Naia Amondarain eta Iñaki Murua, munduko junior txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 18a, 20:33
Argazkia: Espainiako Txirrindulari Federazioa

Asteazkenean hasi eta igandera bitarte, kontinenteko txirrindulari gazte onenak, pistako munduko txapelketako probak ari dira jokatzen, junior mailan. Bertan, eskualdeko bi txirrindulariak, maila ona erakusten ari dira.

 Lasterketak, duela bi urte bezala, UCI-k (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak) Suitzako Aigle hirian duen zentroko pistan izaten ari dira. Junior mailako txapelketa batean, lehen aldiz, 300 txirrindulariren langa gainditu dute, eta guztira, 330 kirolari inguru ari dira parte hartzen, 44 herrialde ordezkatuz.

Herrialde horietako bat, Espainia da. Estatu mailako taldea 7 txirrindularirekin joan da Suitzara, eta tartean, euskaldun ugari daude. Horietako bi, gainera, eskualdekoak dira: Iñaki Murua altzotarra eta Naia Amondarain ibartarra.

Orain arte, hiru lehiaketa egun igaro dira, eta horietan, Amondarain izan da Espainiako selekzioko partaiderik esanguratsuena. Kontuan izan behar da, junior kategoriako lehen urteko txirrindularia dela. Ibartarra, scratch proban parte hartuz estreinatu zen, asteazkenean. Sailkatze fasean, itzuli bat irabazi, eta bere serieko hirugarren denbora onenarekin, aurrera egitea lortu zuen. Azkenean, final on bat egin ondoren, 13. postuan amaitu zuen Amondarainek.

Bestetik, omnium proban ere hartu zuen parte atzo. Asteazkenean bezala, sailkatze fasea gainditzea lortu zuen, scratchean 14. postua lortuz. Kanporaketako lasterketan, berriz, emaitza hobetzea lortu zuen, 11. sailkatuz. Gauzak horrela, txirrindulari gazteak, 10. amaitu zuen sailkapen nagusian. Gaur, berriz, bosgarren izan da puntuaketako proban, bosgarren izan da saikatze faseko bere seriean, eta finalerako sartu da. Arratsaldean jokatu du azken lasterketa, eta bertan, hamairugarren izan da. Gainera, eroriko batean murgilduta egon da txirrindulari gaztea, nahiz eta ez duen min handirik hartu.

Ibartarraren helburua, esperientziaz gozatzea bazen ere, buruan zuen proba guztietan kanporaketak pasa ahal izatea. Gainera, lehen aldia izan da berarentzat, horrelako tzapelketa batean. "Egun hauetan, oso ondo joan dira gauzak, eta sorpresa handia hartu dut lortutako emaitzekin. Sinistu ezinik nago oraindik".

Bere aldetik, Iñaki Muruarentzat, lehen aldia da mundu mailako txapelketa batean aritzen dena. "Orain arte izan naizen maila handieneko txapelketa Espainiakoa izan zen". Naiak egin bezala, Espainiako txapelketetan emandako maila onari esker, selekzioarekin kontzentrazio batera joateko aukera eman zioten. "Bertan egindako test batzuei esker lortu nuen munduko txapelketarako txartela".

Suitzara joan aurretik, Muruak argi zuen helburu nagusienak gozatzea eta ikastea zirela. "Proba bakoitzeko lehen sailkatze fasea igarotzea ondo legoke, finaletan egon ahal izateko, nahiz eta horietako bakoitzean aurrean ibiltzeko aukerak urriak izan". Esperientziari buruz galdetuta, bizitzen ari dena "ahaztezina" dela aitortzen du. "Oraindik kosta egiten zait sinistea munduko txapelketa batean nagoela".

Altzotarrak, ostegunean izan zuen bere lehen proba: scratch-a. 20 txirrindulariko bi serietan jokatu ziren finalerako 20 postuak. Bakoitzetik, 10 onenak igarotzen ziren azken fasera. "Nire aukera bakarra tropeletik alde egitea zen, jakitun nintzelako sprintean ez nuela aukerarik izango. Saiatu nintzen, baina ez nuen helburua lortu eta finaletik kanpo geratu behar izan nuen. Hala ere, oso gustura amaitu nuen egindako lanarekin". Bihar amaituko da txapelketa. Iñaki Muruak, madison proban aritu beharko du, Beñat Felipe oiartzuarrarekin bikotea osatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!