Egonkortze bidean ezinbesteko

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko uzt. 5a, 15:57

Eskualdeko udalek eta garapen agentziek lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte 'Tolosaldeko Ataria'-rekin

TOLOSALDEKO ATARIA-k datorren urriaren 6an bost urte beteko ditu. Tokiko euskarazko komunikabidea sortuz geroz eskualdeko udalek proiektuari euren babesa eskaini diote.

Babes hori era berezian gorpuztu zen 2015. urtean, erakundeen eta komunikabidearen artean hiru urteko hitzarmen proposamenak sinatzerakoan. Ordura arteko hitzarmenak urtebetekoak baziren ere, hiru urtekoak bihurtzeak ATARIA-ren lan jarduna egonkortu eta profesionalizatzen jarraitzeko bidea eskaini zuen.

2017. urtean hiru urtekoak amaituta, nahiz eta batzuekin urtebetekoak urtez urte berritu diren, lankidetza hitzarmenak berritzeko unea da orain. Egonkortze lanean beste pauso bat eman eta lau urteko hitzarmenen lanketa egiten ari da ATARIA oraingoan. Dagoeneko hamalau udalek sinatu dute 2018-2021 urte arteko lankidetza hitzarmena: Aduna, Albiztur, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Belauntza, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Orendain eta Zizurkil. Gainera, urtebeteko hitzarmenak onartu dituzte beste zortzik: Amasa-Villabona, Baliarrain, Berrobi, Hernialde, Larraul, Lizartza, Orexa eta Tolosa.

Nola edo hala, azpimarratzekoa da orain arte sinatutako hitzarmen guztiek iazko ekarpena mantentzen dutela, proiektuarekiko konfiantza osoa erakutsiz, inongo momentutan ezbaian jarri gabe, baita azterketa fasean daudenak ere. Izan ere, berriro guztiak berritzea aurreikusten baita.

Esan bezala, sinadura hauek estrategikoak dira bertako euskarazko komunikabidearen jardunean, egunerokoa aurrera eraman eta egonkortze lanean.

Honela hainbat helburu azpimarratzen ditu hitzarmenak ATARIA-k eta udalek elkarrekin egin beharreko bidean. Horren adibide da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko ahaleginean, udalek eta ATARIA-k bat egiten dutela euskararen erabilera eta normalizazioan eragiteko premiekin eta helburuekin, eta, asmo horren zerbitzura, herritarrak euskaraz informatzeko eskualde mailako komunikabide sarea sustatzen dutela sinaduraren bitartez. Gainera, udalek baieztatzen dute «euskararen erabilpena sustatzeko eta normalizazioan eragiteko udalek duten plangintzari ekarpen garrantzitsua egiten zaiola».

Garapen agentzien lanaren bozgoragailu

Tolosaldeko garapen agentziek, Tolosaldea Garatzenek eta Tolomedik, Tolosaldeko Landa Garapen Elkarteak, beste urtebetez babesa erakutsi diote ATARIA-ri, azken hiru urteetan bezala.

Garapen Agentzia bakoitzarekin urtebeteko lankidetza hitzarmena sinatu da. Honela, batez ere garapen agentzia bakoitzaren lan ildoari bozgorailu lana egitea bilatzen da. Bai paperean, irratian eta interneten ere, enpresa munduari zein lehen sektoreari buruzko albisteak zabaltzeko, euren lan esparruaren berri emateko baliagarri bihurtzen da TOLOSALDEKO ATARIA.

Egiten Duzuna Gara

TOLOSALDEKO ATARIA-k urte hasierarekin batera aurkeztu zuen komunikazio kanpainarekin eta azken batean, bere izaerarekin bat egiten dute aipatu hitzarmenek. «Esan, kontatu, irakurri, entzun, ikusi, erabili... TOLOSALDEKO ATARIA guztiona da. Zuk egiten duzu TOLOSALDEKO ATARIA. Gu zu gara».

Bide horretan eragiten jarraitzeko ezinbestekoak dira erakundeen aldetik etorritako aitortzak, haiek ere komunikabidea bere senti dezaten eta herritarrengana gerturatzen lagundu dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!