[GUTUNA] Mendebaldeko Saharara bueltatu arte

Tolosaldea Sahararekin Elkartea 2018ko ira. 15a, 11:33

Tolosaldea Sahararekin elkartea 2000. urtean sortu zen errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartuak izan ziren sahararrei esku bat botatzeko asmoz.

Urte hartan Oporrak Bakean (udako harrera programa) kudeatuz hasi zuen ibilbidea. Taldetxo hura urte osoan zehar hainbat gauza ezberdin egin zitezkeela konturatu zen eta urteak aurrera egin ahala egutegia behin eta berriz errepikatzen da:

Ekaina bukaeratik abuztua bukaera arte Oporrak Bakean programa, irailean bere baloraketa egiten delarik maila ezberdinetan.

Urrian sentsibilizazio jardunaldia.

Azaroan elkartasun bilketaren prestaketa.

Abendua, urtarrila eta otsailean elkartasun bilketa.

Otsaila eta martxoan Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten harrera familien bilaketa kanpaina.

Apirila eta maiatzean programa orokorraren prestaketa, eta maiatzean sentsibilizazio jardunaldia (gaur egun Maiatzak Borrokan izena hartu duena).

Eta berriro ekaina sartzearekin bat egutegiari nola edo ala buelta ematen diogu.

Guzti honen paralelo, saharar errefuxiatu kanpamentuetan gauzatzen ditugun proiektuak daude. Urte guzti hauetan asko eta ezberdinak izan direnak: eskolak, ospitaleak, behar bereziak dituzten haurrentzat bilketa bereziak...

Ezin ahaztu dezakegu ekintza bakoitzak norabide bera duela, saharar errefuxiatuak euren lurraldera Mendebaldeko Saharara bueltatzea. Azken hau ekintza eta jardunaldi bakoitzeko muina dugularik.

Azken 3-4 urteetan gure elkarteak Oporrak Bakean programan oso era berezian parte hartzen du, batetik Tolosaldean harrera familia gehien animatu daitezen kanpaina antolatuz eta bestetik Maiatzak 20 elkarteari lagunduz haur talde bat harreran hartzen duelarik.

Azken urte hauetan horretara bideratu ditugu gure ahaleginak eta nahiz eta 2018a haur sahararrak gurera Oporrak Bakean programan etortzen diren azken urtea izatea nahi, badaezpada ere 2019rako programa prestatzen hasi gara, hurrengo udan ere Tolosaldean ahalik eta haur gehienek uda igaro dezaten.

Elkartasun arraun ekintza honetara eginiko gonbidapenagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu, horrelako ekintzen bidez lortzen baitugu aurretik aipatutako proiektu ezberdinak aurrera ateratzea. Guztion laguntza eta babesaren bidez, orain dela 42 urte errefuxiatu bizi diren sahararrei laguntzen eta babesa ematen jarraituko dugu euren lurraldera, Marokok okupaturik duen Mendebaldeko Saharara bueltatu arte.

Mila esker Elkartasun Estropada antolatzen aritu eta parte hartuko duzuen guztioi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!