Lehiatik gertuago jarri ditu, ETE ligak, Euskotren ligan ari ez diren ontziak. Berria egunkariak ilusio pizgarritzat deskribatu zuen, atzo, liga sortu berria eta, Tolosaldeko traineruaren lehen denboraldiarentzat aldeko haizea izaten ari da emakumezkoen bigarren maila. Asteburuan, bi jardunaldi izango ditu traineru urdinak, ohorezko txandari eutsi, eta lehen lau postuetan sendotzeko.
Izan ere, Donostiako estropadan lau onenetan sartzea lortu eta gero, Tolosaldeak eutsi egin zion, joan den asteburuan, mailari: Kaikuri segundo bakarreko aldea aterata, laugarren sailkatu ziren Camargoko (Cantabria, Espainia) banderan. Atzetik aurrerako lana egin zuten, gainera, ziabogan Hernaniren atzetik baitzen eskualdeko ontzia.
Horrela, ETE ligako sailkapen orokorrean ere laugarren da Tolosaldea, 12 punturekin; hiru puntura dute hirugarren sailkatua, Deusto, eta Donostiarra liderrak 17 eskuratu ditu.
Bihar Orion ariko dira, 11:00etatik aurrera, eta Pasaian jokatuko dute, igandean, Errenteriako ikurrina; 15:30ean hasiko da lehia.
Ura bere bidetik
Euskotren eta EuskoLabel liga gorenetan arrosaren eta urdinaren nagusitasunak hartu zituen, joan den astean ere, urak.
Horrela, datozen bi egunetan puntu dantza horren aurka egiten saiatuko dira traineruak. Pasaian ariko dira bihar arratsaldez, eta Orioko uretan jokatuko dituzte, igande eguerdian, estropadak.