik jartzen dela ardura. Uste dut elkarbizitzarako beharrezkoa dela bi aldeen lana; ahalegina ez dut egin behar nik bakarrik, irekita egon behar dute hemengoek ere, eta gure prozesua ezagutzeko gogoa eduki. Batzuk oso itxiak zarete konfiantza lortu arte, eta, zenbait kasutan, konfiantza lortuta ere, ez zarete irekitzen. Nabari dut ez dela gertatzen beste jatorri bateko jendearekin bakarrik; zuen artean ere distantzia jartzen duzue harremanetan. Baina, bide batez, zer da integratuta egotea? Euskaldun batek bezala jokatzea? Asteburuetan parranda egitea? Txuleta jatea? Txapela janztea?

Ederki hitz egiten duzu euskaraz, baina, zure hitzetan, ez zara euskaldun sentitzen.

Ingelesez edo errusieraz hitz egiten dudan bezala, euskaraz ere hitz egiten dut, baina ez naiz sentitzen ez ingeles eta ez errusiar ere. Nik badakit nire sustraiak non dauden, oso argi dut hori, baina hemen bizi naiz orain, euskal herritarra naiz, eta horregatik ikasi dut euskara. Gizarte honen parte naiz, eta, agian, ez dut beti asmatuko, baina saiatzen naiz nire onena ematen; gizarte honi itzultzen diot nire ezagutza guztia; hori da nire identitatea, nire izaera eta nire egoteko modua.

Erraztasuna daukazu hizkuntzetarako. Zenbat dakizkizu?

Azerbaijanera, errusiera, gaztelania, euskara, turkiera, alemana… eta arabiera ikasten ari naiz orain, kostatzen ari zaidan arren. Iristean ez nekien euskara zegoenik ere. Gaztelania ikasten igaro nituen lehen hilabeteak, eta Donostiako Helduen Heziketa Iraunkorreko zentro batean ari nintzela, euskara ere irakasten zutela konturatu nintzen. Horrela hasi nintzen, pixkanaka. Tolosaldera iritsita, eskolako harremanetarako edo etxeko lanetarako euskara beharrezkoa izango nuela pentsatu nuen. Hemengo hizkuntza izanik, gainera, ikasi beharrekoa dela uste dut. Zenbait espaziotan sartzeko, ateak zabaldu dizkit euskarak; feminismoan, esaterako. Ahotsa eman dit euskarak.

Emakumea, feminista eta musulmana. Horrela definitzen duzu zeure burua?

Bai. Eta beste hainbat gauza ere banaiz. Nire kasuan, sare bat osatzen dute identitate horiek guztiek. Alaba naiz, emakumea, migratzailea, musulmana eta ama. Koherentea izaten saiatzen naiz, eta, nire seme-alaben heziketarekin, etxekoarekin lotzen dut kalean egiten dudan borroka.

Motzean

Liburu bat? Orhan Pamuk turkiarraren Elurra. Munduko emakumeen lanen artean Towanda Rebels aktibisten Hola guerrera.

Munduko toki bat? Julfa, Azerbaijanen. Nire jaioterria da eta nire bizitzan toki garrantzitsua betetzen du.

Hitz bat zure hizkuntzan? Djan [tzan]. Itzulpen literala ‘nire arima’ izango litzateke, baina ez diozu edonori horrela erantzuten, oso maite duzunari baizik.

Hitz bat euskaraz? Pinpilipauxa.

Abesti bat? Mikel Laboaren Txoria txori euskarazkoen artean eta John Lennonen Imagine ingelesezkoen artean.

Kolore bat? Morea feminismoagatik, berdea nire erlijioaren kolorea delako eta gorria, berriz, kolore bizia delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!