Elkartasunak blaituta

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 13a, 09:23

Joan den asteburuan izan zen Marea Urdina zeharkaldia, autismoaren alde; Tolosaldeak ere egin zuen ekarpena, eta Andoni Matxain aritu da sare hori guztia osatzen.

Gipuzkoako kostaldean 64 kilometroko zeharkaldia igerian osatzea. Hori zen, Marea Urdinaren helburua, autismoa gizarteratzearen alde, joan den asteburuan.

Igerian batzuk, miliak erosiz beste askok, ehunka gipuzkoarrek bat egin zuten, elkartasunak blaituta, eta Tolosaldea ere batu zen lehen Marea Urdin horretara.

Andoni Matxain ordiziarra izan da errudunetako bat. Tolosan bizi da, Alliri auzoan, eta zendutako izeba baten bidetik sortu zitzaion egitasmoan laguntzeko gogoa: «Nire izebak bazuen autismoa zuen iloba bat, eta nolabait horrek piztu zidan gogoa», dio.

Horrela, Irizar enpresaren babesletza eskuratzearekin batera, bere bizilagunekin hasi zen: «Korrikak egiten duen moduan, aukera zegoen itsas miliak erosi eta Marea Urdinari laguntza ekonomikoa emateko. Azkenean, bi milia erosi genituen hamalau pertsonaren artean».

Tolosaldea IKTko igerilarien nahiz Tolosaldeko Triatloi Taldeko kideen babesa ere lortu zuen Matxainek, zeharkaldirako, izan ere, antolakuntzak gonbidatutako igerilari entzutetsuekin batera, beste ehunka igerilarik parte hartu zuten.

Andoni Matxain bera ere parte hartzekoa zen, baina, azken orduan Gasteizko triatloiko dortsala lortu, eta bertan parte hartzea erabaki zuen, helmuga Marea Urdineko banderatxoarekin zeharkatuz.

Datorren urtean ere, autismoaren aldeko olatua handitzeko lanean ariko dela dio Andoni Matxainek, eta horretarako eskualdeko herritarren elkartasuna ezinbestekoa izango zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!