Altuna eta Artola, ezohiko atzelariekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 28a, 17:38

Argazkia: ASPE

Gaur gauean, KPilota txakolinaren desafioa jokatuko dute Aspe eta Asegarceko hiruna bikotek, Donostiako Atano III pilotalekuan. Bertan, eskualdeko bi aurrelariek jokatuko dute binakako partidan, Ezkurdia eta Olaizola II.arekin batera.

Interes eta ikusmin handia piztu duen partida da, dudarik gabe, gaur gauean, Donostian jokatuko dena. Bertan, jaialdiko bigarren partida jokatuko dute Altuna III-Ezkurdia eta Artola-Olaizola II bikoteek. Bai, hala da. Lau aurrelari ariko dira bikoteka. Oso gutxitan ikusi izan dira horrelako partidak, eta beraz, eskualdeko bi aurrelarientzat oso berezia izango da. Berritzailea bezain erakargarria izango da ikusleentzako.

Aspek eta Asegarcek elkarren aurka Donostia Hiria torneoaren barruan jokatuko duten desafioa da KPilota txakolinarena. Baina, bikotekako partida ez da jaialdiko eta desafioko bakarra izango. Binakako partidaz gain, lau t'erdikoa eta buruz burukoa ere jokatuko dira. Lehena, kaiolakoa izango da, eta bertan, Peña II tolosarrak ordezkatuko du Bilboko enpresa, Asperen izenean, Peio Etxeberriak jokatuko duelarik. Kantxa osoan jokatuko den partidan, berriz, Elezkano II bizkaitarra eta Victor Esteban errioxarra arituko dira nor baino nor.

Asegarcek, arantza kentzeko gogo handia du, iazko Lekeitioko San Antolin txapelketatik, bitan soilik irabazi dituelako Aspeko bikoteen aurka jokatutako torneoetan: Lau t'erdiko San Fermin txapelketa eta Zarautz Hiria torneoa. Aspeko kideek, baina, bikaintzat kataloga daitekeen aurtengo denboraldian zehar lortutako emaitzei jarraipena eman nahiko diete. Gaur gauean, 600 txakolin botila izango dira jokoan Donostian.

Eskualdeko pilotari gehiago

Gaurko jaialdia, alabaina, Donostia Hiria torneoaren aurrerapen bat besterik ez da izango. Aurten, hiru jaialdi gehiago izango dira Gipuzkoako hiriburuan, non bi enpresek bikote mistoak osatu dituzten. Bihar eta ostegunean jokatuko dira finalerdiak, gauez. Lehenean, Irribarria eta Albisu, Arteaga II eta Rezustaren aurka arituko dira. Etzi, berriz, Altuna III.ak eta Imazek Olaizola eta Zabaletaren aurka jokatuko dute. Ostegunean, gainera, Erasunek lehen partidan jokatuko du, eta Peñak, hirugarrenean.

Finala, berriz, larunbat arratsaldean jokatuko da, finalerdietan irabazle suertatzen diren bikoteen artean. Orduan, Artolak lehen partidan jokatuko du, eta Peña berriz arituko da jaialdiko hirugarren partidan, txapelketa itxiko duen neurketan.

Lekeition berriro

Asteburu honetan, ordea, Alegiako eta Amezketako bi pilotariek ez dute atsedenik hartzeko tarterik izango. Igandean hasi eta irailaren 5ea (Antzar egunean) amaituko den Lekeitioko San Antolin festetako txapelketa izango da udako hurrena. Irailaren 2an (igandea) izango da lehen finalaurrekoa: Olaizola II-Aretxabaleta/Artola-Larunbe. Astelehenean, berriz, Altuna III.ak eta Zabaletak, Elezkano II.a eta Rezustaren aurka jokatuko dute. "Bikote  oso ona da, batere oparirik egiten ez duena eta oso partida zaila izango da", zioen amezketarrak, kostaldeko herriko torneoaren aurkezpen ekitaldian.

Altunak eta Artolak, beraz, aukera berri gehiago izango dituzte datozen egunotan, euren enpresetako arduradunei zertarako balio duten erakutsi eta aukera gehiago eduki ahal izateko. Bestetik, Erasunek, Peñak, Urretabizkaiak edota Tolosak (azken hirurek Lekeitioko jaialdietan jokatuko dute), jaialdietako gainontzeko partidak jokatzen jarraitu beharko dute. Bada zerbait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!