Villabonan eta Zizurkilen, euskalduntzeko aukera zabala

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 13a, 17:54

Irailaren 26ra arte egongo da matrikula egiteko aukera eta Villabonako eta Zizurkilgo euskara zerbitzuetan emango dute informazio guztia.

Irailaren 3tik 26ra euskara ikasi nahi duen edozein herritarrek aukera izango du izena emateko Villabonako eta Zizurkilgo udaletxeetan. Maila guztietako ikastaroak eskainiko dira, goizez edo arratsaldez, Villabonan edo Zizurkilen, beti ere, taldeak osatuz gero.

Amasa-Villabonan, adibidez, azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak eskainiko dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 11:30era, B2 eta C1 mailak prestatzeko. Astelehen, astearte eta ostegunetan, etorkinentzako Aisa ikastaroak izango dira 14:30etik 16:30era. Fleming herri eskolan eta Zubimusu ikastolan ere guraso taldeak osatuko dira, jendeak izena ematen badu.

Zizurkilen, berriz, A1 eta A2 mailako taldeak bilduko dira astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 12:00etara. Pedro Mari Otaño ikastetxean berriz, guraso taldea bilduko da euskara ikasteko, astelehen, astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 15:00etik 16:30era.

Ahal dela, taldeak herrian bertan sortuko dira, kontuan hartuta, gutxieneko pertsona kopurua behar dela taldea osatzeko.

Behin ikastaroa amaitu ondoren, bi udalen diru-laguntzak jaso ahal izango dira, beti ere, zenbait baldintza beteta: bi herrietako batean erroldatuta egotea, ikastaroan gutxienez %85eko asistentzia bermatzea, euskaltegiaren errendimenduari dagokion aldeko txostena izatea eta matrikula ordainduta edukitzea.

Beraz, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo euskara zerbitzuek jendea animatu nahi dute ikastaroetan izena ematera, saiakera berezia eginez umeen heziketan lan egiten dutenengan: guraso, aitona-amona eta zaintzaileengan. Euskara ikastaroetan izena emateko irailaren 26ra arteko epea dago. Horretarako interesa dutenek Villabonako euskara zerbitzuaren telefonora dei dezakete, 943 69 21 00 zenbakira, 329 luzapenarekin, edo bestela, Zizurkilgo euskara zerbitzuaren telefonora: 943 69 10 12, 4 luzapenarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!