'Ataria'-n kolaboratzailea izan nahi duzu?

Ataria 2018ko irailaren 12a

Iaz egin bezala, 'Tolosaldeko Ataria'-k bere ateak zabalik ditu. Kolaboratzaile, iritzi emaile, irrati saio gidari, komikigile berriei gonbita luzatu die komunikabideak.

Komunikabide bat, ezinbestean, ahots ugarik osatzen dute. Komunikabidean bertan gidari lanetan aritzen direnena garrantzitsua da baina hori bezain garrantzitsua da beste aldean daudenena, entzule-irakurleen ahotsa, alegia.

TOLOSALDEKO ATARIA-k gertu sentitzen ditu bere jarraitzaileak baina are gertuago sentitu nahi ditu. Irakurle horietako batzuei muga lauso hori zeharkatzeko gonbita egin nahi die eta. Hau da, lotsa alde batera utzi eta barru-barrutik ATARIA zertan datzan ezagutzeko aukera luzatu nahi dizu.

Idaztea gustuko duzula. zure iritzia konpartitzeko atrebentzia duzula, zure hobby-en nondik norakoak baten batentzat erakargarriak direla, Trivial-eko galderetan inork ez dizula itzalik egiten zinema atalean, marrazten izugarrizko umorea duzula, edota goxotasuna... Zerbaiten erakusle izan nahi badin baduzu ATARIA-k bere ateak zabalik ditu, baita mikrofonoak, estudioak, egunkari orriak ere... Ondo moldatzen zaren hori zertan datzan kontatu eta gainontzeko Atarikideei nola kontatu asmatuko dugu.

Noizbait TOLOSALDEKO ATARIA-ko kolaboratzailea izatea bururatu zaizula? Honakoa duzu aukera. Datorren irailaren 21 arte jasoko baititugu proposamen berriak.

Bideak ondorengoak dira: helbide elektronikoz ataria@ataria.eus helbidera idatzizko mezua, bideoa edota audioa bidali daiteke. Eta beste horrenbeste egin daiteke zuzenean ATARIA-ko erredakziora bidalita edo ekarrita: San Esteban, 20. 20400. Tolosa. Telefonoz ere zure proposamenak entzuteko irrikaz egongo da TOLOSALDEKO ATARIA-ko lantaldea: 943 65 56 95.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!