Segalari bizkorrenen bila

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 15a, 16:06
Argazkiak: Almintza Sega Elkartea.

Almitza elkarteko 12 segalarik, larunbatean, Txekiar Errepublikan jokatuko den txapelketan hartuko dute parte. Guztientzat, berezia izango da, Euskal Herritik kanpo lan luze bat egiten duten lehen aldia izango baita. Tartean, eskualdeko lau partaide daude.

Atzo joan ziren segalariak Europa erdialdeko estatura. Guztira, 12 kirolarik hartuko dute parte, denentzat berria izango den txapelketa honetan. Larunbatean izango da proba, eta azkartasuna hartuko da kontuan, moztutako pisu kantitatearen gainetik.

Gizonezkoek, 750 metro karratuko eremua ebaki beharko dute, eta emakumezkoek, berriz, 350 metro karratukoa. "Inoiz ez dugu horrelakorik egin gure larreetatik kanpo, ez behintzat, iraupen luzeko lanik", aitortu du Garikoitz Llobregat Almitza elkarteko kideak.

Segalari guztien artean, lau dira eskualdekoak, eta gainontzekoak gipuzkoarrak dira. Tartean, nafartar bat ere bada. Emakumezkoetan, Ainhoa Mazkiaran altsasuarra eta Alaitz Imaz hernialdetarra izango dira Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak. Hauek, 2,5 x150 metroko saila ebaki beharko dute, norberak zorroztu beharreko sega bakarrarekin.

Gizonezko segalariena, bestalde, zerrenda luzeagoa da, baita lan luzeagoa ere. Bixente Mitxelena eta Jon Otegi oiartzuarrak, Koldo Arzelus eta Mikel Lizartza tolosarrak, Miguel Mari Altzo zaldibiarra, Suharri Irazustabarrena astigartarra, Andoni Goikoetxea gazteluarra, Jexux Mari Goenaga errezildarra eta Julen Gabirondo (Euskal Herriko txapeldun berria) urnietarra. Hauek, 2,5x300 metroko saila ebaki beharko dute. Gizonezkoek ere, eurek zorroztu beharko dute erabili ahal izango duten sega bakarra. Oier Mitxelena gaztetxoak ere bidaiatu du elkarteko segalari horiekin.

Txekian bertan, etxeko segalariez gain, Austriako, Alemaniako, Esloveniako nahiz Eslovakiako kirolariak izango dituzte aurkari. Maila handiko txapelketa izatea espero dute, "iaz, Suitzan jokatu zen Europako Txapelketako 20 segalari onenak gonbidatu dituzte eta".

Atzo abiatu ziren Txekia aldera, eta gaur, bertako hiriburua, Praga, bisitatzeko aukera izan dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!