Julen Gabirondo, Euskal Herriko txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 5a, 18:56

Asteasuko Sarobe baserriko larreetan jokatu da, gaur eguerdian, Euskal Herriko sega txapelketako finala. Saio hunkigarria izan da, izan ere, ostiralean zendu zen Mikel Garaialde urnietar gaztea omendu dute. Eskualdekoen artean, Jokin Etxeberria amasarra bigarren izan da eta Andoni Goikoetxea gazteluarra, berriz, hirugarren.

Adituen arabera, Jokin Etxeberria faborito bazen ere, hasieratik bukaerara, sekulako indarra erakutsi du Julen Gabirondo urnietarrak. Bera gailendu da Euskal Herriko sega txapelketan, eta lagun zuen Mikel Garaialderi eskaini dio garaipena amaieran. "Duela hiru urte, zuri esker lortu nuen txapela, eta aurtengoa ere zuk emandako indarragatik izan da. Eskerrik asko guztiagatik eta maite zaitut". Bestetik, eskerrak eta animoak eman nahi izan dizkie gertuko guztiei. Garaialde bera ere herri kirol zalea zen, eta Gabirondoren irakaslea izandakoa ere bai. Iaz lortutako garaipenari, hortaz, jarraipena eman dio, gaur, Gabirondok.

Finala hasi baino lehen, minutuko isilunea egin dute bertan zeuden guztiek, Garaialde oroitzeko. Gaurko saioan, gainera, lazo beltz bat eman dute jantzita partaide guztiek. Partaide guztiak, hunkituta agertu dira amaieran, baina batez ere, Gabirondo animatzera joandako urnietarrak.

Hutsune horrek, ordea, indar handia eman dio segalariari, eta bera izan da bero sargoriari aurre egiten gehien asmatu duena. Amaieran, guztiengan nekea nabari bazen ere, Gabirondok, baita orduan ere, indarra ateratzeko gaitasuna izan du. Laurek egin behar izan duten ahalegina izugarria izan da, tenperatura altuen azpian, ordubetez lanean aritu behar izan dutenean.

Ordubetera luzatu da saioa, baina lehen erdia igarota, Etxeberria eta Gabirondo aurretik zirela argi ikusten zen. Biak ere parean aritu dira, eta hirugarren posturako lehia ere oso estua izan da amaierara arte. Eta saioa bukatu arte animatzen aritu diren ikusleen artean, gehien nabarmendu direnak, urnietarrak izan dira, Gabirondoren zaleak. Etengabe aritu dira herritarra txalotzen eta berari oihuka animatzen.

Biltzaile eta pisatzaileen lanak amaituta, epaileek egin dituzte batuketak, eta ondoren, sari banaketaren txanda iritsi da. Orduan heldu da eguerdiko unerik hunkigarriena, Gabirondok txapela gora jaso eta garaipena lagunari eskaini dionean. Ondoren, guztiek batera argazki bat atera dute.

Igor Esnaolak ere ez du berehalakoan ahaztuko gaurko saioa, eta ez bera izan delako zigorrik jaso ez duen segalari bakarra. Sega txapelketak uzteko asmoa azaldu zuen, eta hau izan da bere azkeneko finala. Oso gustura amaitu duela adierazi du, eta ondoan izan dituenez oroitu da ondoren. "Ibilbide polita egin dut, baina horren errudunak beti alboan izan ditudan Xanti Aizpurua eta Alatzne Etxaburua dira. Beraiei esker heldu naiz honaino, baina buruak baietz esaten didan une berean, gorputzak ez du berdin erantzuten".

Euskal Herriko hiru txapelekin esan dio agur legorretarrak. Eta gaurkoarekin hiru ere irabazi dituena Gabirondo da. Goikoetxeak bakarrarekin jarraituko du oraingoz.

Euskal Herriko Sega Txapelketa 2018:

1. Julen Gabirondo: 2571 kilo (2 txartel gorri).

2. Jokin Etxeberria: 2434,5 kilo (3 txartel gorri).

3. Andoni Goikoetxea: 2216,5 kilo (Txartel gorri bat).

4. Igor Esnaola: 2170,5 kilo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!