Xabier Artolak eta Idoia Besadak irabazi dute Donostiako suelto txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2018ko irailaren 6a

Irudia: Donostia Kultura

Zarauzko euskal jaietako txapelketan, berriz, Ane Urruzola eta Iker Sanz bigarren izan dira.

Azken bi urteotakoa errepikatuz, Xabier Artola irurarrak eta Idoia Besada pasaitarrak irabazi zuten Donostiako Dantza Sueltoko txapelketa, joan den igande arratsaldean, Konstituzio plazan. Irabazleek 98,25 puntu jaso zituzten eta, azken bi urteetan bezala, jantzi onenaren saria ere jaso zuten.

Bigarren saria ere eskualdera bidean jarri zuen epaimahaiak: Ane Urruzola billabonatarrak eta Iker Sanz lezoarrak eskuratu baitzuten, 98 punturekin. Hirugarren saria, berriz, Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta  bikote azpeitiarrak eskuratu zuen 90,50 punturekin.

Zarautzen, bigarren eta hirugarren

Hurrengo egunean, astelehenean, Zarauzko euskal jaietako txapelketa izan zen. Bertan Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrak izan ziren txapeldunak, 73 punturekin.

Ane Urruzola eta Iker Sanz bigarren sailkatuak izan ziren, 72 puntu eskuratuta, eta Xabier Artola eta Idoia Besada hirugarren sailkatu ziren, 70 punturekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!