Hekimenek alardearen berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoak salatu ditu

Ataria 2018ko irailaren 11

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak larunbatean Hondarribiko alardearen berri ematen ari zirela hainbat kazetarik jasandako erasoak salatu ditu.

Elkarteak «elkartasun eta babes osoa» adierazi die beraien lana egiten ari zirela erasotuak izan ziren kazetari horiei denei, eta nabarmendu du «onartezinak» direla «hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak...), eraso horiekin kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egiten zaielako».

Erasotutako hainbat, euskarazko hedabideetako kazetariak zirenez -Antxeta irratia, Berria...– «informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bera ere erasotua» izan zela uste du Hekimenek.

Era berean, Hekimeni «oso larria iruditzen zaio aipatutako erasoak une horretan ordena publikoaren ardura bere gain zuten ertzainen aurrean gertatu arren, hauek kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko inolako neurririk hartu ez izana».

Berriro ere honelakorik gerta ez dadin eta kazetariek beren lana berme guztiekin egiteko aukera izan dezaten hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu die Hekimenek dagokien erakunde publikoei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!