Aurten Larraulen da indusketa gunea

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 6a, 11:15

Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Larraulgo udalek auzolandegia antolatu dute Saseta Defentsa sisteman, Aranzadik gidatuta

Laugarren aldiz antolatu dituzte auzolandegiak Aiztondo bailaran. 2013an egin zituzten lehen indusketak Adunan, Eusko Jaurlaritzak babestuta eta berreskuratze lanekin jarraitu beharra zegoela sinistuta, Aduna bertako, Zizurkilgo eta Asteasuko udalek segi dute egitasmoarekin. Iaz, laguntzaile bezala batu zitzaien Larraulgo Udala, eta aurten, proiektuaren parte bihurtu da. Are gehiago, bi asteotan bertako lurretan egingo dituzte indusketak eta Larraulgo udaletxean eta kultur etxean hartu dute ostatu auzolandegian parte hartzen ari diren 14 gazteak.

Astelehenean, iritsi ziren parte hartzaileak Larraulera eta Aranzadi zientzia elkarteko arduradunek eman zieten ongi etorria. Manex Arrastoa zizurkildarra eta Iñaki Altzuguren andoaindarra ariko dira begirale lanetan eta indusketa lanak Julien Blancok eta Alba Peñak zuzenduko dituzte. Astelehenean bertan, auzolandegiaren inguruko oinarrizko azalpenak eman zituen Historian doktore den Karlos Almorzak Larraulgo liburutegian. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxista gertatu eta hilabete exkaxera Aduna, Zizurkil eta Asteasuko mendietan Saseta komandantearen agindupean osatu zen defentsa sistema horretan gertatutakoak azaldu zizkien parte hartzaileei.

Toki horretan bertan uztailaren 15era bitartean ariko dira indusketa lanetan. Parte hartzaileetako bik 15 urte dituzte eta gainerakoak 18 eta 24 urte artekoak dira, historia edo arkeologia ikasten ari direnak, edo besterik gabe ikertzea afizio bezala dutenak. Udako oporraldia beste era batera pasatzea erabaki dute eta eskualdeko udalen eta Aranzadiren eskutik hainbat irteera eta hitzalditan parte hartzeko aukera izango dute datozen egun hauetan.

Hamalau parte hartzaileetatik hirurekin aritu da hizketan Tolosaldeko Ataria:

- Nagore Sanchez (Barakaldo, 1995)

- Antonio Jose Enriquez (Motril - Granada, 1997)

- Ander Otaño (Zizurkil, 1992)

 

EGITARAUA

UZTAILAK 7, LARUNBATA

16:00. Aitzol Arroyok gidatuta Irungo batailaren eta memoria historikoaren inguruko bisita Hondarribiara.

UZTAILAK 10, ASTEARTEA

18:00. Polloeko hilerrian Jose Arana borrokan hildako EAE-ANVko gudariaren omenezko plaka jartzea, Zizurkilgo Udalaren eskutik.

UZTAILAK 11, ASTEAZKENA

18:00. Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian Emakumeak frankismoan hitzaldia emango dute Amets Zalakainek eta Esti Amenabarrok.

UZTAILAK 12, OSTEGUNA

14:00. Oiartzunera irteera, Kattin Txiki elkarteko kide baten eskutik.

UZTAILAK 13, OSTIRALA

18:00. Adunako kultur aretoan, Josu Santamaria eta Joanes Karreraren hitzaldia memoria historikoaren berreskuratze lanen inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!