«Guztiok errespetatu behar ditugu trafiko arauak, denon segurtasunerako»

Mikel Iraola 2018ko uzt. 15a, 11:30

Aitor Ayerzak urteak daramatza txirrindulari gazteak hezten Oriako Txirrindulari Eskolan. Ondo asko ezagutzen ditu errepideko bi ikuspuntuak: gidariarena eta txirrindulariarena. Elkarren arteko errespetuaz, segurtasunaz, heziketaz eta kontzientziaz mintzo da 'Ataria'-rekin.

Jose Carlos Carrasco eta Nerea Agirre billabonatarren heriotza kolpe gogorra izan da eskualdean, baita Oriako Txirrindulari Eskolako kideentzat ere, bertan ibiltzen baita bikotearen semea, Orats.

Aitor Ayerza (Berrobi, 1967) taldeko lehendakariarentzat ez da kasualitate hutsa izan. Honen atzean testuinguru bat dagoela azaldu du. Gertakari horrek berriro ere lehen lerroan jarri du txirrindulari eta gidarien arteko elkarbizitzaren auzia. Guztientzat lekua dagoela aldarrikatu du Ayerzak, eta horretarako gakoa elkar errespetuan dagoela uste du. Mezua argia da: «Trafiko arauak errespetatzea guztion ardura da».

Garrantzitsuena, zer moduz zaudete?

Hobeto, zerbait esatearren. Egunak pasa ahala ari gara mentalizatzen, baina oso gogorra izan da. Ez dakit malkorik geratzen zaidan ere. Jendeak ere babes asko eman digu. Joan den igandean jendearen partetik jaso genuen erantzuna izugarria izan zen.

Hasi aurretik argitzea komeni da: istripua edo errepideko indarkeria da?

Kasu hau indarkeria da, dudarik gabe. Berriz diot, kasu hau. Gerta daiteke bestelako istripuren bat. Denoi gerta dakiguke. Baina honakoan ez da hori gertatu. Pertsona batek baimendutako alkohol tasa bost aldiz gaindituta eta asegururik gabe gidatu du. Istripua eragin, gelditu, autotik jaitsi, panorama ikusi eta alde egitea erabaki du. Hori ez da istripua, zerbait larriagoa da.

Zure ustez zerk bereizten du istripu izan ala indarkeria kasua izan?

Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeak, alde batetik. Ezin da horien eraginpean gidatu, eta mila bider errepikatu arren bada hori egiten jarraitzen duenik. Bestea da alde egitearena, laguntzarik eman gabe.

Arazo baten aurrean gaudela esango zenuke?

Bai, guztiz. Baina, oro har, gizartean dago arazoa. Eta sumatzen dut okerrera doala, gainera.

Zer egon daiteke arazo honen atzean?

Gizartearen egoera islatzen duela esango nuke. Etengabeko estres egoera batean murgilduta dago gizartea, presaka, itota, urduri. Errespetua ere galdu da, asko. Eta gauza askorekiko. Gustuko ez dugun zerbaiten aurrean, purrusta da lehen erantzuna. Ez dugu segundo bakar batez ere zain egoteko pazientziarik. Tropel bat aurreratzea Hamar segundoko kontua da, eta 30 badira ere itxaroten jakin behar da. Autoak kamioi eta traktoreen atzetik joaten dira, eta aurreratzeko aukera duten arte. Zergatik txirrindulariekin ez? Ahulagoak direlako?

Nagusitasun nahia ere egon daiteke atzean?

Baliteke. Autoa hartzean uste dugu gehiago garela, guk dugula kontrola bizikleta baten aurrean. Eta ez da horrela. Guztiok dugu errepidean egoteko eskubidea, baita lekua ere. Hala ere, badira beste elementu batzuk ere: errepideen egoera, sentsibilizazio falta, mugikorren erabilera...

Zein da txirrindulari baten egoera errepidera ateratzen den unean?

Euskal Herrian, orokorrean, errespetu handia dagoela uste dut. Hala ere, badira arriskuak, eta gertatzen dira istripuak. Gauza batzuk guk geuk ekidin ditzakegu, baina beste batzuk hirugarren batzuen esku daude. Eta orain horrek sortzen du beldur gehien, ez baitakizu zer topatuko duzun.

Txirrindularitza zale, guraso eta txirrindulari eskola bateko lehendakari zaren heinean beldurra sentitu izan duzu?

Beldur gehien aita bezala sentitzen dut, askotan bakarrik joaten direlako semeak. Askotan ez dakit autoarekin atzetik laguntzera joan edo ez. Eskolako gaztetxoekin ere tentuz joaten gara, autoekin babestuz. Ni neu ateratzen naizenean neurriak hartzen ditut, eta agian ez dut horrenbesteko beldurrik sentitzen. Baina gazteekin bai. Eta gehiagora doa beldur sentsazioa.

Beldurra zergatik?

Kasu gehiago entzuten direlako egunetik egunera. Berriz diot, Euskal Herri mailan, baita Tolosaldean ere, errespetu handia dago. Burugaberen bat topatzeko beldurra, ordea, leku guztietan dago. Garai batean beldur nagusiena erorketaren bat izatearena izaten zen. Beldur hau ezberdina da.

Gorrotoa sentitu izan duzu?

Bai, baina puntualki. Gehienbat errepidean lanean dabiltzanen aldetik: banatzaileak, garraiolariak... Ez da orokorra, baina badaude kasuak.

Nola sor daiteke errespetuan oinarritutako elkarbizitza bat errepidean?

Trafiko arauak errespetatzea da garrantzitsuena. Guztiok: bai txirrindulariok, baita gidariok ere. Gidari bat jarriko nuke ibilbide bat egiten bizikletaz, eta txirrindulari bat bide bera egiten autoz. Bi ikuspuntuetatik bada zer ikasi. Ni bietan ibiltzen naiz eta gauza ezberdinak ikusten ditut. Saiatzen naiz bestearen buruan jartzen. Txirrindulariok ere lagundu egin behar dugu, segurtasuna irabazteko. Gero, gaztetxoengan jarri behar da fokua. Umetatik trafiko arauak ongi irakatsi behar zaizkie.

Oriako Txirrindulari Eskolan, adibidez, nola hezten dituzue gaztetxoak?

Heziketa mota ezberdinak dira. Neguan, esaterako, federazioari esker belodromoan entrenatzeko aukera dugu kadete eta jubenilekin astean hiru egunetan. Pistako entrenamenduak onak izaten dira zuzen joaten ikasteko. Errepidean ahalik eta mugimendu gutxien egitea komeni da, ezkerrera mugituz gero autoak hor daudelako. Gero, udalarekin harremanetan gaude aterpe bat utz diezagun, ginkana batzuk antolatzeko. Batik bat, horrelakoak egiten dira bizikleta gaineko gaitasuna lantzeko. Martxotik aurrera, ordu aldaketarekin batera, errepideko entrenamenduak egiten hasten gara. Euririk ez badago, arriskua bikoitza baita bestela. Hasieran hitzaldi bat ematen zaie jarraibide guztiekin, eta irten aurretik beti errepikatzen diegu nola joan behar duten.

Eta zer nolako neurriak hartzen dituzue errepidera irteterako orduan?

Hogei laguneko taldea gara askotan. Gurasoei laguntza eskatzen diegu beti, eta zentzu horretan zorte ona dugu. Oratsen aita beti etortzen zen horietakoa zen, esaterako. Talde txikitan antolatzen ditugu gero, eta horietako bakoitza guraso pare batekin joaten dira. Horrez gain, atzetik ahal dela taldeko kotxea joaten da, argiekin, gaztetxoak babesteko. Azkenaldian, adibidez, gure txirrindulariei esaten diegu argiak jartzeko, horrek ere laguntzen duelako.

Zaharragoak, ordea, beren kabuz irteten dira. Eta kasu horietan zer egiten duzue?

Bai, azkenean ordutegiak asko aldatzen dira adinean gora egin ahala, eta ateratzen dira taldean, taldekideak batera. Astean behin talde osoa ateratzen da zuzendariarekin, talde giroa egiteko. Autoa ere hor doa, babestuz. Baina hori gehienez egun batean izaten da. Gainontzean, beraiek badakite nola joan behar duten. Esaten diegu leku batzuetan binaka joateko aukera dutela, baina beste batzuetan, segurtasunagatik, lerro bakarra osatzeko. Berriz diot, txirrindulariok ere lagundu egin behar dugu errepidean: gidariei keinuak egin, paso eman, erabat zabalduta ez joan, erditik ere ez... Gidariek ere eskertu egiten dute. Ezin dugu jolasean joan. Gu gara ahulenak errepidean. Eta arau guztiak errespetatuz bagoaz ere, gidariak ahalik eta gehien lagunduz gero, hobeto. Gure esku dagoena egin behar dugu segurtasuna irabazteko.

Txirrindulari bezala autokritika egingo zenuke?

Bai, handia gainera. Gehienbat zikloturistekin. Arauak errepetatzeko daude, autoan zoazenean bezala. Gaztetxoekin entrenatzen ari garela, gertatu izan zaigu arau urraketak txirrindularien aldetik ikustea. Ikaztegietan, adibidez. Semaforoa gorri egon, eta nahiz eta ez dagoen autorik, gu gelditu. Eta zer eta alboetatik zikloturista talde batek aurreratu. Hori ez da bidea, ez dago batere ondo. Nahiz eta ikusgaitasuna izan, arauak errespetatu behar dira. Nik noizbait izan dut eztabaidaren bat, arau hausteren bat ikusi izan dudanean. Eta batzuetan esaten dizute batez besteko denbora jaitsiko zaiela. Barkatu, zer? Martxa zikloturista batzuetan dagoen lehiak ez du mesederik egiten. Horrelako martxak antolatzen ditugunean Ertzaintzak eskatzen digu arauak betearaztea. Eta guk esan, esaten dugu. Baina batzuk ez digute kasurik egiten. Eta hor liskarrak. Ardura hori antolatzaileena al da, ba? Azkar doazen askok ez dituzte arauak errespetatzen. Atzean doazenek gehiago: anoa guneetan gelditu, trafiko arauak errespetatu... Hori da benetako zikloturismoa. Bistan da badagoela zer hobetu.

Lege aldetik babes falta duzuela azpimarratu duzue behin eta berriz. Zertan da egoera?

Legea oso gaizki dago txirrindularientzat. Irakurri dut Leongo istripua eragin zuen gidariari gehienez lau urteko zigorra baino ez diotela ezarriko, ziurrenik. Beste kasu batzuk ikusi besterik ez daude. Edanda gidatu, istripua izan eta hildakoak eragin izan dituzten batzuk kalean daude. Mallorcako (Herrialde Katalanak) kasu bat datorkit burura. Gidari batek lau txirrindulari hil zituen, eta positibo eman zuen drogen azterketan. Azken finean, alkohola edo drogak tartean daudenean, ez dakit istripu deitzea egokia den. Gidariaren axolagabekeria, ardura falta, hor dago.

Beraz, zerbait aldatu behar dela uste duzu?

Gaizki egiten duenarentzat, bai. Aipatu dituen kasuetarako lege gogorragoa behar da, gidariek badutelako beren ardura. Ez nituzke gauzak nahasi nahi, baina lagun batek aipatu zidan ziur aski Altsasuko gazteek denbora gehiago emango dutela kartzelan Leongo gidariak baino. Eta Altsasukoek ez dute inor hil. Horrek erakusten du badela aldatu beharreko zerbait. Batik bat alkohola tarteko dagoenean. Ez da istripu soil bat.

Beste ezer faltan sumatzen duzu errepidean?

Seinale gehiago, adibidez, eta ikusgarriagoak. Gidarientzat eta txirrindularientzat. Bideak ere garbitu egin behar dira. Bide bazterrak zikinak egoten dira askotan: txatarra, harria, kristalak... Lehen gehiagotan garbitzen zituen Aldundiak. Azkenean, bizikletaz zoazenean bazterrak zikinak badaude, ziurrenik ez zara bazterretik joango, erdirago baizik, horrek dakarren arriskuarekin.

Gero, uste dut ertzainen presentzia handiagoak gauzak lasaituko lituzkeela. Ertzaina ikustean txipa aldatzen zaie askori, izan gidari edo txirrindulari. Arauak errespetatu egiten dira orduan. Kaskoa erabiltzeko kanpainarekin presentzia handitu zuten, eta isunekin hasi aurretik egin zuten horrelako kontzientziazio bat, jendea geldituz eta abar. Guztiok lasaiago ibiltzeko balio lezake, adibidez, presentzia horrek. Hala ere, ertzainak lege eta arau batzuen barruan aginduak betetzen dituzten pertsonak dira. Hortik gora doaz gure eskakizunak.

Txirrindularitzan dena ez da beldurra eta kezka. Kirol ederra da, ez al da horrela?

Kirol oso polita eta osasuntsua da. Badu harrapatzen zaituen zerbait. Nik, esaterako, txikitatik zaletasuna gurasoengandik jaso nuen, eta odolean sartu zait. Gauza ederrak ditu txirrindularitzak: leku asko ezagutzen dituzu, bereziki, adin batetik aurrera zikloturismoa egitean. Turismoa egiteko beste modu bat da. Bidean ere harreman asko egiten dira. Familiarekin Lizarra aldera joaten ginen opor egun batzuk pasatzera, eta han inguruan ateratzen ginen bizikletarekin. Hango jendea ere ezagutzen nuen horrenbeste urteren ondoren, eta semeak harrituta geratzen ziren. Horrek balio handia du.

Gomendatuko zenuke, beraz, txirrindularitza.

Bai, %100ean. Txikitatik hasiz gero, gainera, hobe. Azken batean, arauak lehenago ikasten dira, errepidean ibiltzeko modua eta bizikleta gaineko gaitasunak ikasten dira... Eta aurrerago ere bai. Begira, joan den astean Orexako mutiko batek eman zuen izena eskolan. Aitak bizikleta bat erosi du semearekin ateratzeko. Hori oso pozgarria da. Guraso eta seme-alaben arteko harremana indartzen duen kirol bat da, eta gauza ederra da hori.

Beldurra kentzeko modua ere izan daiteke txirrindulari eskola bat?

Dudarik gabe. Gaztetxoak, bereziki, mendiko bizikletekin herri barruan ibiltzen ohituta daude. Eta guk irakasten diegu errepidea ez dela jolasa, arau batzuk daudela. Hortaz, umetatik errepidera ateratzen badira errepide lasaietan, lagunduta eta kontrolpean beti ere, gaitasuna hartzen dute, zuzen joaten ikasten dute... Ohitura horiek txikitatik landuz gero, errepidean ere lasaiago joaten dira, arrisku gutxiagorekin.

Amaitzeko, Tolosaldeaz zer esan? Zein bide dira gomendagarrienak eskualdean?

Esan dut, eskualdean asko errespetatzen da, oro har. Bideei dagokienez, guk Goierri aldera jotzen dugu gehienbat, baita Lizartza aldera ere. Horiek dira lasaienak, alboan badirelako abiadura handiko errepide gehiago. Andoain aldera, berriz, mugimendu gehiago nabari da, enpresa gehiago daude, handiagoak dira herriak... Uda partean ere Orio inguruan mugimendu asko dago. Larraitz, Azpiroz... Zumarraga bera ere bai. Horiek dira biderik lasaienak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!