«Ez dago zertan enpresa bat sortu ekintzaile izateko; enpresan ere izan zaitezke»

Babestutako edukia 2018ko uzt. 12a, 09:14

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak bi modutara jorratzen du ekintzailetasuna; zerotik enpresa baten sorrera simulatuz, eta enpresa errealak sortzen lagunduz. Bi proiektu horien inguruan hitz egin dute Alaitz Otegi, Olatz Imaz eta Oihana Mendizabal irakasleek.

Nola jorratzen du ekintzailetasuna Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak?

Oihana Mendizabal: Ikasenpresa eta Urrats Bat proiektuak ditugu. Ikasenpresarekin enpresa baten sorreraren simulazioa egiten dute ikasgelan; Urrats Batekin, berriz, edonork buruan duen ideia gauzatzen dute, enpresa benetan sortuz. Guk, bide horretan laguntza eta aholkularitza eskaintzen ditugu. Modu batera ala bestera, bien helburua da ekintzailetza bultzatzea.

Azaldu zer den Ikasenpresa egitasmoa.

O.M.: Ekintzailetza modu praktiko batean lantzen duen metodologia berria da Ikasenpresa, ikasgai bat balitz bezala. Azken batean, Enpresa eta Ekimen Sortzaile ikasgaia ia ikastetxeko ziklo guztietan txertaturik dago. Modu horretan, enpresa bat behe-behetik sortzen ikasten dute ikasleek. Ez da erreala, baina sortu bitarteko prozesua ikasten dute, praktikan oinarrituz. Gero, beste ikastetxeekin dugun sare batean elkarbanatzen dituzte euren ikasenpresak.

Zein da Ikasenpresa sortzeko abiapuntua?

Olatz Imaz: Ideia finkatzetik hasten da prozesua. Ahal dela, zikloarekin zerikusia izatea eskatzen diegu. Bideragarria eta merkatu eskaerarekin bat datorrena ere izan behar du. Lehen urrats hori kosta egiten da, nekeza da.

Alaitz Otegi: Horretarako ideia zaparradak eta beste hainbat teknika erabiltzen dira.

Ideia finkatu ondoren, nola lantzen da prozesua?

O.I.: Enpresa horren argazki orokor bat lantzen dute, Canvas delakoa. Hainbat ideia nagusi garatu behar izaten dituzte: merkatua ikertu ostean, beren publikoa zehaztu; izaera juridikoa definitu; egunero beharko dituzten baliabide kopurua finkatu; bezeroekiko komunikazioa landu; balio erantsia markatu; konpetentzia ezagutu; gastuak eta diru-sarrerak kalkulatu; finantziazio iturriak bilatu... Beste bi puntu garrantzitsu ere badaude: enpresaren irudia eta promozioa lantzea, eta beste enpresa bazkideren bat beharko luketen aztertzea. Zentzu horretan, gainerako ikasenpresekin kolaborazioak ere bilatzen ditugu, trukeak. Laburbilduz, enpresa plan erreal bat egin behar dute, eta ez guk emandako oinarri edo egoera batetik abiatuta; beraiek proposatutako ideia batetik baizik. Amaieran balorazio bat egin behar izaten dute, ideia hori bideragarria ote den aztertzeko.

Gerta daiteke ideia zena benetako enpresa bihurtzea?

O.M.: Bai, baina ez da erraza izaten. Tolosaldeko inguru hau oso industriala da eta, egia esan, lan merkatua nahiko ondo dago. Oso zaila da Ikasenpresa batetik Urrats Bateko enpresa bat sortzea.

O.I.: Beste ziklo batzuk eskaintzen dituzten lekuetan, adibidez, ohikoagoa da: irudi pertsonala, estetika... Ziklo industrialekin baino gehiago, zerbitzuekin lotura duten kasuetan. Informatika ere izan daiteke beste alor interesgarri bat.

Urrats Bat-ekin, berriz, benetan sortzen da enpresa. Zein bide jarraitzen duzue horretarako?

A.O.: Urte osoan sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu ikasgeletan. Azaltzen diegu zer egiten dugun, eta non gauden. Foru aldundiko diru-laguntza batzuei esker, esaterako, saio bat antolatu genuen Teknikarekin batera.

O.M.: Guk hasieratik argi uzten dieguna da, laguntza ematen diegula guk, euskaraz, baina prozesua beraiek eman behar dutela aurrera. Zalantzak argitu, nora jo dezaketen esan, diru-laguntzen informazioa eman... Enpresa planak, normalean, Tolosaldea Garatzenekin egiten dituzte.

A.O.: Batzuk oso landuta izaten dute beren ideia eta, beste batzuk, aldiz, badute ideia bat, baina ez dakite nola gauzatu. Orduan, lanketa oso ezberdina da horren arabera.

Zein profiletako jendea izaten duzue?

A.O.: Ikasenpresakoak gure ikasleak dira. Gutxi-gorabehera, bost pertsonako ikasenpresa bat osatzen dute. Baina, Urrats Baten egon daiteke arratsaldetan ikastaroren batean dagoen norbait, edo ikasle ohiren bat. Bada langabezian dagoen jendea ere. Ideia bat izatea da kontua.

O.M.: Gehienak, hala ere, lan merkatutik pasatakoak izaten dira. Ideia bat ehundu dutenak, eta salto bat eman nahi dutenak.

Baduzue enpresa baten adibide adierazgarririk?

O.M.: Aurten, esaterako, ikasle ohi batek sortu duen hostel batekin izan dugu lan gehien. Lanean ari da, baina hori zen bere ametsa. Leitzaran inguruan baserri zahar bat erosi, eta berritu egin du. Proiektua aurrera eramaten lagundu diogu.

A.O.: Ikasenpresan, berriz, mila adibide daude. Lanparak, intxaur zulagailuak... egiten dituzte gainerako ikasgaietako lan erronketan, eta horien inguruko ikasenpresak sortu dituzte. Beste batzuk, adibidez, etxeetan euriaren ura aprobetxatzen duen sistema bat sortu zuten. Danbolinak, bizikletan zoazen bitartean mugikorra kargatzeko sistema bat... Gauza politak ateratzen dira.

O.I.: Urte batzuetan 3D inprimagailuari probetxua ateratzeko baliatu izan dugu. Ikasgaietan txertatzen da, baina gero ideiarik gabe geratzen dira. Etorkizuneko tresna bat da, eta beraien ikasenpresak ere hortik bideratzeko saiakerak egin izan ditugu.

Esperientziak partekatzeko sare bat baduzue.

O.I.: Bai, Teknikatik bideratutako proiektu bat da, eta tarteka beste zonaldeetako ikasenpresetako arduradunekin elkartzen gara. Kongresu orokor bat egiten dugu, eta hor lurraldeka antolatzen gara, urtero dinamikak aldatuz. Minutu bateko aurkezpena egiten dute ikasle guztiek, sortzen ari diren proiektu hori azalduz. Azoka bat ere egiten dugu, eta hor bakoitzak bere lekua du, eta produktu edo zerbitzuak saldu ditzake.

Ekintzailea da Tolosaldea?

O.M.: Eskualde honetan langabezia jaisten ari da eta, beharbada orain, ekintzaile izateko edo enpresa bat sortzeko behar hori ez da hain nabarmena. Baina guk asko lantzen dugu honakoa: ez da enpresa bat sortu behar ekintzaile izateko, denok izan gaitezke ekintzaile enpresa baten barruan. Horri garrantzia eman nahi diogu.

A.O.: Ekintzailetza zerbait transbertsala da, lanerako jarrera bat.

O.I.: Zeharkako gaitasun horiek oso garrantzitsuak dira: lidergoa, erabakiak hartzea, gatazkak konpontzea, komunikazioa... Azken finean, gaur egungo merkatua asko ari da aldatzen, eta egoera askori egin beharko diete aurre. Horregatik da garrantzitsua zeharkako gaitasun horiek garatzea. Familia enpresa asko daude hemen, eta ondorengo belaunaldiek jarraitu izan dute horrekin. Hor ere jarrera bat izatea garrantzitsua da. Hemen enpresa tradizional asko daude baina, urteen poderioz, gauzak aldatuz joan dira, eta ez dute zerikusirik. Hortaz, Tolosaldea ekintzailea da, bai, jakin duelako merkatuaren eskaerari egokitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!