[GUTUNA] Agur eta ohore, Batix

Jokin Aranalde, Peio Odriozola, Jon Mindegiaga, Joxe Arzailus eta Jokin Urdanpileta 2018ko uzt. 24a, 08:00

Memoria naizela akordatzen naiz; memoria ala ia ezer ez», Sarrionaindia. Gure belaunaldia zinez tristea, iluna, beldurtua, espainolizatua izan huan. Esan genezakek hil zorian zegoen herri bat jaso genuela, bai, hil zorian bere zentzurik sakonenean.

«Casero edo borono» espainola ondo menperatzen ez genuenontzako beti gure belarri izkinean. Langile bezala esplotazio latza, euskaldun bezala umiliatuak. Gure herri txikienetan ere gazteria espainolez barra-barra, euskara lau baserritar eta ezjakinen hizkuntza zelakoan.

Ez huan erraza garai horretan borrokatzea, diktadura bortitz eta maltzur baten pean. Beldurragatik jendeak bazter nahastailetzat gintuen. Lau katu gintuan garai hartan (1960ko hamarkadan), baina guretzako naturala huan ezkerreko eta abertzale izatea.

Memoriarik gabeko belaunaldia, bai; ez genekien Gernika zeinek erre zuen. Entzuten genian gorriek erre zutela, separatistek, separatista-gorriek, nazionalistek eta abar. Erreketeak bazirela, Montejurrara joaten ikusten genizkian txapel gorriak jantzita gure herrietatik zenbait jende. Gogoratuko haiz, esaterako, Tolosatik Izaskunera egindako manifaz, bertako eremuetatik bandera espainol-erreketeak kendu zituztelako. Edota Franco Donostiara etortzen zela eta gure herrietatik alkate eta hautetsiak joaten zirela babesa ematera. Baita nola, gerra bukatu ondoren, emakumeak ilea moztuta paseatzen zituzten Tolosako kaleetan barrena. Eta horrela, abar luze bat. Bai, memoriarik gabeko belaunaldia, «ia ezer ez». Guk, euskal gaztedi berriak, «Kenedi Kennedy gure laguna da, anai bat bezala» kantatzen genian, Kennedyren beraren agindupean Vietnamgo herri xumea airetik botatako bonba amerikarrek kixkaltzen zuten bitartean. Gaur, imajinatzen al duk gure gazteria, «Trump gure laguna da, anai bat bezala» kantatzen?

Egia duk herria pittinka-pittinka beldurra galtzen hasi zela ere, ETA indarra hartzen hasi zen heinean. Hik euk larrutik ordaindu huan, hamar egun polizia espainolaren eskuetan tortura latzak pairatuz, baita kartzela ere. Hik oso ondo dakik emakume eta gizon librez osaturiko herri baten alde borrokatzeak horrelakoxe ondorioak dituela. Guk terrore hori gure barrenean diagu, eta eramango diagu, baina beti lanean, borrokan apal-apal, xume-xume.

Garai hartan borrokatzen genituen baloreak (memoria, askatasuna, berdintasuna, hizkuntza, kultura, zazpiak bat eta abar luze bat) gaur masiboki aldarrikatzen dituk kale eta instituzioetan, harro eta pozik.

Bazekiagu lasai-lasai itzali haizela; hi hor, beti hor. Egin ezak lo lasai, merezi duk-eta. Bizitzan zer ederragorik, emakume eta gizon librez osaturiko herri libre baten alde borrokatzea baino?

Agur eta ohore, Batix.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!