Eneko Otañok irabazi du Gipuzkoako Bigarren mailako Aizkora Txapelketa

Ataria 2018ko uztailaren 30a

Lehen mailako aizkora txapelketako protagonistak. Argazkia: Uztarria

Gipuzkoako bigarren mailako Aizkolari Txapelketa jokatu zen atzo Asteasuko pilotalekuan, eta Eneko Otaño izan zen garaile.

Lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki behar izan zituzen. Otañok 15 minutu eta 15 segundoan amaitu zituen lanak, eta lehen aldiz jantzi du Gipuzkoako txapela. Euskadikoa irabazi zuen, duela bi urte.

Bigarren postuan Aratz Mugertza mutrikuarra –lehen mailako txapeldun izan den Ugaitz Mugertzaren anaia– sailkatu zen, 45 segundora. Jexux Mari Mujika ibartarrak osatu zuen podiuma, Jon Irazu zizurkildarraren aurretik. Luis Mari Txapartegi izan zen bosgarren, eta Jokin Alkizalete seigarren.

Otaegi, laugarren lehen mailan

Joan den astean, berriz, Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zen Mendaron. 54 ontzako launa enbor, 60 ontzako launa eta 72 ontzako bina ebaki behar izan zituzten. Ugaitz Mugertza (33:13) izan zen azkarrena. Iñaki Azurmendiri ia minutuko tartea atera zion, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra hirugarren izan zen. Joseba Otaegi zizurkildarra, berriz, laugarren postuan sailkatu zen.

1- Ugaitz Mugertza: 33:13
2- Iñaki Azurmendi: 34:10
3- Mikel Larrañaga: 34:62
4- Joseba Otaegi: 35:39
5- Julen Alberdi Txikia: 35:48
6- Xabier Zaldua: 39:2

Hurrengo hitzordu garrantzitsua Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!