ETE ligan ohorezko txandako postuetan mantentzea lortu badute ere, atzo, lehen txandan aritzea egokitu zitzaien eskualdeko arraunlariei. Hondarribia eta Donostiarra traineruekin batera lehiatu ziren Lekeition ospatutako estropadan. Hondarribiarrak ziren txanda irabazteko faborito nagusiak, eta hala demostratu zuten, hasi eta buka.
TAK-eko kideen helburuak, berriz, Donostiarra eta Deusto taldeen antzeko denboretan, eta laugarren posturako borrokan ibiltzea ziren. Hala ere, txanda horretan, Hondarribia bezain indartsu aritu zen Donostiarra, eta Tolosaldeko Arraun Klubekoek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Estropada, bi txandetan, antzeko baldintzetan jokatu zen. Gainera, haizeagatik edo, guztiek, lehen luzea baino dezente bizkorrago egin zuten bigarrena. Esaterako, eskualdeko neskek, lehen ziabogan segundo asko galdu zituzten aurkariekiko, baina bigarren luzean Deustokoak baino bizkorrago aritu ziren.
Bizkaitarrak, bigarren txandan aritu ziren, baina orduan, sanjuandarrek eta oriotarrek, denboraldian zehar ematen ari diren erakustaldiei jarraipena eman zieten. Hortaz, diferentziak ere izugarriak izan ziren lehen bien eta hirugarren eta laugarrengoen artean. San Juanek irabazi zuen txanda, 8 segundoko abantailarekin. Haiek izan ziren 11 minutuen langatik jaistea lortu zuten bakarrak, eta hortaz, estropada ere bereganatu zuen. Ondorioz, Nerea Perez, Irati Larrañaga eta Ioana Alijostes tolosarrak, Euskal Herriko txapeldunak dira.
Orain, eskualdeko emakumeei, ETE ligako estropadetan buru belarri pentsatzen jartzea besterik ez zaie geratzen, eta ea banderaren bat gehiago lortzeko aukera izaten duten.
Euskal Herriko Emakumezko Traineru Txapelketa:
1. San Juan: 10:55:03
2. Orio: 11:03:06
3. Hondarribia: 11:28:15
4. Donostiarra: 11:39:73
5. Deusto: 11:59:09
6. Tolosaldea: 12:19:68
7. Lea-Artibai: 12:43:59