Kale beretik, emaitza hobe baten bila

Ataria 2018ko ira. 9a, 10:54

Tolosaldea traineruko arraunlariak, 10:00ak aldera uretaratu dira. Beste behin ere, zaleen txalo eta animo artean. Lehen txandan, lehen kaletik ariko da Enbata ontzia, Kaiku, Hibaika eta Donostiarrarekin batera.

Historia egiten jarraitu nahi du Tolosaldea Arraun Klubak. Gaurkoan, horretarako aukera berri bat du. XI. Kontxako Banderan ariko dira eskualdeko emakumezko arraunlariak. Lehen txandan aritzea egokitu zaie, duela astebete lortutako zortzigarren postuaren ondorioz. Hauen ondoan, ETE ligan aurkari izan dituen Hibaika, Kaiku eta Donostiarra izango dira, hurrenez hurren. Bigarren txandan, berriz, Orio ariko da lehen kaletik, bigarrenetik Riveirako galiziarrak, haien ondoan faborito nagusia den San Juan, eta kale onenetik, aldiz, Arraun Lagunak etxeko taldea ariko da.

Gaur ere, Kalean Txarangaren laguntza izan dute goizeko lehen ordutik. Donostiako portu ingurua, arraun zalez bete da, ederki gainera. Kolore urdina ere, aurreko bi jardunaldietan baino nabariagoa zen. Arrapala utzi eta itsasora joan dira traineru guztiak. Kontuan izan behar da, San Juanek sei eta zazpi segundoko aldea duela Riveira eta Oriorekiko. Hortaz, Nerea Perez, Irati Larrañaga eta Ioana Alijostes tolosarrek aukera izango dutela, beste behin ere, bandera etxera eramateko.

Berriro ere, zail izango da Tolosaldearentzat gainontzekoen parean aritzea, izan ere, lehen kalea nahiko zikina izaten da hemen. Hala ere, ez diote saiatzeari utziko, eta emaitza on bat lortzen saiatuko dira.

Gogoratu aurreko igandeko denborak:

  1. San Juan: 10:41:66
  2. Riveira: 10:47:76 (+ 6:10)
  3. Orio: 10:48:86 (+ 7:20)
  4. Arraun Lagunak: 10:55:40 (+ 13:74)
  5. Hibaika: 11:01:42 (+ 19:76)
  6. Donostiarra: 11:06:66 (+ 25:00)
  7. Kaiku: 11:06:76 (+ 25:10)
  8. Tolosaldea: 11:15:66 (+ 34:00)

Gizonezkoetan ere eskualdekoek aukerak

Gizonezkoen estropadari dagokionez, Urdaibaiek aurkeztutako helegiteari uko egin ondoren, bandera Zierbena eta Hondarribiaren artean egongo dela espero da. 86 ehuneneko aldea besterik ez dute bizkaitarrek, eta horri eusten saiatuko dira. Hala ere, Jon Lizarralde eta Endika Lopez tolosarrak, Ama Guadalupekoa ontziarekin, bandera eurenganatzen saiatuko dira. Hortaz, eskualdera ere heldu daiteke gizonezkoen banderaren zati bat. Gogoratu lehengo asteko emaitzak:

  1. Zierbena: 19:26:20
  2. Hondarribia: 19:27:06 (+ 0:86)
  3. Santurtzi: 19:41:32 (+ 15:12)
  4. Cabo: 19:43:22 (+ 17:02)
  5. Orio: 19:47:16 (+ 20:96)
  6. Donostiarra: 19:59:18 (+ 32:98)
  7. San Pedro: 20:00:64 (+ 34:44)
  8. Urdaibai: 20:00:64 (+ 34:44)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!