Ia bikoiztu egin da udan jasotako bisitari kopurua

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 11a, 08:00

Okupazioa %80tik gorakoa izan da, batez beste, eta egonaldiak luzatu dituzte turistek; gutxienez 370.000 euroko ekarpena izan da Tolosaldearentzat

Uda amaierak balantze bikaina utzi du Tolosaldean: eskualdeak bisitari gehiago izan ditu, eta lo lekua bertan izan dutenek egonaldi luzeagoak egin dituzte. Behinola Gipuzkoako Artxibategi Orokorra izandakoak plazaratu dituzte datu zehatzak, Tolosako Santa Maria elizan, eta bertan nabarmendu dute, Tolosaldeak uztailean eta abuztuan jasotako bisitari kopuruaren batezbestekoa ia bikoiztu egin dela, iazkoarekin alderatua.

Agerraldian izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, Itziar Arratibel Tolosaldea Garatzeneko ordezkaria, Nerea Letamendia Tolosako Merkataritza, Azoka eta Turismo zinegotzia, Jon Umerez Alkizako alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, eta ostalarien ordezkariak, eta denek bat egin dute, 2018ko udaren arrakasta azpimarratzerakoan: «Uda ezin hobea izan da guretzat», azaldu du Xabi Gorrotxategi Casa Julian jatetxeko ordezkariak.

Larraizko eta Tolosako turismo bulegoetan, guztira, 8.000 bisitari jaso dituzte bi hilabetean, eta kataluniarrak eta madrildarrak izan dira gehienak; horrez gain, 43 herrialdetako turistak bertaratu dira informazio eske.

Amaitu berri den udan Tolosaldeak izan duen arrakastaren beste termometroa okupazioarena da. Batez beste, %80ko okupazioa izan da, eta uztailean beteago izan dira eskualdeko ostatuak. Zehazki, nekazalturismoak eta landetxeak beteta izan dira uda osoan, eta ostatuak %90 eta %99 artean. Aipatzekoa da, gainera, bisitariek egonaldi luzeagoak egin dituztela aurten; batez beste, hiru gauekoak.

Uda garaiko oporraldiaren emaitza onek eragin ekonomikoa ere izan dute, eta agerraldia baliatu dute kalkulua iragartzeko. Azaldu dutenez, turista bakoitzak 130 euroko gastua egiten du, egun bakoitzeko, EAEn; bada, Tolosaldeko okupazioa eta plaza kopurua kontuan izanda, 370.000 euroko ekarpena egin du turismoak udan. Ohartarazi dute, halaber, horri egun pasak egitera bertaratzen diren bisitarien ekarpena gehitu behar zaiola.

TOLOSA, UDATIARREN GOGO

Tolosakoa izan da turista igoera nabarmenena: uztailean %50 igo da bisitari kopurua, eta abuztuan %27. Iazko datuarekin alderatuz gero, Tolosak 1.100 bisitari gehiago izan ditu aurten: guztira, 3.700.

Kataluniarrek, espainiarrek nahiz nazioartekoek bisitarien %75 osatu dute, eta Euskal Herriko bisitarien artean bizkaitarrak eta nafarrak izan dira gehienak.

Nerea Letamendia Tolosako Merkataritza, Azoka eta Turismo zinegotziaren ustez, «gakoa eskaintzan» dago. Uda hasieran iragarri bezala, Tolosako Udalak apustu berezia egin du, aurten, Santa Maria elizako bisita gidatuekin, eta gida historialari bat bertan egon izanak jende gehiago erakarri du: «Iaz 1.670 bisitari izan zituen tenpluak, eta aurten 2.540. Gainera, horietatik 500 tolosarrak izan dira, eta guretzat oso pozgarria da herritarrak erakartzea». Horri lotuta, Letamendiak azaldu du «irisgarritasun arazoak» izan dituztela elizako teilatupea bisitariei erakusteko.

Gainerako interesguneetan ere igoera izan da lerroburu bakarra. Topic-en %12 igo dira bisitak, eta Alde Zaharreko eta azokako bisita gidatuak ere «nabarmen» igo dira, batez ere, abuztuan; 250 pertsonak parte hartu dute egitasmo horretan.

«Emaitza oso onak izan dira, baina ezin dugu erlaxatu eta, bide horretan, ezinbestekoa da lankidetza publiko-pribatua», azaldu du Letamendiak. Horrela, ostalariekin elkarlanean eskaini dituzte udak emandako datuak ere. Garbiñe Alkiza Bide Bide hoteleko ordezkariak eta Xabi Gorrotxategi Casa Julianeko ordezkariak «oso balantze ona» egin dute, udari begira.

HERRI TXIKIAK ALTXOR

Eskualdeko hiriburuaz gain, Tolosaldeko herri txikiak ere indar erakarle dira bisitarien begietan. Horrela, naturgune eta kulturaren arteko zubiak lantzen dituzten hiru herritako ordezkariek ere parte hartu dute, uda ondorengo agerraldian.

Alkizan, esaterako, Fagus Alkiza Hernio-Gazume interpretazio zentroak oso datu onak izan ditu udan, eta Jon Umerez alkateak eskuorri berriari egin dio erreferentzia; datozen egunetan, egonaldi artistikoak eta jardunaldiak abiaraziko dituzte.

Bernardo Atxagaren Obaba imaginarioak, berriz, Asteasun du leku fisikoa, eta horrek erakartzen ditu turistak, herrixka eta Muskerraren bidea ezagutzera; 2014tik hona, harrera bikaina izan du ibilbideak.

Azkenik, 2018an lau haizetara zabaldu da Altzoren izena, Handia filmaren harira; horrek, bisita gidatuek, ostatuak eta informazio puntuak nahitaez bisitatu beharreko txoko bilakatu dute herria

POSIZIONAMENDU FISIKO ZEIN DIGITALA

Orain arte egindako lanaren bidetik, «helburua argia» dela nabarmendu du Olatz Peonek: «Kalitatezko turismoa eta jasangarria lantzea, gure ondarea zaintzen duena, eta eskualdearentzako onuragarri dena».

Horri begira, Donostiaren erreferentzia izaera baliatzeari berebiziko garrantzia eman diote, eta datozen asteetan Tolosako publizitatea ezarriko dute hiriburuko autobus turistikoetan. Halaber, www.tolosaldea.eus atariaren posizionamendua hobetzeko lanean ari dira, gero eta informazio iturri erabiliagoa baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!