Industria 4.0 kontzeptuaz ariko dira EHUko uda ikastaroan, Tolosan

Ataria 2018ko irailaren 3a

Tolosaldea Garatzen - Lehiberrik, industria 4.0 kontzeptua eta industria iraultza berri honek Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainentzako suposatzen dituen erronkak aztertu eta sakonduko dituen saioa antolatu du, lehen aldiz, EHUko uda ikastaroen barruan, irailaren 14an, Lehiberri zentroan.

Ikastaroa 09:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Lehiberri zentrora gerturatzeko Lurraldebus T006 lineako Tolosa-Apatta autobusak 08:25ean ateratzen dira eta itzulerakoa aldiz, Apattatik 14:30ean. Izen emateak eta informazio gehiago, EHUko uda ikastaroen webgunean eskura daiteke.

Jarduera industrialaren etorkizun eta lehiakortasunari buruz hitz egiten denean, sarritan entzun ohi diren kontzeptuak dira, konektatutako lantegia edota ekoizpen sektorearen digitalizazioa. Industria 4.0, laugarren iraultza industriala da. Aeronautika, automobilgintza edo energia sektoreetako enpresa handiak pausoak ematen ari dira alor honetan. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko industri sarea, ordea, enpresa txiki eta ertainez (ETE) osatua dago bere gehiengoan. Kasu praktikoen bitartez, enpresa mota honek dituen erronken inguruan sakonduko da ikastaroan, tamaina ezberdinen arabera sortutako eten industrialik egon ez dadin.

Kurtsoan SPRI eta IAM3D (gehikuntza fabrikaizoko Kataluniako hub digitala) erakundeetako arduradunek hartuko dute parte, eta baita Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko eta Tolosaldea Garatzeneko teknikariek ere.

Tolosaldeko garapen agentziak, zonaldeko industria sarea, ikasle eta herritarrei kontzeptu guzti hauek gerturatzeko asmoarekin hartu du parte, lehen aldiz, udako ikastaroetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!