Eskualdeko trainerua sustatzeko hitzarmena sinatu dute Tolosako Udalak eta TAKek

Ataria 2018ko abuztuaren 3a

Urtebeteko iraupena izango du hitzarmenak, eta trukean 10.000 euroko diru-laguntza jasoko du arraun klubak, Tolosaldeko traineruaren proiektua gauzatzeko. Olatz Peon alkateak eta Sabino Alijostes TAKeko lehendakariak izenpetu dute.

Diru laguntza honen bidez, emakumeen trainerua arlo lehiakorrenean sustatzea bermatu nahi da, kirol materialarekin, taldearen joan-etorriekin, zerbitzu teknikoekin, mediku zerbitzuekin, federazio gastuekin, aseguruarekin edota publizitatearekin lagunduz.

Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du «oso pozgarria eta garrantzitsua» dela Tolosaldea emakumezkoen taldea berriro arraun liga profesionalean izatea: «lanketa handia du atzean eta bereziki arraunlarien dedikazio ikaragarria. Harro sentiarazten gaitu astebururo eskualdeko trainerua ur handitan ikusteak».

Emakumeen kirola sustatzea ere ezinbestekoa dela iritzi dio Tolosako alkateak, «sozialki, berdintasunean, kiroltasun balioen transmisioan eta ohitura osasuntsuei begira suposatzen duen balioa handia delako: Kirolean, eta arraunean bereziki, aurrerapauso ugari eman badira ere, ehuneko handi batean gizonezkoek osatua izaten jarraitzen du, bi modaliteen artean desberdintasunak egonaz, eta hori medio, emakumezkoen ligan gure emakumeen arraun kluba izateak bidea egiten du ere berdintasunaren errotzean eta hezkidetzan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!