Nork esango zien Tolosaldea trainerua osatzen duten arraunlariei, lehen aldiz horrelako ontzi handi batean lehiatzen aritu diren urtean, goiko postuetan amaituko zutela denboraldia? Bada, hala izan da. Azkenean, ETE Ligako estropada ia guztietan lehen hiru postuetan izan diren Donostiarra, Hibaika eta Deusto taldeen atzetik sailkatu dira eskualdeko neskak. Beraz, izan erlojupekoan edota gainerakoekin batera, estreinako denboraldi honetan, ohorezko txandako taldea izan dela, eta dela, erakutsi du Tolosaldeak.
Gaur arratsaldean, Colindreseko uretan aritu behar izan dute emakumezkoen traineruek. Bertan, ziaboga bat emanda, bi luzeko estropada zuten aurretik. Lehen balizan denbora onena markatu duena Donostiarra izan da (6:08). Oso gertu ibili dira Hibaika eta Deusto (biek, 6:09). Tolosaldea, berriz, lasterketaren lehen zatia osatu ondoren, bosgarren izan da (6:15), Kaikuren atzetik (6:20).
Bigarren luzean, Hernani seigarren sailkatuarekiko zuen aldea neurtzen jakin du Tolosaldeak, eta beraz, helburua argia zen: Kaikuk baino denbora hobea egitea. Hala ere, ez da posible izan, eta bizkaitarrek hamaika segundo atera dizkiete amaieran. Donostiarrak irabazi du estropada, lehen ziabogako aldeak handitzea lortu ondoren. Ondorioz, beraiena izan da ETE liga irabazi duen ontzia. Behin denboraldia amaituta, Donostiako badiara begira jartzea tokatzen da.
Kontxako banderarako sailkatze estropadarako, bost egun eskas geratzen dira, eta badirudi, zazpigarren eta azken postu hori, Bizkaiko ontziaren eta bi gipuzkoarren artean erabakiko dela. Ezusteko erraldoirik ezean, Euskotren ligako lau traineruak sartuko dira. Donostiarra zuzenean sailkatzen da eta Hibaikak eta Deustok aukera handiak dituzte. Hortaz, itsasoaren baldintzak, haizeak edota kirolarien gorputzaldiak ezinbesteko osagai izango dira ostegunean. Ibaian, berez, hobeto moldatzen dela erakutsi du Tolosaldeak, baina argi ibili daitezela besteak, ligako edozein ontziri irabazteko kapazak direla ere argi utzi baitzuten.
III. Colindreseko Bandera - Sailkapena:
1. Donostiarra: 11:12,68
2. Hibaika: 11:13,76
3. Deusto: 11:18,78
4. Kaiku: 11:23,86
5. Tolosaldea: 11:34,72
6. Hernani: 11:45,14
7. Lea Artibai: 12:01,34
8. Lapurdi: 12:16,08
9. Colindres: 12:17,14
ETE liga - Sailkapen nagusia:
1. Donostiarra: 99 puntu
2. Hibaika: 93 p.
3. Deusto: 89 p.
4. Tolosaldea: 70 p.
5. Kaiku: 65 p.
6. Hernani: 51 p.
7. Lea Artibai: 36 p.
8. Lapurdi: 20 p.
9. Colindres: 17 p.