Mont-de-Marsan eta Zaballa lotuko dituzte, Joxe Arregi plazatik pasata

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 13a, 18:25

'Orain Presoak' dinamikak bizikleta martxa antolatu du uztailaren 20tik 23ra "konponbidearen alde pausoak emateko unea delako". Uztailaren 22an iritsiko da bira Tolosaldera.

Euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen antolatu dute Orain Presoak Tour delako bizikleta martxa, Mont-de-Marsan (Okzitania) eta Zaballako (Araba) kartzelak lotuko dituena. "Konponbiderako, bizikidetzarako eta bakerako" unea dela uste dute Orain Presoak dinamikaren bultzatzaileek, "eta hainbeste sufrimendu eragin duen ziklo luzea bukatzeko aukera iritsi dela" iritzi diote. 

Azken hilabeteotako dinamikak presoen hurbilketa batzuk ahalbidetu ditu. Otsailetik hemeretzi preso hurbildu ditu Frantziak, Mont-de-Marsango (Euskal Herritik 160 kilometrotara dago) eta Lannemezango (Euskal Herritik 230 kilometrotara dago) kartzeletara. "Mugimendu oso positiboak dira, baina konponbiderako lehen pausoak besterik ez izatea espero dugu", esan dute Orain Presoak dinamikatik. "Preso guztiak hurbildu behar dira, euren senideengandik gertu egon daitezen eskatzen dugu eta Espainiako gobernua Frantziako estatuak hasitako bide beretik segitzea espero dugu".

Egungo espetxe politika aldatu eta urrunketa politikaren aurkako ahotsak entzun dira azken aldian, "iraganeko kontuak" direla esanez. Orain Presoak dinamikak gogorarazi du, "oso bizirik dagoen kontua" dela. Azpimarratu duenez, "asteburuz asteburu ehunka senide eta lagunek kotxea, trena edota hegazkina hartu eta ehunka kilometro egitera behartuak dira. Azken asteotako bi istripuek erakusten dute urrunketa politika ez dela, oraindik, iraganeko kontua".

Gai honekiko euskal gizarteak duen "iritzi eta desioa" zein den argi dagoela uste du presoen eskubideen aldeko dinamikak eta hori irudikatzeko antolatu du Mont-de-Marsan espetxea eta Zaballakoa lotuko dituen bizikleta martxa, lau etapatan banatuta.

Uztailak 20, ostirala

Mont-de-Marsan - Baiona. 80 kilometro. 10:00etan Mont-de-Marsanen hasiera; 13:00etan Saint Aubin herrian bazkaria; 16:15ean Ahurtira iritsiera; 17:00 Baionan etaparen amaiera.

Uztailak 21, larunbata

Baiona - Donostia. 55 kilometro. 09:30ean BAionako gaztetxetik irteera; 10:45ean Donibane Lohitzunera iritsiera; 11:30ean Irunen geldialdia, Ficoban jendea batu dadin; 13:30ean Oreretan bazkaria; 17:30ean Donostiako Zuloaga plazan etaparen amaiera.

Uztailak 22, igandea

Donostia - Altsasu. 85 kilometro. 09:00etan Donostiatik irteera; 10:30ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan jendea batzeko geldialdia; 13:30ean Ordizian bazkaria; 18:30ean Altsasun etaparen amaiera.

Uztailak 23, astelehena

Altsasu - Zaballa. 88 kilometro. 09:00etan Altsasutik irteera; 11:45ean Gasteizera iritsiera; 13:30ean Gasteizen bazkaria; 17:00etan Zaballan tourraren amaiera.

Uztailaren 20an, Mont-de-Marsan espetxera joateko autobusa abiatuko da 07:00etan Donostiako Boulevardetik. Itzuli osoa egin nahi duenak, aurrez eman beharko du izena Internetez eta 50 euro ordaindu beharko ditu. Izena ematen dutenei jateko lekua eta lotarakoa bermatuko diete antolakuntzatik, eta furgonetan motxila eta lo zakua eramango diete. Etapaka ere eman daiteke izena, eguneko 15 euro ordainduta.

Hala ere, Tolosaldeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, igandean, uztailaren 22an eskualdetik pasatzen denez, Zizurkilen hitzordua egin eta martxarekin bat egiteko deia luzatu diete herritarrei. 11:00etan izango da zita Joxe Arregi plazan eta handik abiatuta, Anoeta, Tolosa eta Alegia zeharkatuko ditu. Aurrera egin nahi duenak, Ordizian bazkaltzeko aukera izango du.

Antolakuntzatik hainbat gomendio eman dituzte bizikleta martxari begira. Esate baterako, itzuliaren ibilbidea begiratuta, errepideko bizikleta eramatea gomendatzen da. Gainera, etapak 80 kilometroren bueltakoak izanik, bizikletan ibiltzeko ohitura izatea komeni dela dio antolakuntzak. Hala ere, itzuli guztian zehar bizikletak konpontzeko materiala ziurtatuko dute eta konponketak egiteko arduradun bat egongo da. Anbulantzia eta mediku baten presentzia ere izango dira uneoro.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!