ETE ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak jokatu ziren asteburuan, Hondarribiko eta Ondarroako uretan. Bestetik, gaur, Ama Birjin egunez, denboraldiko hamaikagarren bandera zegoen jokoan Plentzian. Guztietan lortutako emaitzak kontuan hartuta, Donostiarra kontsidera daiteke ligako talderik onena, eta horren erakusle da, sailkapen nagusian Hibaika bigarren sailkatuari ateratzen dion sei puntuko errenta.
Tolosaldeak, bestalde, bere lana txukun eginez, itsasoari neurria hartu diola baieztatzen jarraitzen du, eta azken hiru estropadetan lortutako puntuei esker, ohorezko txandan mantentzen da. Gaur hirugarren izan dira eskualdeko arraunlariak, eta Kaiku bosgarren sailkatuari beste puntu bat atera dio sailkapen nagusian.
Kaikurekin mantentzen duen lehia estu hori, baina, denboraldi hasieratik duen kontua da. Larunbatean, Hondarribian izan zen estropada, eta bertan, seigarren postuan sailkatu zen Tolosaldea, 11 minutu eta 50 segundoko denborarekin, Hibaika txapeldunarengandik 37 segundora. Egun horretan, Sestaoko trainerua hirugarren izan zen, lehenarengandik 15 segundora.
Igandean, ordea, gauzak erabat aldatu ziren. Ondarroan, Donostiarrak irabazitako estropadan, hirugarren izan zen Tolosaldea, ligako bi talde onenen atzetik, irabazlearengandik 19 segundora. Aurreko eguneko esfortzua, berriz, gogotik ordaindu zuten Kaikukoek, eta seigarren izan ziren, eskualdeko arraunlariek 12 segundoko aldea atera zietelarik.
Gaur, berriz, Plentzian jokatu da ETE ligako estropada. Bertan, laugarren izan da Tolosaldea, Hibaikak irabazi duen estropadan. Errenteriarrek, 11 segundo atera dizkiete eskualdekoei, baina hori ez da albiste txarrena izan. Tolosaldeari hiru segundoko zigorra ezarri diote, eta hirugarren sailkatu den Deustok, segundo bakarra atera dio amaieran. Hortaz, zigorrik ezean, Tolosaldea hirugarren izango zen. Hala ere, Kaiku bosgarren sailkatu da, eta beraz, beste puntu bat atera ahal izan dio Tolosaldeak.
Asteburu honetan, Urumea eta Nerbioi ibaietan ospatuko dira estropadak, biak ere, Donostia eta Bilboko Aste Nagusien barruan. Horiek, gainera, Colindresen abuztuaren 25ean jokatuko den azkenaren aurrekoak dira. Hortaz, hiru estropada besterik ez dira geratzen Tolosaldeak bere helburuari eutsi, eta hilaren 30ean jokatuko den Kontxako Banderaren estropadarako sailkapen proban buru belarri jartzeko.
XXX. Plentziako Ikurrina:
1. Hibaika: 11:23,81
2. Donostiarra: 11:26,69
3. Deusto: 11:43,05
4. Tolosaldea: 11:44,32 (3 segundoko zigorra)
5. Kaiku: 11:46,57
6. Hernani: 12:02,85
7. Lea Artibai: 12:23,12
8. Colindres: 12:35,22
9. Lapurdi: 12:48,96
ETE liga, sailkapen nagusia:
1. Donostiarra: 75 puntu
2. Hibaika: 69 p.
3. Deusto: 66 p.
4. Tolosaldea: 54 p.
5. Kaiku: 49 p.
6. Hernani: 37 p.
7. Lea Artibai: 28 p.
8. Lapurdi: 16 p.
9. Colindres: 11 p.