Artearentzako mugarik ez

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 11a, 11:00
Aurtengo Azken Muga egitasmoaren sinboloa, esku gorri erraldoia, Lizartzan izan da asteburuan. REBEKA CALVO

Hirugarren urtez martxan jarri dute Azken Muga egitasmoa. Artea eta festa giroko ekitaldiak uztartzen dituzte Zarate lepoan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan.

Azken Muga egitasmoak Zarateko lepoa hartu du hirugarren urtez. Bedaio eta Azkarate artean dagoen espazioa da Zarate, Gipuzkoa eta Nafarroa artean muga egiten duena. Muga elkargune bihurtzea eta artea naturan erakustea dira bi helburu nagusienetakoak.

Lehenengo urtean aulki erraldoia izan zen Azken Mugaren sinboloa. Bigarrengorako, meta gorri bat egin zuten, eta aurtengorako esku gorri erraldoi bat egin dute. Guillermo Olmo eskultore amezketarrak eta Tolosaldeko Artola kolektiboak osatu dute artelana. «Eraso sexisten aurka egindako lana da», dio Olmok.

Aralar inguruko herrietan jartzen ari dira eskultura. Asteburu honetan Lizartzan izan da, festak zirela aprobetxatuz, eta hemendik aurrera, besteak beste, Altzon eta Tolosan jarriko dute. «Aralar inguruko herrietatik egiten ari da ibilbidea esku gorria. Eta ondo dago horrelako artelanak, ia beti hiriguneetan jartzen direnak, herri txikietara ere eramatea», azaldu du Olmok. Bestalde, eskua material birziklatuarekin egina dagoela nabarmendu du Olmok: «Eskuak berak duen mezu sozialaz gain, materiala berrerabiltzearena ere mezu bat dela iruditzen zaigu».

Pixkana egitasmoaren egitaraua osatzen ari dira, eta ostiral eta larunbat honetarako antolatu dituzte ekitaldiak. Ostiral arratsaldean jazz emanaldia izango da, Alberto Artetak gidatzen duen Laurok taldearekin. Larunbatean Bertso Eguna izango dute. Tartean bazkaria ere izango da, eta ondoren egingo dute bertsolariek saioa. Unai Iturriaga, Maialen Akizu, Haimar Karrika, Amets Arzallus eta Bixente Gorostidi ariko dira. Beste ekitaldi nagusi bat irailaren 29an egingo den erromeria izango da.

ERAKUSKETA AIRE LIBREAN

Azken Mugaren bereizgarrietako bat Zarateko lepoan dagoen basoan, aire librean, eskulturen erakusketa egitea da. Zortzi artistek, Agurtzane Anduetza, Koko Rico, Eskerri, Sandra Nuin, Belen Arevalo, Pablo Juarros, Helena Santano eta Virginia Sargal, eta bi kolektibok, Altsasuko Artebidek eta Tolosaldeko Artolak parte hartu dute.

Zarate lepoan dagoen Zaratetxe eraikinean orain gutxi arte eskultura erakusketa bat izan da, eta egun Jesus Elosegi tolosarrak Aralarri buruz aurreko mendearen hasiera aldera egindako argazkien erakusketa ikusi daiteke. Batez ere artzainen eta inguruko herrien bizimoduari buruzkoak dira argazkiak.

Aire librean jarritako eskulturen inguruan, Olmok nabarmendu du Euskal Herrian «ia ez zela horrelakorik egiten. Horrelako esku hartzeak, artea naturan erakutsiz, orain gehiago egiten dira. Adibidez, Nafarroan aurten egin dira land art-eko zenbait esku hartze. Beraz, interesgarria izango litzateke Azken Muga zerbait finkoa izatea eta erreferentzia moduko bat bihurtzea. Hirugarren urtea izanik, uste dugu bide horretan goazela».

Azken Muga egitasmoaren bitartez, bi gai azpimarratu ditu Olmok: «Batetik, kultura batez ere hiri espazioetara joaten ari dela. Eta artea eta kultura landa eremuetara eramatea garrantzitsua iruditzen zaigula. Bestetik, Aralarko bi aldeak berriro elkartzea, kontuan izanik lehen harreman gehiago zutela, autoak agintzen duen garai honetan galtzen joan dena». Erromeria eta festa giroko beste ekitaldiekin, mugaren bi aldeen arteko harremana berreskuratu nahi dute.

 

EGITARAUA

Irailak 14, ostirala

18:30. Jazz emanaldia Zaraten. Alberto Artetaren Laurok taldea ariko da. Virginia Sargalaren Namantis performancea ikusi ahalko da.

Irailak 15, larunbata

Bertso Eguna

12:30. Herri kirolak.

13:30. Alaitz, Izan eta Maittie trikitilariak.

14:00. Bazkaria. Txartelak erosgai, 12 eurotan, Aralar inguruko herrietako ohiko lekuetan.

16:30. Bertsolarien saioa.

Irailak 28, ostirala

18:00. Txotxongiloak eta umeentzako tailerrak.

Irailak 29, larunbata

Erromeria egun guztian. Kiko Bordatxo taldea, Muthiko Alaiak, Udaberri Dantza Taldea, eta Alaitz, Izan eta Maittie trikitilariak izango dira.

Erakusketak

Zarateko lepoan. Uda guztian ikusgai daude artelanak basoan. Zortzi eskultorek eta Artola eta Artebide kolektiboek egindako lanak dira.

Zaratetxean. Jesus Elosegi tolosarrak Aralarri buruz egindako argazkien erakusketa. Irailaren 29a arte dago ikusgai: ostiraletan, 18:30-20:00 artean; larunbatean 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 artean; eta igandetan, 11:00-13:30 artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!