«Eman didazuen guztiagatik, nik ordainetan rakugoa dakart»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 13a, 12:56
Hiromi Yoshida. UZTARRIA

Astelehenean Zizurkilgo Gaztezulon ariko da Azpeitiko Rakugo ekipoa. Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarrak ekoitzi eta aurkeztuko du Japoniako ipuin-kontaketa tradizionala.

Joan den astean, Bakaikun, Bilbon eta Legorretan aritu ondoren, Hiromi Yoshidak (Yuzawa, Japonia, 1960) zuzendutako ekipoa Zizurkilen arituko da datorren astelehenean eta Adunan, berriz, ostegunean.

Hizkuntzalaria zara, japoniarra. Nondik datorkizu euskararekin duzun harremana?

Unibertsitatean, ingeles filologia eta linguistika ikasten ari nintzela, ohikoa ez zen hizkuntza bat ikasteko gogoa piztu zitzaidan, berdin zitzaidan zein hizkuntza izan. Kasualitatez, irakasle batek euskaraz aritzeko taldetxo bat osatu nahi zuela esan zigun eta izena eman nuen. Bost lagun bildu ginen eta klase oso interesgarria izan zen, guztia euskaraz izaten zen. Horrela segi eta segi jardun dut ikasten, gaur arte.

Euskal Herrira etortzeko ohitura duzu urtero.

Lazkaon egon nintzen hasteko eta bertako barnetegian hamar hilabete eman nituen. Japoniara itzuli eta linguistika departamenduan masterrean ari nintzela azpeitiar bat ezagutu nuen Tokion. Horregatik hasi nintzen Azpeitiko euskara lantzen eta ordutik ia urtero etortzen naiz Euskal Herrira.

Azpeitiko jendearekin osatu duzu, hain zuzen, rakugo ekipoa.

Azken 30 urte hauetan euskaldunok eman didazuen guztiagatik, nik ordainetan rakugoa dakart. Nire hasierako asmoa zen obra batzuk euskaratu eta liburu batean argitaratzea. Baina rakugoa ahozko tradizioa zenez, pentsatu nuen antzeztea izango zela onena. Nik ez dut dohainik horretarako eta okurritu zitzaidan Azpeitiko nire lagun Axen Escalada, antzerki munduan ibilitakoak ederki egingo zuela. Arantzazu Maiz eta Maider Ibarguren batu ziren gero, eta laurok gabiltza orain.

Noiztik zabiltzate rakugoa euskaraz eskaintzen?

2012an hasi ginen eta aurtengoa seigarren urtea da.

Zer da rakugoa?

Japoniako ahozko tradizioaren genero bat da. Ipuin motzak dira eta kontalari bakar batek pertsonaia guztien paperak egin behar ditu. Istorio batek, 10 edo 15 minutu irauten ditu. Printzipioz helduentzat pentsatutakoak dira, baina 9 - 10 urtekoek ere ulertzen dituzte.

Ikasitako ipuinak dira edo sortu ere egiten dira?

Rakugo klasikoan, 400 urte hauetan transmititu diren ipuinak kontatzen dira, egile anonimoenak. Rakugo modernoan, gaur egungo aktoreek asmatzen dituzten ipuinak kontatzen dira. Guk beti klasikoak ematen ditugu gure saioan.

Umorezkoak dira beti.

Bai. Rakugo asko eta asko hitz joko batekin bukatzen dira eta horiek zailak dira euskaratzen. Hitz jokoekin bukatzen ez direnak itzultzen saiatzen naiz, baina baditugu horrelakoak ere.

Nola eskaintzen dira rakugoak? Badute bere koreografia propioa?

Kuxin baten gainean belauniko kontatzen dira eta kimono batekin jantzita. Eskuetan abaniko bat eta oihal txiki baten laguntzaz eskaintzen dira ipuinak.

Eta toki jakinak al daude ipuin hauek kontatzeko?

Japonian, rakugoak ikusi eta entzuteko espazio propioak daude, Tokion bost toki nagusi daude eta beste txikiago batzuk ere bai. Osakan badago toki handi bat, baita ere, rakugoentzat.

Zure herrialdean tradizio handia dute ipuin tradizional hauek?

Nagusiki hiri handietan, Tokion eta Osaka inguruan. Herri txikietan gutxiago izaten da. Japonian bertan rakugolari profesionalak daude; 500 edo 600 dira, gehienak gizonezkoak, baina emakumezkoak geroz eta gehiago ateratzen dira. Emakumeei, ez diete eragozpenik jartzen horretarako.

Zer nolako harrera izaten dute Rakugoek gure artean, hemen Euskal Herrian?

Egia esan nahikoa harrera ona izan dugu orain arte. Zorionez, ematen du jendeari gustatzen zaiola. Bilbon, esate baterako, bi emanaldi eskaini genituen atzo. Helburua ondo pasatzea da eta guk espero dugu gerturatzen denak barre pixka bat egitea. Zizurkil eta Adunako emanaldietara gerturatzeko esango nieke Tolosaldeko herritarrei, ez zaie damutuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!