Asteburu honetan, arraun munduak begirada guztiak Zarauzko estropadan jarrita dituen arren, Emakumezkoen Traineruen Elkartearen ligan, estropada berri bat jokatu da, goizean, Donostian; hain zuzen ere, Aste Nagusiaren barruan. Bi aste barru jokatuko den Kontxako banderaren sailkapen estropadarako entrenamendu ona izan zitekeen, baina ibaian eta itsasoan ez da berdin egiten arraunean.
Hala ere, gaurko jardunaldiak ez du aparteko sorpresarik ekarri, eta sailkapen nagusian, aldaketa gutxi eragin ditu gaurko puntu banaketak. Beste behin ere, Donostiarra izan da garaile, denboraldiko seigarren bandera eskuratuz, eta lidertza sendotzea lortuz. Etxekoen atzetik, Hibaika (zortzi segundora) eta Deusto (hamalaura) sailkatu dira.
Eskualdeko traineruari dagokionez, ez da Tolosaldearen egun onena izan. Lehen ziabogan, Hernani baino azkarrago ibili bada ere, Kaikuk 3 segundo ateratzen zizkion. Hala ere, bigarren ziabogarako 6 segundoko aldea ateratzen zizkieten bi taldeek Tolosaldeari. Ondorioz, oso zaila izan da TAK-entzat alde hori murriztu eta laugarren postua lortzea. Zorionez, hernaniarrak sestaoarrak baino segundo erdi bizkorrago iritsi dira helmugara, eta beraz, Tolosaldeak puntu bakarra galdu du arerio zuzenarekiko. Horrela, ohorezko txandari euste lortu du eskualdeko hamalaukoak.
Sailkapen nagusian zuen postuari eusten badio ere, geroz eta gertuago dago abuztuaren 30a, Kontxako bandera jokatzeko sailkatze estropadaren eguna. Bertan, aurrez aipatutako bi traineru horiekin lehiatuko da ziurrenik, iraileko lehen bi igandeetako postu baten bila. Hortaz, bihar, Bilboko Nerbioi ibaian jokatuko den estropada beste entrenamendu on bat izan daiteke neskentzat. Ligako azken estropada, hurrengo larunbatean jokatuko da, Colindresen. Bitartean, TAK-ek, ikasten eta gozatzen jarraituko du.
II. Emakumeen Bandera - Donostiako Aste Nagusia:
1. Donostiarra: 10:28:58
2. Hibaika: 10:37:28
3. Deusto: 10:43:48
4. Hernani: 10:44:49
5. Kaiku: 10:45:09
6. Tolosaldea: 10:52:80
7. Colindres: 11:07:49
8. Lea Artibai: 11:12:20
9. Lapurdi: 11:33:22
ETE liga, sailkapen nagusia:
1. Donostiarra: 84 puntu
2. Hibaika: 77 p.
3. Deusto: 73 p.
4. Tolosaldea: 58 p.
5. Kaiku: 54 p.
6. Hernani: 43 p.
7. Lea Artibai: 30 p.
8. Lapurdi: 17 p.
9. Colindres: 14 p.