Eskualdeko lau txirrindulari, pistako Europako txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 21a, 11:44
Iribar, Maioz, Larrarte eta Garikano, Aiglen, atzoko entrenamendu saioaren ostean.

Eukene Larrarte eta Luis Mari Garikano tolosarrak, Izarne Mayoz asteasuarra eta Unai Iribar ibartarra, Espainiako selekzioarekin ariko dira, Aiglen, gaur hasiko den Europako 23 urtez azpiko pistako txapelketan.

Suitzako hirian, duela gutxi aritu dira Naia Amondarain ibartarra eta Iñaki Murua altzotarra, munduko junior txapelketako probetan parte hartzen. Murua falta zen, igandean jokatu behar zuen proban aritzeko. Altzotarrak, Beñat Feliperekin batera aritu zen madison proban, baina euren seriea hamaikagarren postuan amaitu ostean, ez zuten finalerako sailkatzerik izan. Ondorioz, munduko txapelketa horietan, bi txirrindulariak fin aritu badira ere, nabarmentzeko moduko lasterketak egin dituena Amondarain izan da, scratch eta omnium probetako finalerako sailkatu baitzen.

Orain, ordea, kontinenteko txirrindulari gazte onenen txanda da. Aiglen bertan, 23 urtez azpiko txapelketa ez ezik, junior mailakoa ere jokatuko da. Bi kategoriak batuta, 15 txirrindulariko zerrenda osatu du Espainiako selekzioak, eta tartean, eskualdeko lau txirrindulari daude.

Batetik, Eukene Larrarte, bere palmaresa handitzeaz nazkatzen ez den txirrindularia. Irailaren 13an 20 urte beteko dituen tolosarra, Isabel Ferreresekin batera madisonean arituko da batetik. Hala ere, bere helburua, omnium-ean ahalik eta ondoen egitea izango da. "Alemanian izan naiz, eta emaitza onak lortu ditut. "Gorputzaldi onarekin" aurkitzen dela aitortu du. Gainera, "proba guztian zehar erregulartasun bat mantentzen saiatuko naiz, lehenengo hamarren artean sailkatu ahal izateko".

Unai Iribar ibartarrak, bestetik, scratch eta omnium probetan aritu beharko du. Aurrenekoz ariko da 23 urtez azpiko txapelketan, bera izango baita Suitzan bilduko diren txirrindularietatik gazteenetarikoa (19 urte ditu). "Kategoria honetan lehen urtekoa izanik, nire helburuak esperientzia hartzen joatea eta ahalik eta emaitza onenak lortzea izango dira". Jakitun da maila handiko probak ikusi ahal izango direla, "gainontzeko herrialdeetako ziklista asko profesionalak baitira, elite mailan lasterketak irabazten ari direnak".

Izarne Mayoz asteasuarrak, berriz, scratch, omnium eta kanporaketako probetan hartuko du parte. "Nire lehenengo nazioarteko txapelketa denez, esperientzia berria izango da. Hortaz, lehenengo, nire burua neurtu nahi dut, noraino heldu naitekeen ikusteko; baina batez ere, gozatzera etorri naiz". 18 urteko asteasuarra. gainera, selekzioarekin arituko den junior mailako txirrindulari bakarra da.

Unai Iribarrekin batera, gizonezkoen kategoriako beste txirrindulari bat, Luis Mari Garikano tolosarra da. Garikano, taldekako jazarpenean, Marc Buades, Joan Martí Bennassar eta Gorka Etxaberekin arituko da. Baina hori bakarrik ez, eta madison proban ere hartuko du parte, Buades kataluniarrarekin. "Atzo, pistan bertan aritu nintzen entrenatzen, eta saioa amaitu ondoren sentsazio onekin geratu nintzen". Eskualdeko txirrindularien artean, zaharrena da, eta baita beteranoetako bat ere. Bigarren aldiz ariko da Europako txapelketan, eta beraz, badaki zein mailatan ibili daiteken. Hala ere, eta "ahal dudan aurreen ibiltzen saiatuko naizen arren, lehen aldia izango da bi probetan parte hartuko dudana, eta beraz, ikastera etorri naiz".

Gaur hasi, eta igandera bitarte luzatuko da txapelketa. Probak goizetik jokatuko badira ere, eskualdeko txirrindulariak arratsaldean jarriko dira martxan. Hauxe da lau txirrindulariek hurrengo egunetarako duten egitaraua:

Abuztuak 21, asteartea:

18:30. Izarne Mayozek scratch probako finala.

Abuztuak 22, asteazkena:

09:00. Unai Iribarrek scratch probako kanporaketa.

13:00. Luis Mari Garikanok, taldekako jazarpeneko kanporaketa.

19:20. Iribarrek scratch probako finala, sailkatuko balitz.

20:00. Izarne Mayozek kanporaketa probako finala.

Abuztuak 23, osteguna:

Probarik ez.

Abuztuak 24, ostirala:

10:50. Izarne Mayozek, omnium probako lehen lasterketa.

Abuztuak 25, larunbata:

10:00. Eukene Larrartek, omnium probako lehen lasterketa.

10:20. Unai Iribarrek, omnium probako lehen lasterketa.

Abuztuak 26, igandea:

09:30. Luis Mari Garikanok, Madison probako kanporaketa.

16:40. Luis Mari Garikanok, sailkatuko balitz, Madison probako finala.

*Ordutegiak moldagarriak dira, ez dira behin-betikoak; probetan sortu daitezken gorabeheren arabera aldatu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!