Eskualdeko bi txirrindulari, kontinenteko onenekin batera

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 6a, 20:07
Ane Iriarte eta Eukene Larrarte, Torinoko belodromoan.

Eukene Larrarte tolosarrak eta Ane Iriarte billabonatarrak Glasgowen ospatzen ari den Europako Txapelketan parte hartuko dute, bihar. Bikoteka arituko dira Madison proban.

Aurtengo Europako Txapelketak, berrikuntzekin heldu ziren. Izan ere, zazpi diziplina desberdinetan ospatzen ari dira egun hauetan: Txirrindularitza, igeriketa, gimnastika artistikoa, golfa, arrauna, triatloia eta atletismoa. Guztiak, Glasgowen nahiz inguruetan ospatzen ari dira, atletismoko probak izan ezik. Atletak, Alemaniako hiriburuan, Berlinen, ari dira lehiatzen.

Txirrindularitzari dagokionez, pistan nahiz errepidean lehiatu beharko dute kirolariek. Belodromoko saioak, gainera, bihar amaituko dira, eta bertan, eskualdeko bi lasterkarik hartuko dute parte. Batetik, Eukene Larrarte tolosarrak, eta bestetik, Ane Iriarte billabonatarrak. Biek, Espainiako selekzioaren bikotea osatuko dute Madisonean. Proba, 13:00tan (Euskal Herrian, 14:00) hasiko da.

Bi partaideko taldeetan lehiatzen dira Madison probako txirrindulariak, eta tarteko esprinten bidez ematen dira puntuak. Erreleboak ematen aritzen dira lasterkariak, bultzadarekin, abiadura azkartzeko aprobetxatzen dutelarik. 5 kilometroro izaten da sprinta, guztira, 50 kilometro osatu arte. Horietan, lehen lauek lortzen dituzte puntuak (5, 3, 2 eta 1).

Bikote berri baten asmoak

Bi txirrindulariak, larunbatean heldu ziren Eskoziara. Duela astebete, estreinekoz aritu ziren proba honetan, Torinon (Italia). "Lehen aldia izateko, nahiko txukun aritu ginen. Hala ere, hobetzeko zenbait gauza baditugula ikusi genuen, eta horregatik, gure helburu nagusia akats horiek zuzentzea izango da", adierazi dio ATARIA-ri, Larrartek.

Duela bi urte sartu zen Madison proba emakumezkoen zirkuitoan. Hasieran, zaila zen erreferentzia garbiak izatea, baina orain askok teknikoki aurrerapauso handia eman dutela eta zaildu egin dela dio tolosarrak. "Maila altua da, Europako Txapelketan, 2020ko Tokyoko Joko Olinpikoetarako txartela lortzeko lehen puntuak banatuko baitira". Hori, nabaritu egingo dutela aitortzen du, herrialde bakoitza, txirrindulari onenekin joan delako.

Lehen aipatu bezala, duela gutxi sortutako bikotea da Larrarte eta Iriartek osatutakoa, berria, baina asmo garbi bat duena: "Ahalik eta errelebo onenak egiten eta aurrean ibiltzen saiatuko gara, helburu finkorik izan gabe". Lasterketari erreparatuz, bost bikote, besteak baino indartsuago ikusten dituzte, eta aurreko postuetan ibiliko direla uste dute. "Gero, bigarren maila batean, gainerako bikoteak egongo gara; guk ere, hor egotea espero dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!