Atzeko koadroetan dago aldea

Ataria 2018ko abuztuaren 8a

Jokin Altunak, bihar jokatuko du Gasteizko Ama Zuriaren torneoko finala, Zabaletarekin batera, Ezkurdia eta Rezustaren aurka. Hauek, Iñaki Artola eta Mikel Larunbe kaleratu zituzten astelehenean jokatutako finalerdian.

Ez dago eztabaidarako motiborik. Gasteizko Ama Zuriaren torneoaren barruan jokatu diren bi partidetan, Asegarceko atzelarien aldean, atzeko koadroetan aritzen diren Aspeko pilotariek gehiago asmatu dute, pilota gehiago atzeratuz eta baztertuz, eta horrelakoetan garrantzitsuena dena, gutxiago galduz. Hala izan zen astelehenean Artolak jokatutako partidan, eta gauza bera gertatu zen, atzo gauean, Altuna III.aren finalerdian.

Artolak, Mikel Larunberekin batera jokatu zuen, Ezkurdia eta Rezustaren aurka. San Fermin torneoko azken bi edizioetako txapeldunek, elkarrekin oso ondo moldatzen direla erakutsi zuten beste behin. Hasieratik nagusi izan ziren. Larunberi kosta egiten zitzaion Rezustari bizkarra erakustea, eta honen ezkerkadak geroz eta indartsuagoak ziren. Azkenean, Ezkurdia izan zen tanto gehien egin zituen pilotaria (8), eta atzelari galdakaoztarra, berriz, gehien galdu zituena (6). Alegiako aurrelari gaztea etengabe saiatu zen, eta tanto eder batzuk egin bazituen ere, ez ziren nahikoak izan. Estatistikak orokorrean hartuta, gorriek 5 tanto gehiago egin eta 5 gutxiago galdu zituzten. Azken emaitza 22-12koa izan zen.

Altunak, Zabaletarekin bikotea osatuz, eta Olaizola eta Albisuren aurka, atzo gauean jokatu zuen finalerdian, antzeko zerbait gertatu zen. Ataungo atzelariak, 8 galdutako izan zituen azkenean. Asko. Hala ere, tanto ugaritan egin zuten huts pilotariek. Azkenean, Zabaleta izan zen onena, eta Amezketako eta Goizuetako aurrelariek ez zituzten beste egun batzuetan izan ohi dituzten aukerak aprobetxatzeko gaitasunik izan. Lehen zati trakets baten ondoren, tanto bakarrera hurbildu ziren urdinak (11-10), baina gorriek 6 tanto egin zituzten jarraian, eta hor hautsi zuten partida. Azkenean, 22-15 Aspeko bikotea nagusi. Dirudienez, Altunari oso ondo datorkio Olaizolaren aurka aritzea, elkarren kontra jokatutako azken bost neurketak irabazi dizkio eta.

Ondorioz, finala bihar arratsaldean jokatuko dute Aspeko bi bikoteek. Final handia izatea espero da, une honetan Eibarko enpresan dauden lau pilotari onenak bilduko direlako. Ez dago faborito garbirik, eta finala, 17:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!