Iriarte eta Larrarte, hamabosgarren

Ataria 2018ko abuztuaren 7a

Pistako Txirrindularitzako Europako Txapelketan hartu dute parte, Glasgowen, arratsaldeko lehen orduan, Eukene Larrarte tolosarrak eta Ane Iriarte billabonatarrak. 15. postuan amaitu dute.

Dideriksen eta Leth danimarkarrek irabazi dute proba, 42 putu bilduta. Zilarrezko domina Errusiarentzat izan da. Badykovak eta Klimovak osatutako bikoteak 38 puntu eskuratu ditu. Podiumeko hirugarren kaxoia Wild eta Pieters herbeheretarrentzat izan da, 34 puntu lortu ostean. 

Iriartek (Bizkaia Durango - Euskadi Murias) eta Larrartek (Gipuzkoa Ogi Berri) -80ko puntuazioarekin amaitu dute, 15. lekuan. Bigarren erditik aurrera sailkatzeko asmoa bazuten ere, ez dute horrelakorik lortu, baina esperientzia honek asko ikasteko balio izan diela nabarmendu dute. 

Madison modalitatea berria izan da eskualdeko bi txirrindularientzat. Larrartek atzo ATARIAri azaldu zionez, duela astebete aritu ziren estreinekoz proba honetan, eta oraindik akatsak zuzendu behar dituztela aitortu zuen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!