Eskualdeko udalek harrera egingo diete Tolosaldeko arraunlari eta prestatzaileei igande honetan, Kontxako estropada eta gero. Tolosako udaletxean izango da 19:00etan. Bertara kalejiran iritsiko dira protagonistak, 17:00etan Bide-Bidetik aterata. Karela, Xare eta plaza zaharra zeharkatuko dituzte udaletxera iristeko. Eskualdeko herritarrak kalejirara gonbidatu dituzte TAK-eko kideek. Harrera horretan, denboraldi osoan egindako lana aitortuko zaie traineruko kideei. Kontxako lorpenaz gain, Pasaian lortutako bandera gogoratu behar da.
Aurrez, eguerdian, 11:00etan hasita, Kontxako bigarren jardunaldia jokatuko da Donostiako uretan. Lehen igandean Tolosaldea zortzigarren geratu zen 34 segundora. Bigarren igande honetan postua hobetzea izango da eskualdekoen erronka. Beti ere, Kontxan egote hutsarekin helburua beterik dagoela jakinda.
Banderaren lehian San Juan, Riveira, Orio eta Arraun Lagunak ariko dira. Batelerek sei segundoko aldea ateratzen die galiziarrei, zazpikoa oriotarrei eta 13koa donostiarrei. Lehia horretan Tolosaldeko ordezkariak egongo dira: San Juanen Iona Alijostes (Tolosa), Irati Larrañaga (Tolosa) eta Nerea Perez (Tolosa); Orion, Ohiane Iraola (Tolosa) eta Myriam Aizpurua (Irura) eta Donostiarran Olatz Lopez (Tolosa) eta Naroa Urkola (Anoeta).
12:00etan gizonezkoak
Lehen jardunaldiaren ondoren, aldaketa handiegirik ematen ez baldin bada, bi traineruren artean egongo da gizonezkoen Kontxako Bandera. Aurreko igandean Zierbenak egin zuen denborarik onena: 19.26,20. Hondarribia segundoaren azpitik geratu zen, 19.27,06rekin. Santurtzi, hirugarren sailkatua, 15 segundora dago eta Cabo, laugarrena, 17ra.
Eskualdekoei dagokienez, Endika Lopez eta Jon Lizarralde tolosarrek bandera irabazteko aukera daukate Hondarribiarekin. San Pedron, Mikel Lasa (Tolosa), Joseba Alustiza (Tolosa) eta Jon Ander Agirre (Tolosa) ariko dira.