Eneko Maizek Gipuzkoako Paxaka Txapelketa irabazi du

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 3a, 20:50

11-13 irabazi du, Alvarez hernaniarrarekin batera, Urbieta lehengusuen aurka. Finalean Behar Zana Pilota Elkarteko Iñaki Lizaso ordezkatu du Maizek.

Txiripaz jokatu du Gipuzkoako Paxaka Txapelketako finala Eneko Maiz billabonatarrak. Izan ere, txapelketa osoan zehar Behar Zanan taldekide duen Iñaki Lizasok osatu du bikotea Alvarez hernaniarrarekin.

Ligaxkan aurrera egin, eta finalaurrekoan irabazita, Lizasok ezin izan du azken neurketa jokatu, kanpoan baitzegoen. Eneko Maizek ordezkatu du.

Eskualdeko bikote bat izan dute aurkari finalean: Jon Urbieta asteasuarra eta Andoni Urbieta larrauldarra. Ez edonolako bikotea, gainera, eurak izan baitira azken bi urteotako txapeldunak.

Bi lehengusuak aurretik joan dira neurketaren gehiengoan. 11-7 ere jarri dira, baina Maizek eta Alvarezek markagailua irauli dute, eta txapela jantzi dute.

Oiartzungo kontzejupean jokatzen da Gipuzkoako Paxaka txapelketa, eta Ataria-ri adierazi dion moduan, sekulan bertan jokatu gabea zen Maiz: «Zulo eta iskin asko daude, eta horrek jokoa zailtzen du. Hasieran lekua ezagutu arte kosta egin zait, baina ondoren jokora ohitu eta irabaztea lortu dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!