Villabonako Santio jaiak 2018

«Herri hau dantzan ipintzearren, eskerrik asko benetan»

Mikel Iraola 2018ko uzt. 27a, 20:35

Erraldoi topaketa egin dute, lehen aldiz, Villabonan. Erraldoi zaharrei agur esateko eta berriei ongietorria egiteko ere baliatu dute hitzordua.

Arrakastatsua izan da Villabonako I. Erraldoien Konpartsen topaketa. Jendez, eta noski, erraldoiez bete dira Villabonako kaleak arratsaldean. Orotara 18 erraldoi atera dira, bertan izan baitira Zizurkilgo, Berako, Añorgako eta Usurbilgo konpartsak.

Gainerakoen baimenarekin, eguneko protagonista nagusiak Villabonako zortzi erraldoiak izan dira. Izan ere, aurten berritu egin dituzte bi bikoteak, aurrekoen egoera kaxkarra dela-eta. Horrexegatik, eta gainerako egunetan ere kalera atera diren arren, belaunaldi aldaketa egiteko baliatu dute gaurko topaketa.

Baserritar bikoteak, eta Pedro Yarza, Villabonako Besamotza, izenez ezagutzen den pilotariak eta Amasako Iturrigoxoko emakumeak, beraz, itxura berria izango dute.

Ohiko ibilbidea egin dute, kalejiran, Loatzo musika eskolako Jeronimo dultzaina taldeak eta trikitilariek alaituta. Jendetsua izan da, gainera. Plazatik irteten lehenak herriko erraldoi berriak izan dira, ondoren beste herrietakoak, eta amaieran, gaur azken dantzak egin dituzten erraldoi zaharrak.

Berriro ere Errebote plazara itzultzean egin dute agur ekitaldia. Ohorezko pasilloa egin diete erraldoi zaharrei, eta lauak aritu dira dantzan. Gero, lerroan jarri eta agurra dantzatu diete bertan izan diren konpartsa guztietako kideek. Bertsoak ere eskaini dizkiete, erraldoiei nahiz konpartsako kideei: «Herri hau dantzan ipintzearren, eskerrik asko benetan».

Ekitaldiari amaiera emateko guztiek batera dantzatu dute, eta doinu afrikarren erritmopean erretiratu dira bakoitza bere txokora. Guztia amaitutakoan, talde argazkia ateratzen ari ziren unean plazan bildutako jendeak txalo artean hartu ditu Villabonako Besamotza Konpartsako kideak. Une inprobisatu bezain ederra.

Jarrai dezatela guztiek luzaroan herria dantzan jartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!